Derbia dator hurrena

Realak Osasuna hartuko du Espainiako Kopako final-zortzirenetan, eta Athletic Tenerifen ariko da. Reala-Madril eta Athletic-Granadilla dira emakumeen lehiak

Mikel Merino, Oier Sanjurjo eta Ander Gebara, lehian, Osasunak eta Realak abenduaren 21ean Sadarren jokatutako norgehiagokan. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Reala eta Osasuna aurrez aurre izango dira Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Anoetan jokatuko dute, datorren ostegunean, 21:00etan. Asteartean, 19:00etan, zen jokatzekoa, baina aldatu egin zuten, Realak bi lehia jokatu behar baitzituen 48 ordu baino gutxiagoko tartean —etzi jokatuko du—. Hori egiteko, Osasuna otsailaren 2an, igandean ariko da Vila-realen aurka, 18:30ean.

Atzo egin zen zozketa; eta tartean ziren Lehen Mailako hamar talde, Bigarren Mailako sei eta Bigarren B Mailako bi. Gipuzkoarren eta nafarren bolak izan ziren irteten azkenak, beraz, elkarren aurka ariko dira. Zorte hobea izan zuen Athleticek, Tenerife Espainiako Bigarren Mailako taldea egokitu baitzitzaion. Elx kanporatzeko gorriak ikusi ostean, bizkaitarrek aukera ona dute itxura sendoagoa eman, eta txapelketan aurrera egiten jarraitzeko. Aurrenekoz jokatuko dute elkarren aurka Kopan. Kanaria uharteetan (Espainia) jokatuko da lehia, asteartean, 21:00etan.

Atera ziren maila apalagoetako taldeen izenak, eta Reala eta Osasuna beren aurkariak ezagutu zain zeuden oraindik. Bazekiten Lehen Mailako talde bat egokituko zitzaiela, eta bere txarrean, Bartzelona saihestu zuten. Alabaina, derbia ere ez da neurketa samurra izango bietako inorentzat. Realak, gutxienez, alde izango du etxean jokatuko duela, haren bola aurretik atera zelako. Aurreko kanporaketan ere zaleen hauspoa jaso ahal izan zuten, Espanyolen kontra. Osasuna, berriz, dagoeneko ohitu da etxetik kanpo aritzera, laugarrenez ariko baita Sadartik urrun.

Bide oso ezberdinak hartuta iritsi dira final-zortzirenetara. Donostiarrek aise kaleratu zituzten Becerril (0-8) eta Ceuta (0-4), eta Espanyolen aurka ere beren legea ezarri zuten (2-0). Iruindarrek, ordea, komeriak izan dituzte azkeneko bi kanporaketetan. Lehenik, aise gailendu zitzaizkion Lorcari (0-3), baina gero, sufrimenduaren bidetik kanporatu zituzten Haro (1-2) eta Recreativo Huelva (2-3), kontrako emaitzak iraulita. Espainiako Ligan, 2019ko azkeneko partidan izan ziren aurrez aurre Osasuna eta Reala, Sadarren, eta txuri-urdinek irabazi zuten (3-4). Hiru lagunarteko ere jokatu dituzte denboraldi honetan: 2-0 Irunen (Gipuzkoa) Realaren alde; 0-0 Taxoaren; eta 0-1 Zubietan.

Zozketaren harira, «gustura» agertu zen atzo Imanol Alguacil. «Kanporaketak ikusi ondoren, aurkariak berdin zidan. Derbi polita da, eta etxean jokatuko dugu. Horrek beti laguntzen du». Osasuna eta Reala zazpi aldiz izan dira aurrez aurre Kopan; seitan gipuzkoarrak sailkatu dira, eta behin bakarrik nafarrak, azkenekoz topo egin zuten aldian: 1996-1997ko denboraldian.

Athletic da Kopan bizirik jarraitzen duen beste euskal taldea. Kanaria uharteetara bidaiatu beharko du, Teneriferen kontra jokatzeko. Bigarren Mailako taldea da Tenerife —17. postuan da—, baina horrek ez du esan nahi aurkari erraza izango denik. Maila berean dihardu Elxek, eta sekulako lanak eman zizkion Athletici aurreko kanporaketan. Hori horrela, oso serio hartu beharko dute Heliodoro Rodriguez Lopez estadioan jokatuko den partida.

2009ko irailean jokatu zuen bertan azkenekoz, ligan: 1-0 galdu zuen. Egun, Tenerifen dabil Iker Undabarrena, Lezamako harrobian hazitako jokalaria. 2018an joan zen hara, Joseba Etxeberriak hala eskatuta. Elgoibartarrak, hain zuzen, 22 lehia zuzendu zituen Espainiako taldearen aulkian, Athletic B-k fitxatu aurretik.

Gaizka Garitanok ez zuen eman nahi izan kanporaketaz iritzia. «Espanyolen aurkako partidak bakarrik axola digu orain. Gero, hasiko gara pentsatzen beste kontuen inguruan».

Zorte ona zozketan

Emakumezkoetan, berriz, Realak Madrilen aurka jokatuko du final-zortzirenetan, eta Athleticek, Granadillaren aurka. Otsailaren 11n, 12an edo 13an jokatuko dira norgehiagokak, eta bi euskal taldeek abantaila izango dute, etxean ariko baitira. Horregatik, faborito dira, baita denboraldi honetan batzuk eta besteak egiten ari diren lanagatik ere: Reala eta Athletic laugarren eta bosgarren postuan daude sailkapenean, hurrenez hurren, eta Granadilla eta Madril, hamargarren eta hamabigarren. Partida bat gutxiago jokatu arren, txuri-urdinek Madrilek baino hamar puntu gehiago lortu dituzte; zuri-gorriek, berriz, Granadillak baino zazpi puntu gehiago dituzte. Sasoi honetan jada jokatu dute elkarren aurka: Realak 5-0 irabazi zion Zubietan Madrili; Athleticek, aldiz, 1-0 galdu zuen Tenerifen. Kopan, ordea, etxean ariko dira zuri-gorriak, eta alde hori aprobetxatu behar dutela esan zuen atzo Angel Villacampa entrenatzaileak. «Etxean jokatuko dugu, eta hori abantaila da. Halere, adi-adi egon beharko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.