FARC alderdia irten egin da Kolonbiako bake akordioak egiaztatzeko batzordetik

AEBek Bakerako goi ordezkariak Kuba «terrorismoaren aurka laguntzen ez duten estatuen zerrendan» sartzea txalotzeagatik hartu du erabakia indar politikoak

FARC alderdiko buruzagiak, artxiboko argazki batean, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek egindako urratsak ondorioak izan ditu Kolonbiako bake prozesuan. Washingtonek Kubaren aurkako beste neurri bat hartu zuen joan den asteartean, «terrorismoaren aurka laguntzen ez duten estatuen zerrendan» sartuta. Horretarako argudiatutako arrazoia, berriz, zera da: 2017. eta 2019. urteen artean Kubara bake elkarrizketetan parte hartzera joandako ELN Nazioa Askatzeko Armada gerrillako kideak Kolonbiara estraditatu ez izana, Bogotaren eskaerei entzungor eginez. Kolonbiako Bakerako goi ordezkari Miguel Ceballosek txalotu egin du AEBen erabakia. Aldiz, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdiak gaitzetsi egin du AEBen erabakia, baita Kolonbiaren erantzuna ere, eta bake akordioak egiaztatzeko batzordetik irtetea erabaki du protesta gisara.

«Miguel Ceballosek ez dirudi Bakerako goi ordezkari bat, gerrarakoa baizik. Poztu egiten da Kolonbiako bake akordioak bermatu zituen herrialde bat terrorismoa babesten dutenen zerrendan sartu izanaz», adierazi zuen alderdiak.

Ivan Duque Kolonbiako presidentearen gobernuak behin baino gehiagotan eskatu izan dio Kubari ELNren talde negoziatzaileko buru Israel Ramirez Pineda Kolonbiara estraditatzeko. Habanak, ordea, atzera bota ditu haren eta gerrillako beste bederatzi kideren aurkako estradizio eskariak, bake negoziazioetarako protokoloak oinarritzat hartuta. AEBen eta haren aliatu den Kolonbiaren arabera, horrek «frogatzen du» Kubak ez duela «partekatzen ELNren gisako talde terroristen aurkako irizpidea».

Kolonbiako Gobernuak bertan behera utzi zituen ELNrekiko bake elkarrizketak iragan urteko otsailean, gerrillak Bogotako polizia eskola baten aurkako atentatu bat aldarrikatu ostean —22 hildako eta 60 zauritu eragin zituen erasoak—. Hori argudiatuta eskatu du Bogotak elkarrizketetan parte hartu zuten ELNko hamar kide estraditatzeko. Baina, Kubaren arabera, hizketetarako protokoloak zehazten du horiek etengo balira ere gerrillariak ez lituzketela estraditatu edo atxilotuko.

Kuba ez ezik, Washingtonek Venezuela ere sartu du bere zerrenda beltzean. Bi herrialdeak «terrorismoa bultzatzen duten estatuen zerrendan» sartzeko lehen urratsa litzateke hori. Horrez gain, lehen zerrenda horretan sartua izan ostean, Kubak ezingo luke inolako armarik inportatu AEBetatik, baina lehendik ere bi estatuen arteko merkataritza harremanak etenda daudenez, erabakiak ez du zuzeneko ondoriorik.

Etxe Zuriaren esku

Azken hitza Washingtonen esku dago orain. Etxe Zuriak Europako Batasunaren babesa nahiko luke azken urratsa egin aurretik, baina Bruselak lehen ere kritikatu izan du hark Kubarekiko duen jarrera, eta ez dirudi oraingo iritzia aldatuko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.