Enrichek eta Lunak onartu egin dute bideoa grabatu zutela

Eibarreko jokalariak eta jokalari ohiak damua azaldu dute, eta Silvestreri leporatu diote bideoa zabaltzea. Bost urtetik bira jaitsi diete kartzela zigorraren eskaria

Bizkarrez, ezkerretik eskuinera, atzoko epaiketan, Donostian: Eddy Silvestre, Sergi Enrich eta Antonio Luna. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Egindakoaz damututa nago; barkamena eskatzen diot neskari, eta bideoa ezin dut ikusi ere egin, oso gogorra delako». Hori deklaratu zuen atzo, beste gauza askoren artean, Sergi Enrichek, Donostiako epaitegian. Haren atzetik, Antonio Lunak, negarrari eutsi ezinda eta deklarazioa une batez etenez: «Egin genuena ez genuen inori min emateko egin».

2016ko apirileko egun batean, Lunaren Eibarreko etxean, bi jokalariek eta neska batek hiruren onespenarekin izandako sexu harremanak neskaren baimenik gabe grabatu izanaz ari dira orduan Eibarreko jokalari ziren biak —Enrichek taldean jarraitzen du oraindik—. Horrenbestez, damua azaldu zuten atzo, egindako guztia onartzeaz gain. Baita bideoa Eddy Silvestre taldekide ohiari bidali izana ere. Horregatik, eta biktimari akusazio partikularrak eskatzen zuen baino kalte-ordain handiagoa emateagatik —110.000 euro—, zigor eskaria murriztu zieten fiskalak eta akusazioak: bost urtetik bi urtera jaitsi diete kartzela zigorraren eskaria —epaia hori balitz, ez lukete joan beharko—. Gaur jarraituko du hiruren aurkako epaiketak, txostenak irakurriz alde guztiek, eta epai zain geratuko da.

Enrichek eta Lunak neskaren baimenik gabe grabatu zuten bideoa zabaldu izana Silvestreri leporatzen zaio. Azken horren kasuan, fiskalak kartzela zigorraren eskariari eutsi dio: bi urte eta egun bat. Akusazioak gauza bera egin du, hasierako eskariari eutsiz: hiru urteko kartzela zigorra.

Ordu eta erdiko atzerapenarekin hasi zen epaiketa. 09:30ean zegoen iragarrita, baina akusatuak, haien abokatuak, fiskala, akusazioa eta epailea ez ziren aretora sartu ia 10:30ak arte. Berrogei bat minutuz egon ziren barruan, eta gero hasi zen epaiketa. Kanpoan zeuden bitartean, Luna eta Enrich elkarrekin solasean aritu ziren. Bakarrik eta bakartua, aldiz, Silvestre.

Enrich hasi zen deklaratzen. Fiskalaren eta akusazioko abokatu Iñigo Iruinen galderei erantzunez, aitortu beharreko guztia aitortu zuen, eta Silvestreri leporatu zion bideoa zabaltzea. Gauza bera egin zuen Lunak ere, eta 2015eko uztailetik 2016ko urtarrila arte Eibarren taldekide izan zuena jo zuen bideoa zabaldu izanaren errudun. Lunak eta Enrichek aitortu zuten biktimak eskatu egin ziela ez grabatzeko bideoan sexu harremanak. Baina ez zioten kasurik egin: Lunak Enrichen sakelako telefonoa erabili zuen horretarako. Neskak bideoa borratzeko eskatu arren, hori ere ez zutela egin aitortu zuten. Are gehiago, Silvestreri, «berari bakarrik», hurrengo orduetan bidali ziotela azaldu zuten, ordurako taldekide ez bazen ere: «Ondo konpontzen ginen; konfiantza geneukan», azaldu zuen Enrichek.

Lunak gaineratu zuen sexu harremanak izan eta hurrengo egunean gezurra esan ziotela neskari: «Esan genion bideoa ezabatu egin genuela». Gauza bera deklaratu zuen Silvestrek: «Bideoa jaso eta segituan ezabatu nuen, neska laguna alboan nuelako». Kontatu zuenez, Eibarreko jokalarien taldetik hartu zuen bideoa, beste bien bertsioa ukatuz.

Neskari eragindako kalteak

2016ko urrian, urte erdi lehenago gertatu zen guztia jakin zen, bideoa azaldu zenean bazter guztietan: sare sozialetan, sakelakoetan eta hedabideetan. Biktimari lagun batek esan zion, eta unean bertan «ai ama, ai ama» oihukatzen hasi zen, «negar batean», lagun horrek atzo lekuko gisa deklaratu zuenez. «Berehala deitu zion Enrichi, eta eskatu zion geratzeko guztia, zer egin zioten oihukatuz». Deia bukatu, eta salaketa jarri zuen Ertzaintzan.

Tratamendu psikiatrikoa jaso behar izan zuen, eta horren berri eman zuen atzo Mariasun Landa psikiatrak: «Panikoa zeukan, beldurtuta zegoen». Botikez gain, bestelako tratamendu hau jarri zion: «Ingurukoei esan nien ezin zutela bakarrik utzi. Telefonoa kentzeko ere agindu nien, ez zezan ezer irakurri, ikusi edota jaso bideoaz». Iruin abokatuak galdera bere lekukoari, Landari: «Noiz arte tratatu zenuen?». Erantzuna: «Bere buruaz beste egiteko osagai guztiak zeuzkan neskak, eta arrisku hori gainditu zuen arte jardun nuen hura zaintzen».

Psikiatra azkena izan zen deklaratzen atzoko saioan. Aldeek ondorioen berri eman zuten gero: fiskalak eta akusazioak azaldu zuten zergatik jaitsi zituzten zigor eskariak, eskari berriak zehazteaz gain. Hiru akusatuen abokatuek onartu egin zituzten, ñabardura Silvestreren abokatuak egin bazuen ere: «Nire bezeroak ez zekien horrelako bideoak ezin direnik zabaldu». Hura baita orain kartzelara joateko aukera gehien duela. Iruinek, saioa amaitzean, poza adierazi zuen hedabideen aurrean: «Lortu dugu akusatuek onartzea egin zutena, eta damua azaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.