Gerra Ukrainan

Kievek ez du onartu Moskuren ultimatuma Sievierodonetsken

Kremlinen arabera, Ukrainako 800 soldadu eta 1.200 zibil daude hiriko lantegian. NBEk salatu du herritarren egoera «larria» dela. Kievek arma gehiago eskatu dizkio NATOri

Ukrainako zenbait tanke, Sievierodonetsk hirirako bidean, Luhansk probintzian, Donbass eskualdean, Ukrainan. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Errusiari Sievierodonetsk hiria guztiz hartzea falta zaio Luhansk oblasta (Ukraina ekialdea) oso-osorik kontrolpean edukitzeko. Mariupolgo Azovstal altzairutegiaren gisan, Azot lantegi kimikoa da Sievierodonetsken geratzen diren erresistentzia gune bakarrenetako bat. Errusiako armadak eta Luhanskeko Herri Errepublikako soldaduek lantegi hori duela bi astetik dute inguratua, eta atzo goizean —Euskal Herrian 09:00ak zirenean— bukatu zen azpiegitura husteko eta amore emateko Ukrainako tropei egin zieten ultimatuma. Kievek, baina, ez zuen onartu, eta borrokekjarraitu egiten dute.

Gerra aurretik, 100.000 biztanle zituen Sievierodonetskek, eta maiatz amaiera aldetik setiatua dute hiri hori Errusiako tropek. Kremlinen arabera, hiriaren %70 pasatxo dute okupatua, eta kalez kale aritu dira borrokan Ukrainako soldaduekin. Azot lantegi kimikoa da kontrolpean hartu ez duten eremu bakarrenetako bat, eta zehazki zenbat jende eta soldadu dauden ziurtatzea ia ezinezkoa da.

Luhanskeko Herri Errepublikako agintarien arabera, Ukrainako zortziehun bat soldadu daude bertan gotortuta, eta horien artean daude «batailoiko nazionalistak» eta boluntario atzerritarrak, baina baita 1.200 zibil inguru ere. Ukrainako Gobernuaren aldeko iturriek emandako zenbakiak, ordea, bestelakoak dira: bostehun zibil daude Azoten; tartean, berrogei adingabe.

Horrekin lotuta, halaber, NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du Azoten dauden herritarren egoera «oso larria» dela: «Janaririk eta urik gabe geratzen ari dira», ohartarazi zuen atzo Saviano Abreu NBEko gai humanitarioen bulegoko bozeramaileak. «Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arabera, gatazkaren bi aldeek zibilak babesteko betebeharra dute, eta, beraz, hiria utzi nahi duten pertsonei segurtasuna bermatu behar diete».

Bada, Errusiako Gobernuak atzo goizean jakinarazi zuen korridore humanitario bat ireki zutela lantegian harrapatuta dauden zibilak ebakuatzeko, «arrazoi humanitarioak» tarteko. Jarraian, Moskuk Kievi egotzi zion ebakuazio plana oztopatzea, eta zibilak «giza ezkutu» gisa erabiltzea.

Bien bitartean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak arma astunak eta irismen luzekoak Ukrainara bidaltzeko asmoa du, Jens Stoltenberg aliantza militarreko idazkari nagusiak atzo ziurtatu zuenez. Hain zuzen, NATOko kideek goi bilera egitekoa dute aurki, Bruselan, Kievi armak bidaltzearen inguruan eztabaidatzeko. Bada, Ukrainak ohartarazpen bat egin dio Mendebaldeari; Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzo esan zuen herrialdeak ez duela Errusiaren misilei erantzuteko sistema eraginkorrik.

Macronen eskaera, bi aldeei

Frantziako presidente Emmanuel Macronek Moskuri eta Kievi eskatu die gerra alde batera uzteko eta negoziazioei berrekiteko. «Bakea eraiki nahi dugu, eta horrek esan nahi du noizbait sua amatatu behar dela, eta elkarrizketak berriro hasi behar direla», esan zuen atzo, Mihail Kogalniceanu aire basean, Errumanian, Itsaso Beltzaren ertzean. Bestelako iritzia dauka Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Riabkovek; haren hitzetan, Ukrainako gerra «beharrezkoa» denean amaituko da, eta Errusiako tropak «hil arte» borrokatzeko prest daude.

Bestalde, Stoltenbergek atzo nabarmendu zuenez, elikagaien prezioen igoera Errusiaren inbasioaren «ondorio zuzena» da, eta ez Mendebaldeak ezarritako zigorrena. Erantsi zuen Ukrainako elikagaien esportazioaren egoera «kritikoa» dela. Zehazki, Turkiak esan zuen Moskuren erantzunaren zain dagoela Ukrainako garia Itsaso Beltzetik esportatzeko. Otsail amaieratik 20 milioi tona gari daude blokeatuta Ukrainako portuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.