Bata aurrera eta bestea kalera

Athleticek ez du hutsik egin Mancha Realen aurka, eta Kopako final-zortzirenetarako sailkatu da. Osasuna, aldiz, lehiatik kanpo gelditu da, Gironaren zelaian galdu ondoren

Unai Garcia Osasunako jokalaria burumakur, Gironaren aurka galdu eta gero, atzo, Montilivin. DAVID BORRAT / EFE.
Eñaut Agirrebengoa - Mikel O. Iribar
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Errege opilak zapore zeharo ezberdina izan zuen Osasuna eta Athleticentzat. Nafarrei kontrako eztarritik joan zitzaien, Gironak Espainiako Kopatik kanpo utzi baitzituen, Montilivin. Ligako nahigabeez ahazteko aukera zeukan atzo Jagoba Arrasateren taldeak, Bigarren Mailako talde baten aurka; baina horren ordez, beheraldi betean dela berretsi zuen. Hasi eta berehala sartu zioten gola, eta ez zen gauza izan lurretik altxatu eta berriro partidan sartzeko. Athletic, berriz, faborito izateaz baliatu zen Mancha Realen zelaian, Jaenen (Espainia), eta arazo handirik gabe gainditu zuen final hamaseirenetako kanporaketa.

Bazkalostean hasi zen Osasunaren norgehiagoka, eta opilari lehen hozkada eman orduko aurkitu zuten baba gorritxoek. Defentsan zulo handiak utzi zituzten atzera ere, eta horietako bat aprobetxatu zuen Juncak 1-0ekoa egiteko. Ramalhori bizkarrera egindako pasea dotore kontrolatu zuen Gironako hegalekoak, eta ez zen urduritu Juan Perezen aurrean. Artega zegoena, Osasuna zen, Ligan garaipenik gabeko hamar partida lotu ostean. Konfiantza eta nortasun krisia igarotzen ari dira Arrasateren mutilak, eta, egoera horretan, min handia egin zien Gironak gola horren goiz egin izanak.

Ezintasuna islatu zuen iruindarren jokoak. Bere egin zuen ekimena, baina trebezia eta erritmoa falta izan zitzaizkien ondo itxi zen aurkariaren zelaian. Jabetza hutsalak eduki zituzten, eta presioan egindako ahalegina ere ez zitzaien emankorra suertatu. Hots, Girona ez zuten batere sufriarazi; kontrara, kataluniarrek abagune ugari izan zituzten markagailuko errenta handitzeko. Bi gol baliogabetu zizkioten, jokoz kanpo lortuak izan zirelako, baina ez zuten horien beharrik izan neurketa erosotasunez irabazteko.

Oso galduta ibili zen Osasuna lehen zatian, Roberto Torres itsasargi lana egiten saiatu zen arren. Arrekoa oso bakarrik zegoen sormen lanetan, eta ondorioz, gorritxoak ez ziren gai arriskua sortzeko. Gol aukera bakarra izan zuten lehen zati osoan; hori bai, ez zen edonolakoa izan: zutoinera joan zen Manu Sanchezek egindako jaurtiketa, atezainak apur bat desbideratu ondotik.

Jokadi horrekin finitu zen lehen zatia. Argi printza horrek gorritxoen adorea piztu zezakeen, baina ilunpean jarraitu zuten atsedenetik bueltan. Torresek pare bat aldiz jaurti zuen areaz kanpotik, baina zorterik gabe. Zori hobea izan zuen Osasunak bere arean, Nahuelek alferrik galdu zituelako bi aukera oso garbi. Aulkitik eskuzabal atera zen Alex Baena, eta pase itxurako opariak egin zizkion Nahueli; alabaina, Gironako aurrelaria oso baldar moldatu zen ate aurrean, eta bizirik utzi zuen Osasuna.

Taldea suspertu nahian, Ligan finkoak diren jokalariak zelairatu zituen Bittor Alkizak, atzo berriz ere lehen entrenatzaile lanetan aritu zenak —Arrasatek positibo eman zuen astelehenean—. Nafarrak erdiraketen bidez saiatu ziren min egiten, hiru aurrelari zituztelako goian. Alferrik izan zen, ordea. 81. minutuan izan zuten gertuen berdinketa, Budimirrek ezkerrez jaurtiketa arriskutsua egin baitzuen, baina atezainak ezerezean utzi zuen kroaziarraren abagunea, gorritxoek izan zuten azkena. Itxura kezkagarria emanda, Kopatik at gelditu ziren.

Zuri-gorriak, aise

Athleticek Kopako final-hamaseirenetako galbahea igarotzea lortu zuen, Federazioko Bigarren Mailako Mancha Real mendean hartuta. Marcelino Garcia Toral zuri-gorrien aulkira itzuli zen birusa gaindituta. Bizkaitarrek ez zuten ezustekorik nahi, eta hasieratik jokoaren jabe egin ziren. Mancha Realen estrategia argia zen: bere arean itxaron, baloia lapurtu eta kontraerasoan azkar irten. Athleticek berehala eman zuen lehen abisua; Raul Garciak buruz area txikian errematatutako baloia gutxigatik joan zen kanpora.

Zuri-gorriak sarri heltzen ziren Jaengo taldearen atera. 20 minutuan heldu zitzaien saria, Nico Williamsek sartutako golari esker. Lekuek ezker hegaletik erdiraketa egin, eta Lopito atezainak urruntzeko saiakera egin bazuen ere, Williams gazteena azti ibili zen, eta baloia sareetara bidali zuen. Lehen gola du lehen taldearekin.

Behin aurrea hartuta, Marcelinorenak lasaiago aritu ziren, eta hurrengo minutuetan aldeak handitzeko aukerak izan bazituzten ere, kamuts aritu ziren; hurrengo saiakeran, ordea, Nico Williamsek ez zuen barkatu. Bigarrena sartu zuen atsedenaldira joan aurretik. Aurrelariak Vesgaren pasea jaso eta gero, Lopito atezaina erraz gainditu zuen. Bigarren zatian, Athleticek kontrolpean izan zuen neurketa. Hala, gaurko final-zortzirenetarako zozketan izango da, Realarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.