Sanchezentzat, jarrera aldaketa «beste pauso bat» da Saharako auzia konpontzeko

Espainiako gobernuburuak azalpenak eman ditu Kongresuan, Marokoren autonomia plana babesteari buruz. Gainerako alderdiak kritiko agertu dira harekin

Pedro Sanchez, atzo Diputatuen Kongresuan egin zuen agerraldian. CHEMA MOYA/ EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean bere gobernuaren jarrera aldaketa argudiatu zuen atzo, esanez erabaki hori «beste pauso bat» dela gatazkaren irtenbiderako. Hain justu, agintariak argudiatu zuen jarrera aldaketa NBE Nazio Batuen Erakundearen «esparruan» kokatzen dela, eta gaineratu zuen gatazkaren irtenbidea bi aldeek onartu behar dutela. Horrez gain, behin eta berriz esan zuen EB Europako Batasuneko kideekin eta beste hainbat herrialderekin «lerrokatutako posizioa» hartu duela Espainiak.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerriko ministroak Maroko bisitatuko du bihar, eta Sanchezek agerraldia egin zuen atzo Diputatuen Kongresuan, azalpenak emateko Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean izan duen jarrera aldaketari buruz. Izan ere, duela bi aste, Marokoko Errege Etxeak argitara atera zuen Espainiako gobernuburuak bidalitako eskutitz baten edukia; horretan, Sanchezek Mohamed VI.a erregeari adierazi zion 2007an proposatu zuen autonomia plana babesten duela Mendebaldeko Sahararentzat.

Hori defendatzeko asmoz, Mohamed VI.a erregeari idatzi zion eskutitzaren zati bat irakurri zuen atzo Sanchezek: «Espainiak uste du Marokok 2007an aurkeztu zuen autonomia plana dela gatazka gainditzeko aukerarik serioena, errealistena eta sinesgarriena». Horren ostean, oposizioko alderdiei eskatu zien prozesuaren «konplexutasuna baloratzeaz» gain, «babesa» emateko.

Espainiako gobernuburuak azaldu nahi izan zuen zergatik izan duen «orain» jarrera aldaketa: «Orain aukera bat ireki da. Izan ere, 46 urte igaro ondoren, gatazkaren bi aldeek konponbidea lor dezakete, edo gutxienez, negoziazio prozesu bat ireki. Iragan urrian, NBEko idazkari berri bat izendatu zuten Mendebaldeko Sahararako. Bi urtez ezin izan da hautagairik izendatu; izan ere, hamahiru hautagai baztertu dira aldez aurretik. Hortaz, jarrera aktiboa eduki eta eragile izan nahi dugu».

NBEren eta EBren babes bila

Sanchezek, bere jarrera aldaketa argudiatzeko asmoz, behin baino gehiagotan azpimarratu zuen diskurtsoan NBEren «esparruan» lortu behar dela gatazkaren konponbidea, eta gaineratu zuen nazioarteko gainerako kideek ere «laguntza» eman behar diotela NBEri negoziazio prozesua aurrera eramateko. Gatazkaren irtenbidea bi aldeek onartu behar dutela ere gehitu zuen.

Horrez gain, nabarmendu zuen Espainiaren jarrera bat datorrela EBko kideek eta beste hainbat herrialdek hartutakoarekin. Eta horren adibide direla Frantzia, Alemania eta AEBak. Azaldu zuen Frantziak «aspaldidanik» babesten duela Marokoko autonomia plana, eta Alemaniak ere joan den urtarrilean eman ziola babesa planari, eskutitz baten bitartez, Espainiak egin zuen moduan.

Nazioartean jarrera aldaketak haren ustez izan duen babesaz ez ezik, Espainiako aurreko gobernuko presidenteen erabakiez ere mintzatu zen Sanchez: «Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zela, Espainiak jada onartu zuen 2007ko plana». Mariano Rajoyk ere 2012an eta 2015ean plana «ontzat» eman zuela adierazi zuen Espainiako gobernuburuak.

Sanchezek hitzaldia bukatu zuen adieraziz Espainia dela Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuei laguntza humanitarioa helarazten dietenen artean «emaile nagusia», eta babesa emango diela aurrerantzean ere.

Oposizioko alderdiek Sanchez kritikatu zuten izan duen jarrera aldaketagatik, eta haren berri ez emateagatik. Unidas Podemosek gobernuburuari zehaztu zion gai horretan bi jarrera daudela: bata, Mendebaldeko Saharako autodeterminazio eskubidearen aldekoa, NBEren ebazpenek jasotzen dutena; eta, bestea, Marokoren proposamena babestea, zeinek autonomia ematen baitio Mendebaldeko Saharari.

Pablo Echenique Unidas Podemosen Kongresuko bozeramaileak Sanchezi adierazi zion jarrera aldaketa bat egon dela, eta zaila dela hori «justifikatzea». Alderdi Popularrak, berriz, haserrea adierazi zion jarrera aldaketaren berri ez emateagatik, eta azaldu zuten Espainia inoiz ez zela atera NBEren «esparrutik».

Gabriel Rufian Esquerra Republicanako bozeramaileak galdera hau egin zion Sanchezi: «Zergatik babesten ditu gobernuak Ukrainako herritarren eskubideak, eta ez Saharakoenak?». Horrez gain, Sanchezek behin baino gehiagotan nabarmendu zuen bi aldeen arteko adostasunaren inguruan, Rufianek erantzun zion Fronte Polisarioak «ez duela babesten» Marokoren proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.