Kargu publikoa etetea parlamentuari dagokio, subiranista katalanen ustez

Auzitegi Gorenak baieztatu du hamahiru buruzagi independentistak matxinada egin zutela, eta haien aurkako auzipetzea berretsi du. Erabaki horrek arriskuan jarri du legebiltzarrean duten gehiengoa

Oriol Junqueras eta Carles Puigdemont Kataluniako presidenteorde eta presidente kargugabetuak, joan den urriaren 27an parlamentuan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Armarik gabekoa izan daiteke matxinada bat». Hori argudiatu du Espainiako Auzitegi Goreneko apelazio aretoak, atzo kaleratutako autoan. Beraz, Kataluniako prozesu subiranistaren bueltan hamahiru buruzagi subiranistak matxinada delitua egin zutela ondorioztatzea «nahikoa arrazoizkoa» dela deritzo, estatuaren kontrako «altxamendu bat» egin zutelako. Horrenbestez, haien kontrako matxinada delitua baieztatu du, eta, erreforma eta apelazio helegiteak baztertuz, joan den martxoaren 23an Pablo Llarena instrukzio epaileak idatzitako auzipetzea berretsi, irmo bihurtu. Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aintzat hartuta, erabakiaren ondorioz kargu publikoa etengo diete matxinada delituagatik auzipetuta eta kartzelatuta daudenei. JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak nabarmendu dute, baina, Kataluniako Parlamentuak soilik duela horretarako ahalmena.

Llarena magistratuak instrukzioaren amaierako autoa kaleratzean, tramite burokratiko hori egin eta gero, etengo diete kargu publikoa Josep Rulli, Jordi Turulli, Jordi Sanchezi, Oriol Junquerasi, eta Raul Romevari; baita erbesteratutako Carles Puigdemonti eta Antoni Comini ere. Horiek guztiak diputatuak dira Kataluniako Parlamentuan, eta, orain arte, botoa delegatu ahal izan dute —Cominek maiatzaren amaieran uko egin zion horri—.

Parlamentariei kargua etenda, subiranismoak gehiengoa galduko du legebiltzarrean, baldin eta ez badituzte auzipetuak beste diputatu batzuengatik ordezkatzen. Sergi Sabria ERCko diputatuak atzo nabarmendu zuenez, legebiltzarraren «subiranotasuna» defendatzea dagokie. Parlamentuaren arautegiak dioenez, diputatu bati kargua eteteko bozketa bat egin beharko litzateke ganberan, eta bozketan gehiengo osoa lortu. Kanpoko eragileek —kasu honetan Gorenak— ez dute eteteko eskumenik.

Josep Costa JxCko diputatuak azpimarratu zuen 384 bis artikulua «terrorismoaren kontrako borrokarako» sortu zutela. «Eta kasu honetan ez dago ezer terrorismoarekin lotzeko. Ez daitezela ahalegindu parlamentuaren egituraketa aldatzen». Quim Torra Generalitateko presidenteak adierazi zuen nazioartean salatuko dutela. «Bataila nazioartean irabazten ari gara».

Matxinadagatik auzipetuta daude, era berean, Joaquim Forn, Clara Ponsati, Dolors Bassa, Marta Rovira, Carme Forcadell eta Jordi Cuixart. Udazkenean da hastekoa haien kontrako ahozko epaiketa, eta delitu horrengatiko kartzela zigorra 30 urtekoa da gehienez. Guztira, 25 buruzagi subiranista daude auzipetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.