Frantziako Tourra

Aurkariz aldatu du Pogacarrek

Mohoricek ihesean irabazi du Tourreko etaparik luzeena. Aurrean sartu dira Van der Poel liderra eta Van Aert, eta sufriarazi egin diote Pogacarri. Roglic lehertu egin da, eta jada ez du aukerarik nagusian

Aurkariz aldatu du Pogacarrek.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Taldea da Tadej Pogacarren ahulgunea (UAE). Hala bistaratu zen atzo, aurtengo Tourreko etaparik luzeenean. 250 kilometroko esfortzu handia eta bortitza egin zuten txirrindulariek, eta UAE taldeak ezin izan zuen etapa hasieran 29 txirrindularik piztu zuten sua itzali. Aurrean sartu ziren Mathieu van der Poel (Alpecin), lasterketako liderra, eta Wout van Aert (Jumbo Visma), hirugarren sailkatua. Herbeheretarrak maillot horiari beste egun batez eusteko baliatu zuen ihesaldia, eta flandriarra bete-betean sartu zen sailkapen nagusiaren borrokan: 3.35 atera zion Pogacarri, eta 3.13ko abantaila du orain nagusian esloveniarrarekiko. Aurkariz aldatu du iazko irabazleak, Primoz Roglic (Jumbo Visma) guztiz jokoz kanpo gelditu baitzen.

Hasi eta buka, etapa ikusgarria izan zen, eta Matej Mohoricek (Bahrain) jarri zion ginga. Goi mailako iheskideak izan zituen aldamenean: Van der Poel eta Van Aert, Kasper Asgreen (Deceuninck), Vincenzo Nibali (Trek), Simon Yates (Bike Exchange), Philipe Gilbert (Lotto)... Tourrean etapa irabazitako hamar txirrindulari zeuden ihesaldian. Euskal herritar bat ere sartu zen, Imanol Erbiti (Movistar). Mohoricek garaipen bana zuen lortua Vueltan eta Giroan, baina bat ere ez Tourrean. Bada, atzo lortu zuen estreinakoa, urrundik erasoa jo, eta mendaterik gogorrenean bere legea ezarrita.

Bigarren mailako Signal d'Uchon izan zen etapako epailea. Gaina helmugatik hemezortzi kilometrora zegoen, eta malda oso pikoak zituen azken kilometro eta erdian. Han gelditu zen bakarrik Mohoric, eta bertan lehertu zen Roglic. Ordurako, ia taldekiderik gabe geratua zen Pogacar. Hori baliatuz, erasoa jo zuen Richard Carapazek (Ineos), aurrez Pierre Latourrek (TotalEnergies) egin bezala. Frantziarraren taldea UAEren ezusteko laguntzailea izan zen etapako hainbat momentutan. Azken kilometroetan, berriz, Movistar izan zen Pogacarren aliatua.

Hori horrela, kaltea gutxitzea lortu zuen esloveniarrak: helmugan harrapatu zuten Carapaz, eta azkenean Van der Poel eta Van Aertekiko galera ez zen hainbestekoa izan sei minututik gorako aldearekin izan ziren. Mohoric baino 1.40 beranduago iritsi zen liderraren taldea, eta 5.15era Pogacarrena. Roglic, berriz, 9.03ra sartu zen; 33. da nagusian, 9.11ra.

Alpeetako lehen etapa jokatuko da gaur, Oyonnax eta Le Grand Bornand artean, 150 kilometroko ibilbidean. Lehen mailako hiru igoera kateatuko dira bukaeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.