Udako lanak, neguan

Fran Garagarza Eibarreko kirol zuzendariak balorazio ona egin du neguko fitxaketen aldiaz, «indartu beharreko postuak» indartu dituztelakoan

Sebastian Cristoforo, ezkerretik bigarrena, Eibarrek Atletico Madrili sartu zion bigarren gola taldekideekin ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Neguko fitxaketen azoka amaitzen den aldiro egin ohi duen bezala, Fran Garagarza Eibarreko kirol zuzendariak aldi horren balorazioa egin zuen atzo. Sebastian Cristoforo euskarria eta Rafa Soares ezker hegaleko atzelaria ekarri ditu klubak, eta taldetik ez da inor joan: «Inork ez digu eskatu joaten uzteko». Esan zuen «pozik» daudela fitxaketa azoka honekin.

Bi fitxaketen inguruan, adierazi zuen «adin onean» dauden bi jokalari direla —Cristoforok 26 urte dauzka, eta Soaresek 24—, eta «gaurko eta etorkizunerako» jokalariak direla, «baldin eta biek gurekin jarraitzeko erabakia hartzen badugu datorren udan». Izan ere, utzita ekarri dituzte biak, gero erosteko aukerarekin. «Azkar egokituko dira taldera», gaineratu zuen, eta iradokiudara begira zebiltzala haien atzetik: «Udan ekarri beharrean, orain geureganatzeko aukera tokatu zaigu parean bien kasuan, eta aukera on horri heltzea erabaki dugu».

Bi fitxaketak egiteko erabakia «adostua» izan dela kontatu zuen, idazkaritza teknikoaren eta lehen taldeko entrenatzaileen arteko elkarlanean. Orain, 24 jokalari dauzka Jose Luis Mendilibarrek, eta behin baino gehiagotan esan izan du jokalari asko edukitzea ez zaiola gustatzen. Garagarzak bat egin zuen horretan: «Garai honetan, inoiz ez ditugu hainbeste eduki, eta, alde ona duen bezala, lehiakortasuna ekarriko duelako postu guztietara, kezka pittin bat ere eragiten digu, ez delako erraza 24 jokalari kudeatzea». Berehala heldu zion kopuru hori edukitzeko erabakia hartzearen oinarrian dagoen beste eragile bati, lehiakortasuna handitzearenaz gain: «Lesio asko ari gara izaten, eta tentuz jokatzeagatik ere erabaki dugu».

Ez zuen argi utzi ea nahi zituzten jokalari guztiak dauden ugaritze horretan. Hain justu, onartu egin zuen begira ibili direla aurrelariren bat ekartzeko: «Baina nahi den guztia ezin da ekarri, ahal dena baizik, oso zaila baita azoka hau, gero eta zailagoa». Taldeko lau aurrelariei konfiantza emateko nahia ere badagoela adierazi zuen: «Datu hotzak dira iaz garai honetan baino zortzi gol gutxiago dauzkagula sartuta, eta Orellana erdilaria dela golegile onena bost golekin, baina konfiantza eman nahi izan diegu Enrichi, Kikeri, Charlesi eta Quiqueri. Ondo gaude lau aurrelari horiekin».

Orellana lotzea lehentasun

Taldearen kudeaketa ez da neguko fitxaketa aldian geratzen, etengabeko lana baita, eta, kontratu berritzeen arloan, Garagarzak onartu zuen hizketan ari direla Txileko jokalariarekin eta haren ordezkariarekin: «Ari gara urrats txikiak egiten kontratua luzatzeko, eta orain ezin dut gehiago esan». Antzeko egoera batean dauden beste jokalari batzuekin orain hasiko dira hizketan, Garagarzak esandakoaren arabera.

Denen beharra izango du Eibarrek Lehen Mailan jarraitzeko helburua lortzeko, eta Ipuruako jarduna erabakigarritzat jo zuen: «Hamasei partida falta zaizkigu, eta zortzi dira etxean; haietako lau, aurkari zuzenen aurka. Zaleen babesa eskatu nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.