Laboristek ez dute baztertu abstenitzea 'brexit'-aren lege proiektuaren bozketan

Alderdi Laboristak gobernuarekin ados jartzea jarri du baldintzatzat lege proiektuaren alde bozkatzeko. Mayk uztailera arteko epea du finkatua

Corbyn laboristen buruzagia, iragan hilean, Belfasten, Lyra McKee kazetariaren hiletan. BRIAN LAWLESS / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
John Bercow Erresuma Batuko Komunen Ganberako presidentearen betoa saihesteko, oraingoan Theresa May lehen ministroak Irteera Akordioaren lege proiektua bozkaraziko du ekaineko lehen astean. Testu horren bigarren irakurketa izango da —hiru dira orotara—, eta egun horretan diputatuek lege proiektuaren edukiaz eztabaidatzeko aukera izango dute; beraz, ez dira ariko Erresuma Batuak eta Europako Batasunak (EB) adosturiko testuaren inguruan eztabaidatzen eta bozkatzen. Lehen bi bozketak itun horren inguruan izan ziren; hirugarrena soilik Irteerarako Akordioari buruz, Deklarazio Politikoa—etorkizuneko harremanaren oinarriei buruzkoa— kontuan hartu gabe. Horietan guztietan ezezkoa gailendu zen, baina oraingoan zirrikitu bat ireki zaio Mayri: atzo, Alderdi Laboristak ez zuen baztertu abstenitzea.

Lege proiektua lege bilakatzea ezinbestekoa da Londresek eta Bruselak adosturiko testuaren edukia indarrean sartzeko eta beharrezkoak diren legezko aldaketak gauzatzeko; alegia, gauza bat da lege proiektu hori onartzea, eta beste bat brexit-erako akordioa onartzea. Bi testu desberdin dira, baina biak beharrezkoak Erresuma Batua era ordenatuan irteteko.

Hilabete baino gehiago da laboristak eta gobernua negoziatzen ari direla brexit-aren akordioaren inguruan. Mayk bi aukera jarri zituen: batetik, ados jartzea Erresuma Batuaren eta EBren etorkizuneko harremanaz eta, beraz, Deklarazio Politikoa aldatzea; eta, bestetik, horren inguruan adostasunik lortuko ez balute, harreman horri buruzko hainbat alternatiba zehaztea, gero Komunen Ganberan bozkarazteko. Oraingoz, baina, ez dute adostasunik lortu, eta, gainera, Steve Barclay brexit-erako ministroak atzo jakinarazi zuen gobernuak bertan behera utzi duela alternatibei buruzko bozketen ideia.

Ados jarri ala ez, lehen ministroak lege proiektua bozkaraziko du ekaineko lehen astean; horri begira, laboristen bozeramaile batek atzo adierazi zuen soilik Deklarazio Politikoari buruz ados jarrita bozkatuko dutela horren alde. Ez zuen baztertu abstentzioaren aukera: berez, horren alde bozkatzeak edo abstenitzeak ez luke esan nahi laboristak Londresen eta Bruselaren arteko testuaren alde daudenik, baizik eta batasunetik akordio batekin eta era ordenatuan ateratzearen alde daudela.

Beraz, datorren hilean lege proiektu horren bigarren irakurketa onartuko balute ere, oraindik Erresuma Batuak eta EBk adosturiko testua onartu beharko lukete. Baina Bercowk ez dio utziko Mayri «akordio bera» berriz bozkarazten, eta, orduan, Komunen Ganberaren jarrera ezagutzeko modutzat du lege proiektua. Testua gobernuak osatua denez, kontrako iritzia gailentzeak politikoki hilko luke lehen ministroa, eta ez luke aitzakia gehiagorik alderdikideek nahi duten dimisioa emateko. Epemuga bat jarri dio bere buruari: laboristekin dituen hizketek ekain amaierara arte irautea.

Testuinguru hori kontuan harturik, laboristen jarrera horri edo zehaztasun falta horri eutsi beharko dio Mayk arrakasta lortzeko; izan ere, gainontzeko alderdiek lege proiektuaren aurka bozkatzeko asmoa dute, Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionista (DUP) aliatuak barne.

Europako hauteskundeak

Halere, ikusteko dago nola egongo den lehen ministroa politikoki Europako Parlamenturako bozen ostean. Erresuma Batuan hilaren 23an egingo dituzte, eta, inkesten arabera, Nigel Farageren Brexit Alderdia izango da eurodiputatu gehien lortuko dituen indar politikoa.

Hauteskunde horien emaitzen arabera, alderdikideek presioa areagotu lezakete lehen ministroak alde egin dezan. Tory-ak laugarren postuan gera litezke, 2014ko emaitzetan baino okerrago hamazazpi lortu zituzten orduan—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.