Premia Eibarrek dauka

Athletic Kopako finaleko zurrunbilotik aldentzen ahalegindu da derbia ondo prestatzeko. Eibarrek presiopean prestatu du San Mameseko lehia

Rober Correa erdiraketa bat egiten, Iker Muniain oztopoa jartzen saiatzen ari dela, Ipuruan, lehen itzuliko partidan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Athleticek eta Eibarrek oso baldintza ezberdinetan egingo diote aurre San Mameseko derbiari: bi taldeetan dagoen giroa ezberdina da oso. Lezaman lasaitasuna eta ilusioa nagusitu dira. Marcelinok baldintza onetan prestatu du neurketa. Atxabalpen ere gustura aritu dira armagin?ak. Lan ona egin dute. Baina taldearen inguruan dagoen giroa ez da egokia. Jaitsierako postuetan dagoen talde baten egunerokoa inoiz ez baita erraza izaten.

Athleticen inguruan, Espainiako Kopako finalak aurrea hartu dio euskal derbiari. Aste guztian ez da beste konturik izan. Eibarren kontrako neurketaren gainean ez da hitz egin. Jokalariek ere nabaritu dute: haien bueltan, besterik ez dago. Bada, bi aste barru jokatuko den neurketa bati begira egoteak ez du laguntzen gertuen dagoen erronka prestatzen. Hortaz, Marcelinok bi zeregin izan ditu aste honetan: Eibar mendean hartzeko egin beharreko lan guztia egiteaz gain, jokalarien burutik kentzen ahalegindu da Athleticek apirilean jokatuko dituen bi final. Realaren kontrakoa prestatzeko, nahikoa denbora izango dute, eta zer esanik ez Bartzelonaren aurka jokatu beharrekoari aurre egiteko.

Sasoiko erronka nagusietara indartsu eta konfiantzaz gainezka heltzeko aurrez egindako lanak asko balio duela esan ohi da. Bide horretan, lagundu dezake Eibarren kontrako neurketak aho zapore ona uzteak. Pentsatzekoa da Marcelinok argi izango duela zer hamaikako zelairatuko duen Cartujako lehen finalean, baina zalantzaren bat badauka, gaurko lehia erabakigarria izan daiteke. Beraz, jokalari zuri-gorriek hobe lukete euren onena emango balute. Neurketak eskatzen duen intentsitatearekin aritzen ez badira, ez dira gustura geldituko, eta, gainera, min hartzeko arrisku handiagoa dute. Jokalariak motibatzeko sailkapenari erreparatzeak ez baitirudi estrategiarik onena. Marcelinok zazpigarren postua eskuratzeko aukera erabili du arrazoi nagusi gisa jokalariak erne mantentzeko. Baina aukera horrek indarra galdu du azken emaitzen ostean. Vila-realek Athleticek baino sei puntu gehiago ditu, eta tartean beste talde batzuk sartu dira. Ezinezkoa dirudi. Ez da posible izango, besteak beste, Marcelinok taldearen ardura hartu zuenetik hamahiru puntu baino ez dituelako irabazi. Hamahiru puntu azken hamar partidetan gutxi da Europarekin amets egiteko. Athletic ondo ari da lehiatzen, baina puntu gutxi irabazi ditu. Zergatik? Behar baino gol gehiago sartzen dizkiotelako. Marcelinoren aginduetara taldeak erasoan aurrerapausoa eman arren, ez da talde zuri-gorria gol asko sartzen dituen talde bat. Beraz, atzean sendo aritu ezean, nekez lortuko ditu esperotako emaitzak.

Mendilibarri babesa

Eibarren Administrazio Kontseiluak Jose Luis Mendilibarri babesa erakusteko kaleratutako oharra izan da asteko berri nagusia. Berez, ez da albiste ona. Erakusten du taldea ez dela ari helburuak lortzen. Baina, beste klub askotan ez bezala, klub armaginean ez dirudi teknikaria kaleratu aurreko oharra denik. Eibar apala da, eta Mendilibarrek asko eman dio taldeari. Hortaz, pentsatzekoa da, onerako zein txarrerako, klubak eta teknikariak batera egingo dutela bidea sasoia amaitu bitartean.

Gainera, gorengo mailan dagoenetiko unerik zailenetako batean egon arren, dena ez dago galduta. Besteak beste, emaitza bolada txarrean badago ere, taldeak ez duelako eman galduta dagoenaren itxura. Jota dago, baina hilda ez. Eibar jaitsierako postu batean dago, azken hamar partidetan ez du garaipenik eskuratu, azarotik ez du etxetik kanpo irabazi, San Mamesen ez du inoiz irabazi... dena kontra duela dirudi, eta, hala ere, bizirik dago. Lortu dituenak baino puntu gehiago eskuratzeko lana egin baitu. Baina gorengo mailan ezinbestekoa da bi areetan asmatzea. Eta Eibarri asko kostatzen zaio golak sartzea, eta behar baino erraztasun gehiago ematen ditu defentsan.

Hamaikakoei dagokienez, Athleticen In?igo Martinez taldera itzuliko da, lau partidako zigorra bete ostean. Capa ere prest dago. Eibarren, Edu Expositok ezin izango du jokatu, arazo fisikoak tarteko. Cote, Muto, Correa eta Bigas ere zerrendatik kanpo geratu dira.

ATHLETIC-EIBAR
Athletic. Simon; De Marcos, Yeray, In?igo, Yuri; Unai Lopez, Vesga; Berenguer, Muniain; Williams eta Raul Garcia.
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Paulo, Burgos, Arbilla; Pedro Leon, Aleix, Diop, Bryan Gil; Sergi Enrich eta Kike Garcia.
Epailea. Pizarro Gomez.
Lekua. San Mames.
Ordua. 14:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.