Frantziako Tourra

Hankaz gora jarri du

Jonas Vingegaardek irabazi du Frantziako Tourreko 11. etapa, Granonen. Lider jarri da, eta 2.22ra dago Tadej Pogacar, egun txar bat eduki eta gero

Hankaz gora jarri du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Asko izan dira Tourraren historian etapa ahaztezinak. 36 urteren ostean, berriro iritsi zen Frantziako Tourra Granonera, eta aurreikuspen guztiak gainditu ziren. Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) erakustaldia eman zuen hango aldapa amaigabeetan gora, eta Tadej Pogacar (UAE) handia lehertu zuen. Tourreko erakustaldien zerrendan sartuko da atzokoa, lasterketa hankaz gora jarri baitzuen. Etapa irabazteaz gain, lider jarri zen , eta 2.22ren aldea ateratzen dio orain Pogacarri.

Talde estrategia baliatu zuen Jumbo-Vismak esloveniarra nekatzeko, eta, azken lau kilometroetan, bi txirrindulari indartsuenen arteko lehia zirudienean, gauza handia egin zuen Vingegaardek: gurpiletik atera zuen lehenik, eta, hori ikusita, aurrera jo zuen, txirrindulari handienen gisan. Pogacarrek inoiz ikusi gabeko txakalaldia izan zuen, eta hiru minutu galdu zituen amaieran, gorputzaldiari buelta ezin emanda. Argi ikusi zen atzo txirrindularitza kirol indibiduala dela, baina taldeak garrantzi handia daukala horretan. Hori bera goraipatu zuen Pogacarrek: «Talde estrategia ona baliatu dute, baina mendekua nahi dut».

Etapa hasi bezain laster, hogei lagunek lortu zuten eguneko ihesaldian sartzea, baina Galibierren (17,7km, %6,9) gora Warren Barguil (Arkea) bakarrik gelditu zen aurrean. Faboritoen taldetxoaribost minuturen aldea aterata iritsi zen mendatearen gainera frantziarra.

Han hasi zen Jumbo-Vismaren estrategia. Galibierren gora, etapa hankaz gora jartzen saiatu ziren, taldeko morroien hainbat erasorekin, baina Pogacarrek ere egin zuen erritmo aldaketa bat. Hainbat txirrindulari jokoz kanpo utzi zituen orduan, horien artean Primoz Roglic (Jumbo-Visma).

Nahi bezala aritu zen aurreneko hiru mendateetan Pogacar, eta Vingegaardekin batera iritsi zen, gainera. Hala ere, hainbat txirrindulari batu zitzaizkien jaitsieran. Barguil iritsi zen lehenengo Granonera (11,3km %9,2), eta hiru minutu pasatxora oilarren taldea, hogei bat ziklistarekin. Horien artean, bost ziren Jumbo-Vismakoak, baina mendate hasieran atzean gelditu zen berriro ere Roglic. Argi gelditu zen Vingegaard dela Jumbo-Vismaren aukera sailkapen nagusiari begira.

Aurreko mendateko gidoi bera izan zen Granonen. Estualdi bakoitzean banan-banan atzean gelditu ziren hainbat txirrindulari, eta indartsuenak gelditu ziren aurrean: Pogacar Majkarekin, Vingegaard, Romain Bardet (DSM), Geraint Thomas, Adam Yates (Ineos) eta Nairo Quintana (Arkea). Jumbo-Vismakoek indarrak xahutu zituzten Galibierren, eta Vingegaard bakarrik gelditu zen Granonen.

Quintanak erasoa jo zuen bederatzi kilometro gelditzen zirenean, eta berehala utzi zuen atzean Barguil taldekidea. Atzean, Majkak ezarri zuen erritmoa, baina lau kilometro gelditzen zirenean etorri zen eguneko mugarria: Vingegaardek erritmoa aldatu zuen, eta Pogacar ez zenez haren bila joan, erasoan jarraitu zuen.

Pogacar eta Thomas elkarrekin gelditu ziren atzean, danimarkarraren erasoari erantzun ezinda. Ordutik aurrera, bete egin zen esloveniarra, eta atzerago zeuden zenbait txirrindularik ere aurreratu egin zuten. Vingegaardek aise harrapatu zuen Quintana, eta berehala utzi zuen atzean. Sari potoloaren bila abiatu zen, barruan zuen indar guztia aterata, Tourraren historian sartzeko prest.

Vingegaardek esana zuen beroa «Pogacarrek baino hobeto» jasaten zuela, eta, egun eguzkitsu batean etapa irabazteaz gain, astindua eman zion Pogacarri. Lau kilometroan hankaz gora jarri zuen Frantziako Tourra Vingegaardek, eta hiru minutu pasatxo atera zizkion azken bi urteetako garaileari. «Sinestezina da. Txikitatik amestutako garaipena».

Minutu batera sartu zen bigarrena, Quintana, eta Bardet sartu zen haren atzetik. Thomas, David Gaudu (FDJ) eta Yates ere iritsi ziren Pogacarren aurretik.

Alpe d´Huez handia, gaur

Gaur Alpe d´Huezen txanda izango da. Aldapa bihurrietan gora arituko dira txirrindulariak, eta ikusiko da zer estrategia erabiliko duten taldeek. Jumbo-Vismak aukeratu egin beharko du: lidergoaren defentsan aritu, edo Pogacarrekin duen aldea handitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.