Zirimolatik irten da

Aspaldiko partez, uda lasaia izan du Alavesek, eta aurreko denboraldiko bizkarrezur berarekin ekingo dio sasoi berriari gaur, Bartzelonaren zelaian

Zirimolatik irten da.
enaut agirrebengoa
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Kosta da, baina azkenean iritsi da egonkortasuna Alavesera. Azken urteetan, Arabako taldea azalberritu egin da uda bakoitzean, baina oraingoan bestelako bide orria ezarri du Sergio Fernandez buru duen kirol zuzendaritzak. Aurreko filosofiarekin ez zaio gaizki joan, loria dastatu baitzuen 2015-2016ko eta 2016-2017ko sasoietan. Hala ere, joan zen denboraldian gertu izan zuten hondamena, Luis Zubeldia eta Gianni De Biasiren agindupean. Alaves hilzorian iritsi zen abendura, eta Abelardo Fernandez izan zen arabarren azken bala. Bada, haren lemapean miraria gauzatu zuten: ordura arteko dinamika irauli, eta azkenean lau jardunaldi falta zirela eutsi zioten mailari. Abelardo beste urtebeterako kontratuarekin saritu zuten Alaveseko agintariek. Horrekin batera, susperraldian giltzarri izaniko jokalari gehienei eutsi diete.

Hots, taldea berriz ere goitik behera irauli beharrean, jarraitutasunaren alde egin dute apustu. Izan dira aldaketak, baina Abelardok bere esanetara izango du aurreko sasoiko taldearen ia bizkarrezur osoa: Pacheco, Laguardia, Martin, Manu, Ibai, Pina eta Guidetti. Orno bakarra falta da, baina ez da edonolakoa. Munirrek hamar golekin amaitu zuen sasoia, eta partida askotan bizkar gainean hartu zuen taldea. Arabarren itsasargia izan zen, baina sasoi honetan Mendizorrotzako zaleek ezingo dute gozatu marokoarraren futbolaz. Bartzelonara itzuli da, eta ia ezinezkoa da Gasteiz aldera itzultzea.

Haren hutsunea betetzeko, bi aurrelari fitxatu ditu Alavesek:Guidetti, iragan sasoian utzita aritu ondotik, eta Borja Baston. Aurrelari espainiarra gozakaitz aritu da azkenaldian, baina Lehen Mailan distira egindakoa da: orain hiru denboraldi, hemezortzi gol sartu zituen Eibarrekin. Suediarrari dagokionez, aurreko denboraldian ez zuen pilatu zenbaki distiratsurik pilatu ate aurrean, baina eragin handia izan zuen Alavesen jokoan erreferentziazko aurrelari gisa. Hala, gasteiztarrek lau milioi euroren truk erosi diote Celtari. Arabako taldeak Sobrinoren abiadura eta mugikortasuna ere izango ditu puntaren puntan.

Ely, sei hilabeterako

Munirrez landa, beste hamabi jokalari irten dira Alavesetik: Hernan Perez, Hector, Pedraza, Bojan, Medran, Alexis, Santos, Katai, Sergio Llamas, Demirovic, Einar, eta Javi Muñoz —azken hirurak utzita—. Horien artean, Pedraza da hasierako hamaikakoan tokia izan zezakeen bakarra; beraz, galera handirik ez dute izan arabarrek. Taldea osatu eta indartzeko, berriz, zortzi jokalari ekarri dituzte oraingoz: Jony, Patrick Twumasi, Ximo Navarro, Adrian Marin, Tomas Pina, Rafa Navarro —fitxatu ostean Sochauxi utzi diote— eta aipaturiko Guidetti eta Baston.

Hori horrela, 22 jokalari ditu Alavesek. Lerrorik fidagarriena atzekoa da. Atean berme handia da Pacheco, eta Martin, Laguardia, Ely eta Duartek laukote oso segurua osatzen dute defentsan. Edonola, Abelardok ezingo du bere horretan zelairatu liga hasieran, Elyk eskuin belauneko lesioa baitu. Uztailaren 28an hartu zuen min belauneko lotailu gurutzatuan, eta sei hilabete egin beharko ditu jokatugabe; hortaz, Maripanek edo Navarrok jokatuko dute haren tokian. Euskarrian, finkoak dira Manu Garcia eta Pina, eta hegaletan aritzeko Ibai, Jony, Twumasi eta Burgiren artean aukeratu beharko du Abelardok. Aurrean ere lehia handia izango da, Baston, Guidetti eta Sobrinoren artean. Horietatik bik izango dute tokia 4-4-2ko marrazkian.

Sormen arazoak

Talde orekatu eta lehiakorra osatu du Alavesek, eta areago sendotzeko asmoa du; erdilari bat eta aurrelari bat ekarri nahiko lituzke merkatua itxi aurretik. Atzo zabaldu zenez, aurrelari hori Paco Alcaer Bartzelonakoa izan daiteke, baina oso zaila dirudi, aukera garestia delako. Izan ere, Arabako taldeak ez du ezusterik nahi. Aurreko liga hasieran bizi izandako sufrikarioa gogoan, gorabeherak saihestu eta denboraldi lasaiagoa izaten ahaleginduko da. Abelardo iritsiz geroztik, Europarako sailkatu nahian zebiltzan taldeen erritmoan batu zituzten puntuak , baina gasteiztarrek ez dute iparra galdu. Helburu bat eta bakarra dute: Lehen Mailan jarraitzea.

Logikan oinarritzen da Abelardoren planteamendua. Eskuragarri dituen jokalariei zukua ateratzeko zentzuzkoena den jokamoldea darabil. Aurreko denboraldian egin legez, sendotasuna, elkartasuna, lanerako grina eta bizitasuna eskatuko dizkio taldeari. Estilo pragmatikoa ezarri du: eraginkortasuna ikusgarritasunaren aurretik du bere arbeltxoan. Defentsako fasean lerroak batuta izan eta laguntzak eskaintzea, eta erasoan bizkor jokatu eta hutsuneak profitatzea teknikariaren koadernoan hizki larriz idatzitako ideiak dira.

Sormenez, ordea, nahiko urri dabil. Hori izan du arazorik behinena sasoi-aurreko lehietan. Zelai erdian baloia zentzuz mugitzen badakien norbaiten falta sumatu du; horregatik itzuli da Pina. Denboraldi-aurreko emaitzei dagokienez, ez dira distiratsuegiak izan: bi lehia irabazi, lau berdindu eta lau galdu ditu. Horiek hala, probak egiteko garaia bukatu zaio jada. Gaur ekingo dio ligako txapelketari, non eta Bartzelona ligako txapeldunaren zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.