Gerra Ukrainan

Mariupoletik zibilak ebakuatu ahal izateko beste operazio bat hasi dute

Hiria setiatuta dago, eta Ukrainak asmoa du herritarrak handik ateratzen hasteko, Errusiaren baimenarekin. Kievek dio lurraldetasunaz hitz egiteko Putinek eta Zelenskik batzartu behar dutela

Mariupoletik ebakuatutako herritar batzuk, martxoaren 25ean, Zaporizhian. ROMAN PILIPEY / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ia-ia Ukrainako gerra hasi zenetik setiatu du Errusiako armadak Mariupol hiria, Azoveko itsasoaren kostaldean. Egin izan dira saiakera batzuk herritarrak handik ateratzeko; erdibidean geratu dira, ordea. Baina, herenegun gauean, Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri zuen hirian su eten bat ezarriko zutela, eta bai Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, bai Ukrainako Gobernuak atzo jakinarazi zuten operazio bat hasi dutela zibilak korridore humanitarioetan barrena ebakuatzeko.

Ukrainako lehen presidenteorde Irina Verestxukek zehaztu zuen 45 autobus bidali zituztela atzo Mariupolera, ebakuazioa gauzatu ahal izateko. Gurutze Gorriak adierazi zuen bere taldeak hirira bidean zirela, herritarrei premiazko elikagaiak eta sendagaiak eman ahal izateko. Elkarte humanitarioak ohar batean azaldu zuenez, ebakuazioa gaur hasiko dute, baldin eta «alde guztiak» ados badaude baldintzekin, ibilbideekin, hasiera orduarekin eta operazioaren iraupenarekin. «Operazioaren menpe daude dozenaka mila pertsonaren bizitzak». Errusiak planteatu du herritarrak Zaporizhia hirira eramatea, Berdiansketik igaroz.

Mariupolgo alkate Vadim Boitxenkok «nazioarteko bazkideei» eskatu die herritarrak lagundu ditzatela. Telegram bidez zabaldutako mezu batean errepikatu zuen hiria txikituta dagoela; ezinezkoa dela han bizitzea ez dutelako ez urik, ez berogailurik, ez argindarrik; eta 160.000 zibil inguru daudela oraindik han; asko, biltegietan eta eraikinetako sotoetan ezkutatuta. 450.000 biztanle inguru zituen hiriak gerra hasi aurretik, eta, udalak emandako datuen arabera, 80.000 inguruk beren kabuz ihes egin dute.

Estrategikoki leku ezinbestekoa da Mariupol Errusiarentzat, hura kontrolpean izanik Krimeako penintsula eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublika errusiazaleak lot ditzakeelako.

Iparraldeko frontean, berriz, Errusiako armadak Txernobylgo zentral nuklearra utzi duela jakinarazi zuten atzo hainbat iturrik. Energoatom Ukrainako konpainia nuklearrak eman zuen lehen berria, eta adierazi zuen soldaduek arduradun ukrainarrei bueltatu zietela zentrala kudeatzeko ardura. IAEA Energia Nuklearraren Nazioarteko Agentziak ere baieztatu zuen berria, eta jakinarazi zuen Errusiako armadako bi konboi erretiratu zirela Txernobyldik Bielorrusiara. Erradiazio arriskurik ere ez dagoela gaineratu zuen. Errusiak inbasioaren lehen egunean okupatu zuen zentrala, otsailaren 24an.

Eta, bien bitartean, Ukrainaren eta Errusiaren talde negoziatzaileak gaur dira biltzekoak, telematikoki, Kievek atzo jakinarazi zuenez. Bi taldeak joan den asteartean batzartu ziren azkenekoz, Ankaran. Bilera horien harira, Mikhailo Podoliak Ukrainaren ordezkaritzako kideak atzo nabarmendu zuen herrialdearen lurraldetasunari buruz negoziatzeko bi estatuburuek, Vladimir Putinek (Errusia) eta Volodimir Zelenskik (Ukraina) aurrez aurre eseri beharko luketela. «Bizpahiru aste falta dira liderren arteko bilera baterako», esan zion NTV Turkiako telebistari.

Hego Osetiaren eskaera

Ankarako elkarrizketen ondoren, Errusiak esan zuen jarduera militarrak murriztuko zituela Kieven, baina Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak atzo ohartarazi zuen ez duela ikusten tropak erretiratzen ari direnik Kievetik.

Bestalde, Hego Osetiak iragarri du prozesu bat hasiko duela Errusiako Federazioarekin bat egiteko. De facto independentea da, eta erreferendum batekin gauzatu nahi du asmo hori. Georgiarentzat, «onartezina» da galdeketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.