Arrauna

Santurtzin izango dira gaur bi liga nagusiak

Eusko Label ligako jardunaldia hamaikagarrena da, eta bigarren erdiko lehena. Euskotren ligakoa bederatzigarren jardunaldia da. Eremu berez bihurria dena haizeak zaildu dezake gehiago

Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Ez da gozoa izaten Santurtziko eremua, aldeak egoten direlako kaletik kalera, eta, gaur ere, horrela izango da ziurrenik. Han izango dira Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak, eta eremuaren berezko zailtasunei haizearena gehituko zaie, indartsu samar joko duela iragarri baitute, ipar-mendebaldeko norabidearekin, eta gero mendebaldeko joerarekin. Gainera, arratsetan gertatu ohi ez dena gertatuko dela dio iragarpenak: behera baino, gora egingo du haizeak.

Traineruentzat tranpaz beteriko estropada leku bihur daiteke gaur ere Santurtzikoa, eta ez da harritzekoa arraunlariak eta entrenatzaileak kezkati bezain mesfidati azaltzea norgehiagokara. Itsasaldiari begira ere jarriko dira, eta ikusiko dute ura behera 19:25ean dela. Ez zaie indar handirik aurreikusten itsaslasterrei, baina herenegun Lekeition ere ez ziren, berez, indar handikoak, eta aberia handi samarrak eragin zituzten estropadan. Azpiko itsasoa ere iragartzen da, ia metroko olatuekin.

Badu beste berezitasun bat gaurkoak: emakumezkoen estropada 18:15ean hasiko da (ETB 1), eta gizonena, gutxi gorabehera ordu erdi geroago, 18:45ean. Horrek esan nahi du azkeneko txanda, gutxien-gutxienik, ura gora hasita dagoela jokatuko dutela. Talde batzuek baldintza batzuetan jokatuko dute, eta besteek, beste ezberdin batzuetan.

Gizonezkoen jardunean, hamaikagarren jardunaldia dute gaurkoa, eta horrek esan nahi du bigarren erdiari ekingo diotela gaur. Konturatzerako, joana da lehiaketaren erdia, eta lanak ondoen Orio ari da egiten. Buruan jarri zen aurreneko estropadan, eta hor segitzen du, sendo, indartsu eta erregular. Hamabi punturen aldea ateratzen dio Zierbenari, hamahirukoa Hondarribiari eta hamalaukoa Santurtziri. Laurak ariko dira ohorezko txandan, eta kontuan izan behar da lau talde horiek irabazi dituztela orain arteko banderak: Oriok lau dauzka, Santurtzik eta Hondarribiak bina, eta bat Zierbenak.

Bigarren txandan joango dira Donostiarra, Urdaibai, Ondarroa eta Cabo. Bi lehia daude hor: bi aurrenekoen artean lau puntuko aldea baino ez dago, eta txikiagoa da beste bien artekoa, puntu ale bakarra duelako alde Ondarroak Caborekiko. Aurreneko txandan, Kaiku, Isuntza, Astillero eta San Pedro aterako dira. Azke hiruren arteko lehia estua bada ere, larrien azken biak doaz, jaitsierari ihes egin nahian. Puntu bat gehiago dauka Astillerok San Pedrok baino.

Euskotren, azken txanpara

Emakumeen estropadak ere izango du mamia, nahiz eta Orio nagusi den, bandera bat ez beste guztiak irabazi baititu. Gaur ere faboritoa da, baina eremuaren bihurrikeriek lehia zabaldu egin dezakete. Bederatzigarren jardunaldia dute, eta, gaurkoa jokatu ondoren, bost baino ez zaizkie geratuko amaitzeko. Oriok sei punturen aldea ateratzen dio Arrauni. Kanporaketari ihes egiteko lehian, Donostiarra da bi puntu goitik Hondarribiaren aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.