«Jendeak arrazoia eman dit»

Narendra Modi lehen ministro eskuindarraren alderdiak irabazi ditu Indiako hauteskundeak, aise. Inkestek iragarritakoa hobetu du, eta, Ordezkarien Ganberan gehiengo osoa edukiko du berriro

«Jendeak arrazoia eman dit».
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Indiako herritarren bizi baldintzek ez dute, ez, onera egin, Narendra Modi Indiako lehen ministroa denetik, 2014tik. Langabezia tasa, esaterako, azken 45 urteotako handiena da egun: %7 inguru. Berdin du, eskuineko lider hinduistaren BJP Bharatiya Janata alderdiak irabazi baititu Ordezkarien Ganberarako hauteskundeak; nabarmen, gainera. Azken urteotan jokaleku politikoaren lehen lerrora jauzi egin duten beste askok bezala, segurtasunean eta ultranazionalismoan zutarritutako mezua helarazi die indiarrei, eta konbentzitu egin ditu. Kontuan hartu behar da, gainera, arerio politikorik behinena, Nehru-Gandhi familiak sostengatutako INC Indiako Kongresuaren Alderdia, dekadentzian dagoela. Beraz, horren ondorioa da 2014ko bozetan lortutako gehiengo osoa berritu duela. Duela bost urte lortutako garaipenaren ondoren egin bezala, Modik herrialdea bera jarri zuen erdigunean atzo, zaleen aurrean egindako adierazpenetan: «Norbaitek irabazi baldin badu, Indiak irabazi du». Eta bere jardunean zuzen dabilela azpimarratu nahi izan zuen: «Jendeak arrazoia eman dit».

Munduko hauteskunde prozesurik handiena da Indiakoa. Herrialderik jendetsuenetan bigarrena da —1.400 milioi biztanle ditu, eta, iragarpenen arabera, laster gaindituko du Txina sailkapen horretan—, eta 900 milioi lagun zeuden botoa ematera deituta. Bolumen hori eta herrialdearen hedadura aintzat hartuta, Ordezkarien Ganberarako bozak zazpi fasetan egin behar izan dituzte: joan den apirilaren 11n hasi ziren, eta lehengo igandean amaitu zituzten. Hauteskunde Batzordeak jakinarazi du parte hartzea %60 inguru izan dela.

Aurreko igandean kaleratutako inkestek ziotenez, BJP eta bere aliatu txikiagoak ez ziren gai izango 280 jarlekuen langa gainditzeko. Baina Aliantza Nazional Demokratikoa koalizioak 348 lortu zituen, eta BJPk, berak bakarrik, 302; ganberaren gehiengo osoa lortzeko, 272 eserleku behar dira. Beraz, Modi hinduista sutsuak, gaztetan naziak miresten zituen alderdi batean militatu zuenak, bere agenda ezarri ahal izango du, berriro.

INC, berriz, alderdi laikoa da. 1947tik, India estatu burujabe bihurtu zenetik, 54 urtez egon zen gobernuan. Baina eskandalu politikoen eta ustelkeria salaketen ondorioz, hondoa jo zuen 2014an. Abagune hori baliatu zuen Modik, eta INCk 44 jarleku besterik ez zuen lortu orduan. Zazpi gehiago atera ditu oraingoan, eta beste alderdi txikiago batzuekin osatutako Aliantza Aurrerakoi Batuak ozta-ozta lortu ditu 81 diputatu. Rahul Gandhi INCren liderrak Modi zoriondu zuen, eta azpimarratu herritarrak direla «agintzen dutenak». Galdetu zioten INC zergatik ez den gauza izan emaitza hobeak lortzeko, baina adierazi zuen «jendeak erabakitakoa» dela inportanteena hauteskundeetan.

Rajeev Shukla alderdiko bozeramailea «harrituta» zegoen emaitzekin. Izan ere, batetik, ez zen bete inkestek aurreikusitakoa; eta, bestetik, indiarrek, oro har, bazituzten Modiri botoa ez emateko motiboak. Esaterako, ez ditu bete duela bost urte agindutako promesak. Orduan esan zuen hamar milioi lanpostu sortuko zituela urtero, baina inondik inora ez da hori gertatu. Etsaituta dauzka laborantza sektoreko kideak —jarduneko lehen ministroak joan den asteartean adierazi zuenez, nekazarien irabaziak bikoizteko politikak hauspotuko ditu—, eta oposizioak leporatzen dio hinduak lehenestea, beste erlijioen kalterako. Hinduak %80 inguru dira, musulmanak %13, eta badira beste erlijio batzuk. Gutxiengoan daudenak beldur dira, iruditzen baitzaie Modik bere agenda nazionalista hindua are gehiago sustraitu nahiko duela.

Eta abertzaletasun hori indartzeko baliatu du, azken hilabeteotan, Indiak Pakistanekin duen gatazka historikoa. Joan den otsailaren 14an, Jaix-e-Mohammad talde islamistako ekintzaile batek bonba auto bat leherrarazi zuen Jammun, Indiaren menpeko Kaxmirren —gehiengo musulmana dauka eremu horrek—, eta Indiako 40 soldadu hil zituen. Horri erantzuteko, Indiako armadaren hegazkinek Balakot ingurua bonbardatu zuten, bi aste geroago. Pakistanen menpeko Kaxmirren ondoan dago.

Khanek zoriondu egin du

Bi potentzia nuklearren arteko tentsioak gora egin zuen urtearen hasieran, eta Modik hori baliatu zuen atzera ez dela gelditzen erakusteko. Halere, tentsio horrek apur bat behera egin du azken asteotan, eta Shah Mahmood Qureshi Pakistango Atzerri ministroak herenegun adierazi zuenez, bi herrialdeek, bi bizilagunek«konpontzeko» dauzkaten arazoei heldu behar diete. Horren erakusle da Imran Khan Pakistango lehen ministroak Modi zoriondu zuela, garaipenarengatik. Dena dela, 2.400 kilometroko bidea egin dezakeen misil balistiko bat jaurti zuen Pakistanek atzo bertan, horren gaitasuna «probatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.