AEBek jakinarazi dute Sirian dituzten tropak ateratzen hasi direla

Trumpek adierazi du EI garaitu dutela eta hori zela 2.000 soldaduak han edukitzeko «arrazoi bakarra». Erabakiak ezustean harrapatu du SDF koalizioa. Turkia Sirian sar liteke kurduei eraso egiteko

YPG milizia kurduaren borrokalari bat, Siriaren eta Turkiaren arteko mugan, artxiboko irudi batean. Aurrean AEBetako tropen hiru ibilgailu ditu. Y. R. YOUSSEF / EFE.
ander perez zala
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«Duela bost urte, EI [Estatu Islamikoa] indar oso indartsu eta arriskutsua zen Ekialde Hurbilean, eta, orain, AEBek [Ameriketako Estatu Batuek] garaitu dute kalifa herria. Garaipen horiek ez dute erakusten Munduko Koalizioaren edo bere kanpainaren amaiera. AEBen tropak etxera ekartzen hasi gara, kanpaina horren fase berrirako trantsizioan gauden une honetan». Hitz horiekin baieztatu zuen atzo AEBetako Gobernuaren prentsa idazkari Sarah Sandersek hedabide batzuek aurreratu zutena: Donald Trump AEBetako presidenteak 2.000 soldadu estatubatuarrak Siria ipar-ekialdetik ateratzeko agindua eman duela. Sandersen baieztapenaren aurretik, Trumpek berak iradoki zuen erabaki hori, txio batean honako hau adierazita: «Estatu Islamikoa garaitu dugu Sirian, Trump presidentetzak irauten duen artean han egoteko nire arrazoi bakarra». Orain tropen etxeratzea guztiz gauzatzen badute —30 eta 100 egun arteko prozesuaz ari dira—, Siriako eremu hori ziurgabetasunean murgilduko dute AEBek, batez ere kurduen etorkizunerako.

Trumpen erabakiak talka egiten du haren gobernuko goi kargudunek hilabeteotan izan duten jarrerarekin: Jim Mattis Defentsa ministroak, esaterako, adierazi du tropek epe luzeagoan jarraitu behar dutela Sirian, EI berriz indartu ez dadin, hori baita, gaur-gaurkoz, muturreko talde sunitaren aurka borrokatzen direnen kezka handiena. Zeregin horretan berebiziko garrantzia izaten ari da SDF Siriako Indar Demokratikoa —kurduen miliziak dira SDFren indar nagusia, eta AEBak ditu aliatu—, eta asteak dira EIren kontrolpean dagoen Siriako azken herria berreskuratzear direla: Eufrates ibaiari itsatsita dagoen Hajin —5.000 jihadista inguru leudeke han—.

Hain justu, AEBetako tropen etxeratzearen albisteak ezustean harrapatu du koalizio militarra, AEBetako Gobernuak ez baitu erretiratzeko asmoa haiekin koordinatu; horregatik, SDFk bilera bat eskatua du jada homologo estatubatuarrekin, erabakiaren eta egoeraren berri jakiteko. Sandersek, hala ere, atea irekia utzi dio Siriara itzultzeari: «Beharrezkoa denean, AEBen interesak defendatu behar badira, AEBak eta gure aliatuak prest egongo dira maila guztietara berriz engaiatzeko».

Etxean, Trumpen erabakia ez dute begi onez ikusi Alderdi Errepublikanoko senatariek. Lindsay Graham AEBetako presidentearen aliatu politikoak, adibidez, erretiratzearen arriskuez ohartarazi zuen atzo: «Amerikarren erretiratze bat garaipen handia izango litzateke EIrentzat, Iranentzat, [Siriako presidente] Baxar al-Assadentzat eta Errusiarentzat». Horren harira, Marco Rubio senatari errepublikanoak adierazi zuen «hutsegite larria» dela soldaduen etxeratzea «oraintxe» egitea.

Aldiz, Errusiaren iritziz, Trumpen erabakiak «krisiari irtenbidea emateko oinarri politikoak» jarriko ditu, etorkizuneko Siriari erreferentzia eginez. Izan ere, AEBen erretiratzeak are gehiago gutxituko luke herrialdeak Sirian eta Ekialde Hurbilean duen eragina —Iraken oraindik 5.000 soldadu inguru ditu—, eta, beraz, Errusiarena handitu, batez ere Siriaren etorkizunean.

Etorkizun horri begira, AEBek jarrera aldaketa baten berri eman zuten herenegun: orain ez dute nahi Al-Assadek kargua uztea, eta hark jarraitzearen alde agertu dira, betiere «erregimen desberdin batean» bada. Zehazki, James Jeffrey AEBen Siriarako mandatariak honako hau adierazi zuen: «Erregimen desberdin bat ikusi nahi dugu. Ez erregimen aldaketa bat; ez dugu hura [Al-Assad] bota nahi».

Erdogani egin dio mesede

Soldadu estatubatuarren erretiratzeak Recep Tayyip Erdogani Turkiako presidenteari egingo lioke mesede. Izan ere, joan den astean jakinarazi zuen Siriako kurduen eremua inbaditzeko asmoa, eta AEBen troparik gabe atea irekita izango luke. Kurduak, beraz, bakarrik geratuko lirateke Erdoganen indarren aurrean.

Ankarak hainbatetan egin dio mehatxu YPG Herriaren Babes Unitatea milizia kurduari—30.000 eta 40.000 borrokalari artean ditu—, Eufrates ibaiaren ekialdera sartuko dela esanda; ibaiaren mendebaldeko Manbij hiria ere jomugan du Erdoganek. Turkiako presidenteak iragan asteazkenean egin zituen adierazpenok, eta jakinarazi zuen handik «egun gutxira» abiatuko zutela YPGren aurkako operazio militar bat: «Beldurraren taldeak suntsitzeko erabakia dugula ohartarazteko garaia da».

Erdoganek antzeko mehatxuak egin izan ditu iraganean, baina ez litzateke lehen aldia izango Turkiako armadak Siriarekin duen muga gurutzatzen duela YPGren aurka egiteko. Iragan martxoan, adibidez, Turkiako armadak eta talde sunita aliatuek Siria ipar-mendebaldeko Afrin kantonamenduaren kontrola hartu zuten, ordura arte YPGren esku zegoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.