'Brexit'-a atzeratzeaz ohartarazi die Londresek diputatu euroeszeptikoei

Erresuma Batuaren iritziz, EBri 'backstop'-az egindako proposamenak «argiak» dira. Bruselarentzat, «negatiboak» izan dira elkarrizketak. Asteartean dira Komunen Ganberan ituna berriro bozkatzekoak

Bansky artistak brexit-a dela Dover (Ingalaterra) hirian egindako murala. NEIL HALL / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Irlandako mugarako ezarritako backstop protokoloak jasotzen duenarengatik ez du onartu Komunen Ganberak brexit-erako akordioa. Erresuma Batuko Gobernuak eta EB Europako Batasunak duela hiru hilabete pasa hitzartutako ituneko klausula horrek muga gogorra saihestea du asmo. Kontrakoa nahi dute, ordea, Alderdi Kontserbadoreko diputatu euroeszeptikoek, baita, noski, DUPeko hamar parlamentariek ere. Beraz, protokoloa aldatzeko ahaleginean dabiltza Londresko funtzionarioak. Geoffrey Cox Erresuma Batuko fiskal nagusia Michel Barnier EBren brexit-erako negoziatzailearekin bildu zen asteartean. Coxek atzo Komunen Ganberan adierazi zuenez, proposamen «argiak» egin zizkion. Bruselan ez daude ados: elkarrizketak «negatiboak» izan zirela iruditzen zaio EBri. Hala dio klubeko kideei bidalitako ohar batek, Erresuma Batuko zenbait hedabidek atzo kaleratu zutenez. Asteartean dira akordioa berriro bozkatzekoak Komunen Ganberan, eta Theresa May lehen ministroak alderdikide disidenteen botoak behar ditu. Philip Hammond Ekonomia ministroak horiei ohartarazi dienez, hilaren 29rako ezarritako irteera atzeratzeak «ziurgabetasuna» eragingo du.

Hammond BBC irratian mintzatu zen, atzo, eta iradoki zuen 50. artikulua luzatzeak, dibortzioaren data atzeratzeak, brexit leunago bat ekarriko duela; eta euroeszeptikoak, hain zuzen ere, dibortzio gogorraren aldekoak dira.

Batik bat DUP alderdi unionistako diputatuak konbentzitu behar ditu Mayk. Izan ere, haiek akordioaren alde bozkatuko balute, litekeena da tory euroeszeptikoek ere gauza bera egitea. Joan den urtarrilaren 15ean Komunen Ganberan ituna bozkatu zutenean, 118 tory-k bozkatu zuten kontra.

Bi bertsio

Dena dela, agertoki hori ezinezkotzat jo daiteke, Bruselak backstop delakoan kontzesioak egiten ez dituen bitartean. Eta ez dirudi horretarako prest dagoenik. Diplomazialari batek atzo Reuters berri agentziari adierazi zioenez, duela hilabete batzuk «baztertutako» proposamenez eztabaidatu dute azken astean. «EBko legedia ezagutzen ez duen abokatu penalista bat bidali dute», nabarmendu zuen, Coxen egitekoa auzitan jarriz. Kontrako bertsioa plazaratu zuen, aldiz, Erresuma Batuak. Jeremy Hunt Atzerri ministroarentzat, eztabaidak «oso sakonak» izaten ari dira. Cox «harrituta» zegoen atzo. «Proposamenak oso argiak dira, eta negoziatzen jarraituko dugu». EBko funtzionarioek adierazi diote beste proposamen bat landu dezala, eta gaur itzuli dadila Bruselara.

Mayk badu itxaropenik, baina badaki denbora gutxi duela. Protokoloa Bruselaren marra gorrietako bat da. Horren arabera, brexit-a gauzatu eta bi urtera sartuko litzateke indarrean, betiere etorkizuneko harreman komertzialari buruzko akordiorik lortuko ez balute bi aldeek.

Baina astearterako backstop-ean aldaketarik ez baldin badago, litekeena da Komunen Ganberak, berriro, akordioaren kontra egitea. Hala gertatzen bada, hurrengo egunean beste bozketa bat egingo dute, eta erabaki beharko dute ea akordiorik gabeko brexit-a nahi duten. Diputatuek ezetz esango balute, irteera data atzeratzeari buruzko bozketa egingo lukete hurrengo ostegunean. Mayk egutegi hori zehaztu zuen lehengo astean. Halere, EBko beste 27 estatuen onespena beharko luke Erresuma Batuak, data atzeratu ahal izateko.

Bestetik, Europako Parlamentuak atzo jakinarazi zuenez, brexit-a gertatuta ere bulego bat mantenduko du Eskozian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.