Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Rajoyk, Urkulluk, Masek eta Colauk lekuko gisa deklaratu beharko dute

Hilaren 12an hasiko dute U-1aren epaiketa, eta hiru hilabete iraungo du. Epaileek uko egin diote nazioarteko begiraleen presentziari. Katalunian greba orokorrerako deia egin dute ostegunerako
ANCk Europako Batzordearen Bartzelonako egoitza okupatu zuen atzo. Irudian, kontzentrazioa.
ANCk Europako Batzordearen Bartzelonako egoitza okupatu zuen atzo. Irudian, kontzentrazioa. ENRIC FONTCUBERTA / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko otsailak 2
Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa otsailaren 12an hasiko dute, Espainiako Auzitegi Gorenean. Matxinada, diru publikoaren erabilera bidegabea eta desobedientzia delituak egotzi dizkieten hamabi politikariak akusatuen eserlekuan eseriko dira egun horretatik aurrera: Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxel Borras —presoak Madrilera eraman dituzte—. Horiekin batera, auzitegiak lekuko gisa deklaratzera deitu ditu, besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Artur Mas Kataluniako presidente ohia eta Ada Colau Bartzelonako alkatea. Atzodanik hasita, akusatuen defentsek 11 eguneko epea dute ahozko saioak prestatzeko.

Hiru hilabete iraungo du epaiketak, eta 500 lekuko inguru pasatuko dira epaileen aurretik. Fiskalak eta Estatuaren Abokatutzak 256 testigu eskatu zituzten, eta epaileek denak onartu dituzte; Voxek, herri akusazioak, 69 lekuko eskatu zituen —ez dizkiote denak onartu—; eta auzipetuen defentsek, 400 baino gehiago. Sona handiko jendea deitu dute deklaratzera: esaterako, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministro ohia, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, Enric Millo Espainiako Gobernuaren Kataluniarako ordezkaria eta Gabriel Rufian eta Joan Tarda ERCren Espainiako Kongresuko diputatuak. Horiez gain, 2017ko urriaren 1ean, independentzia erreferendumaren egunean zauritu zituzten herritar batzuen lekukotzak ere entzungo dituzte, baita Katalunian zeuden polizienak eta guardia zibilenak ere.

Aldiz, Gorenak ezezkoa eman die, besteak beste, Felipe VI.a Espainiako erregearen eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuaren testigantzak entzuteko eskariei; epaileek argudiatu dute Auzipetze Kriminalerako Legeak Espainiako erregea salbuetsi egiten duela deklaratzeko beharretik, eta, Puigdemonten kasuan, «prozesuaren parte pasibo» izan zenez, ezin dutela haren testigantzarik onartu.

Nazioarteko begiraleen presentziari ere ezezkoa eman diote epaileek. Defentsen eskaria zen, baina autoan argudiatu dute ez dagoela halakoren beharrik, epaiketa streaming bidez zuzenean emango dutelako: «Ondorioa da begirale bilakatu nahi duen edozein herritarrek hala egiteko aukera izango duela». Auzipetuen lekukotzak katalanez egiteari buruz, ez dute iritzirik eman, eta «katalan hizkuntzaren bi itzultzaile egotea egokia izango dela» baino ez du esan.

Epaiketako saioak astearte, asteazken eta ostegunetan egingo dituzte, 10:00etan hasita. Lehenak otsailaren 12rako, 13rako, 14rako, 19rako, 20rako eta 21erako finkatu dituzte, eta egun horietan galdekatuko dituzte auzipetuak. Egutegiari dagokionez, zeresan handia emango du otsailaren 12ak; epaiketa abiatuko den egun berean hasiko baitute Espainiako Kongresuan aurrekontuen osoko zuzenketei buruzko eztabaida —datorren asteazkenean amaituko da zuzenketa horiek aurkezteko epea—, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Kataluniako alderdi independentisten babesa beharko du aurrekontuak aurrera ateratzeko.

U-1aren epaiketaren dataren berri jakin eta berehala, Quim Torra Kataluniako presidentea nazioarteko komunitateari mintzatu zitzaion atzo, katalanez eta ingelesez, kontseilari guztiak alboan zituela: «EBrena [Europako Batasunarena] eta nazioarteko komunitatearena ere bada katalan demokraten arazoan». Bereziki, eskatu zien adi egoteko «oinarrizko eskubideen urraketei».

Mobilizazioak

Arratsalderako, Biltzar Nazional Katalaneko (ANC) hogei bat kidek Europako Batzordearen Bartzelonako egoitza okupatu zuten, eta gau osoa han geratuko zirela jakinarazi zuen ANCren presidente Elisenda Paluziek. Mezu argia helarazi zioten Europari: esku hartzeko. Datorren asteari begira, CSC intersindikalak greba orokorrerako deia egin zuen ostegunerako, epaiketa hasi baino bost egun lehenagorako.

Egun horri begira, Espainiako Gobernuaren eledun Isabel Zelaak adierazi zuen epaiketak «berme guztiak» izango dituela. «Emozioak baretzeko beharra dago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ander Perez Zala

Informazio osagarria