Jerusalem ekialdean 6.200 etxeko bi kokagune iragarri ditu Netanyahuk

Kokaguneetako batek eten egingo luke Jerusalem ekialdea Zisjordaniarekin lotzen duen eremu ireki bakarra. PANek salatu du bi estaturen konponbidea eta bakea ezinezko bihurtu nahi dituela Israelek

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa —eskuinean—, Jerusalemgo Har Homa kokagunearen parean, joan den ostegunean. DEBBIE HILL / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak nazioarteko legediaren kontrako hirigintza plan bat iragarri zuen, herenegun, hauteskunde kanpaina betean. Adierazi zuenez, Jerusalem ekialdean 6.200 etxebizitza eraikitzeko proiektua garatuko du, 1967ko gerraz geroztik Israelek Jerusalemen okupatuta dituen bi gunetan. Palestinako agintariek oharatarazi dute proiektuak bakea lortzeko aukera suntzitsen duela.

Netanyahuren planak Donald Trump AEBetako presidentearen babesa du. Trumpek Israelentzat eta Palestinarentzat urtarrilean aurkeztu zuen planak Jerusalem «zatitu gabeko hiria» izatea aurreikusten du, eta Palestinaren hiriburua Jerusalem kanpoaldeko eremu sakabanatu batzuetara mugatzen du. «Jerusalem bateratuaren zatiak elkartzen ari gara», adierazi zuen Netanyahuk ostegunean. Horrez gain, Trumpen planak ontzat jotzen ditu Israelek orain arte eraiki dituen kokagune guztiak.

Netanyahuren planaren arabera, Jerusalem ekialdeko bi gunetan eraikiko dira etxebizitza berriak: 4.000 etxe Givat Hamatos kokagunean, eta 2.200 Har Homa kokagunean. Givat Hamatoseko 4.000 etxeetatik mila herritar arabiarrentzat izango lirateke.

Kokagune horretako proiektuak eten egingo luke Jerusalem ekialdea Betleemekin eta Zisjordania hegoaldearekin lotzen duen eremu irekia. Jerusalem ekialdea —Palestinak beretzat aldarrikatzen duen hiriburua— bakartuta geldituko litzateke Palestinaren gainerako lurraldeen aldean. Kritikoen esanetan, egoera horrek bideraezina bihurtuko luke bi estaturen konponbidea.

Givat Hamatosen eraikitzeko proiektua ez da berria. Netanyahuk 2015ean onartu zuen, baina geldiarazi egin zuen, Barack Obama orduko AEBetako presidentearen presioen ondorioz. Orain, Trumpen babesak hauspotuta, plana berpiztu du. «Nazioarteko oposizio sutsuari egin diogu aurre. Oztopo guztiak gainditu ditugu», adierazi zuen Netanyahuk.

Jakinarazi zuenez, Givat Hamatosen lehen mila etxebizitzak egiteko esleitze prozesua laster abiatuko du. Har Homa kokagunekoak, berriz, planifikazioaren lehen fasean daude, eta urteak beharko dira eraikitzen hasteko.

PAN Palestinako Aginte Nazionalak kokaguneen proiektua salatu du. Ohartarazi du Israel bi estaturen konponbidean oinarritutako «bakerako aukera suntsitzen» ari dela. PAN esanetan, proiektua gauzatzen bada, Jerusalem ekialdea bakartuta geldituko da, eta, ondorioz, «ezabatu egingo du estatupalestinar subirano eta bideragarri baterako aukera».

Josep Borrell EBren diplomaziaburua Riyad al-Maliki PANeko Atzerri ministroarekin bildu zen, atzo, Bruselan. Borrellek aitortu zuen PANek baduela elkarrizketei berriz ekiteko borondatea, eta Israelen eta Palestinaren arteko akordioa gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa dela nabarmendu zuen. EBko ordezkaria prest agertu zen bi herrialdeekin eta nazioarteko beste eragile batzuekin batera konponbide prozesu bat sustatzeko, «nazioarteko zuzenbidearen irizpideen araberako» irtenbide bat lortzeko, «bi aldeentzako eskubide berak» ziurtatuko dituena, eta bientzako «onargarria» izango dena.

Israelek Trumpen babesa baliatu du Palestinako lurrak okupatzen segitzeko eta kokaguneen hedatzea areagotzeko. Horren adibide, Israelgo Gobernuak etxebizitzak eraikitzeko egin dituen lizitazioak. Kopuruak gora egin du azken urteotan: 2016an, Obamaren agintaldiko azken urtean, Tel Avivek 42 lizitazio atera zituen; 2017an, Trump boterera iritsi zenean, 3.154 lizitazio, eta, 2018an, are gehiago, 3.808.

Hauteskunde kanpaina

Netanyahuk kanpainako agerraldi batean iragarri zuen Jerusalem ekialdeko kokaguneen proiektua, hauteskundeetarako 11 egunfalta zirela. Martxoaren 2an egingo dituzte bozak Israelen, urtebetean hirugarrenez. Jardunekolehen ministroak kargua berritzea du jokoan.

Kanpainan iragarri duen proiektua boto emaileen babesa lortzeko keinu gisa interpreta daiteke. Izan ere, Netanyahuk gidatzen duen Likud alderdiak zentroko Urdina eta Zuria koalizioa izango du aurkari —Benny Gantz Israelgo armadaren buru ohia hautagai nagusi duen indarra—, eta Netanyahuk beharrezkoa du eskuineko bozkatzaileen parte hartzea sustatzea.

Lehen ministroa auzipetuta dago ustelkeriagatik, iruzurragatik eta konfiantza abusuagatik. Martxoaren 17an da hastekoa haren kontrako epaiketa, baina ziurtzat jo daiteke martxoaren 2ko bozetan diputatu izatea lortuko duela eta, beraz, immunitatea eskuratuko duela. Aldiz, ez dago argi, auzipetuta egonik, Israelgo Auzitegi Gorenak gobernua osatzeko ahalmena aitortuko dion ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.