Taiwango presidentea prest agertu da Hong Kongeko manifestariei laguntzeko

Eskualdeko abokatuen elkargoak Txinari ohartarazi dio ez duela segurtasun legea sustatzeko eskumenik. Asteburuko protestetan 180 lagun atxilotu dituzte

Hong Kongen herenegun atera ziren kalera Txinako Gobernuak onarrarazi nahi duen segurtasunari buruzko lege proiektuaren aurka. JEROME FAVRE / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Txinako Herri Asanblea Nazionalak asteon onartuko duen segurtasunari buruzko lege proiektuaren aurrean, Hong Kongeko «demokraziaren aldeko» manifestariek Taiwango Gobernuaren babesa izango dute, Tsai Ing-wen irla horretako presidenteak herenegun jakinarazi zuenez: «Taiwan Hong Kongekin dago, eta laguntza emango die beharra duten herritarrei».

Protestari horientzat, Tsaik emandako sostengua pauso garrantzitsu bat da nazioarteari begira, Ameriketako Estatu Batuek har dezaketen jarreraren zain—Hong Kongek estatus berezia du hango legedian—. Hong Kongen eta Taiwanen arteko harremana estutuz joan da egungo estatuburua agintera iritsi zenetik —independentista da, eta bozak bigarrenez irabazi ditu aurten—, irlako herritarren artean ere gailendu egin baita manifestarien aldeko jarrera. Horrek, aldi berean, gaiztotu egin ditu Pekinen eta Taipeiren arteko harremanak, eta Txinak Hong Kongeko eta Taiwango independentistei egotzi die elkarlanean aritzea independentzia lortzeko.

Tsaik ez du inoiz ezkutatu Txinako eskualde administratibo horretako protestarien aldarrikapenen alde dagoela, eta, horregatik, uste du Pekinek aurkeztu duen lege proiektua kaltegarria izango dela: «Legea [Hong Kongen] aplikatzen badute, demokraziaren, askatasunaren eta independentzia judizialaren oinarrizko balioen amaiera izango da», adierazi zuen agintariak Facebook sare sozialean.

Hong Kongek 1997an utzi zion Erresuma Batuaren kolonia izateari, eta orduan bilakatu zen Txinaren eskualdeetako bat, estatus politiko berezi batekin: Herrialde bat, bi sistema esan ohi zaio. Horren arabera, Hong Kongek autonomia handiagoa du, eta sistema ekonomiko desberdina, kapitalista; Londresek eta Pekinek adostu zituzten xehetasunak duela 23 urte, eta Oinarrizko Legean irudikatu, eskualdeko konstituzioaren baliokidean.

Praktikan, urteek aurrera egin ahala, Txinako Gobernua gero eta gehiago sartu da hongkongdarren egunerokoan eta politikan, eta, desegonkortasunaren ondorioz, milaka herritar eskualdetik atera dira, besteak beste, Taiwanera; datu ofizialen arabera, aurtengo urtarriletik apirilera 2.383 hongkongdarrek egin dute bide hori, iragan urteko epe berean baino %150 gehiago.

Gainera, Taiwanek Hong Kongekin eta Macaorekin duen harremana arautzeko legedia ez da Txinarekin duenaren berdina, eta, hortaz, bi eskualde administratibo horietako herritarrek errazago dute alde batetik bestera bidaiatzea eta inbertsioak egitea. Baina, Pekinek segurtasun legea aplikatuko balu, Taiwango presidenteak ohartarazi zuen aldaketak egongo liratekeela Txinarekiko eta Hong Kongekiko harremanetan: «Espero dugu Hong Kongekoa ez dela egoera horretara iritsiko, eta adi egongo gara datozen egunei begira. Beharrezko neurriak ere hartuko ditugu».

Legezko aldaketak

Zehazki, Taiwango Gobernuak Hong Kongekiko eta Macaorekiko harremanak finkatzen dituen araudiaren 60. artikulua erabiliko luke: horrek modua emango lioke, esaterako, araudi hori bera ezeztatu, eta Hong Kongeko protestariei aterpea emateko.

Horretarako, baldintza bakarra behar lukete, Txinaren eta Hong Kongen arteko harremana aldatzea; Taipeiren arabera, horixe gertatuko da segurtasun legearekin, baina Pekinek argudiatu du hori indarrean egonda ere eskualde administratiboak ez duela autonomiarik galduko. Lege proiektua onartuz gero, Hong Kongen debekatuta egongo lirateke, besteak beste, «ekintza separatistak eta terroristak», eta Txinako zerbitzu sekretuek aukera izango lukete eskualde administratibo horretan postuak finkatzeko.

Berez, Hong Kongeko Kontseiluari zegokion segurtasunari buruzko lege proiektua onartzea, baina Txinako Gobernuak pazientzia galdu du, eta asteon egiten ari diren urte politikoa hasteko bilkuran aurkeztu du, Herri Asanblea Nazionalak baiezkoa eman diezaion. Hong Kongeko Abokatuen Elkargoak atzo salatu zuenez, hori legez kanpokoa da, ganbera horrek testua onartzeko eskumenik ez duelakoan.

«Demokraziaren aldeko» manifestariak iragan asteburuan itzuli ziren kalera protesta egitera, oraingoan Pekinen asmoen aurka, eta, Poliziak atzo jakinarazi zuenez, gutxienez 180 lagun atxilotu zituen, «legez kanpo elkartzeagatik» eta «ordenarik eza eragiteagatik».

Hain justu, gertakari horiek lirateke, John Lee Hong Kongeko Segurtasun ministroak atzo adierazi zuenez, «terrorismoa» handitzen ari den erakusleetako bat: «Munduko hiri seguruenetako bat zen Hong Kong, eta, hilabete gutxian, indarkeriaren itzalak estalitako hiri bilakatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.