Mexikok, amore eman, eta aske utzi du Chapo Guzmanen semeetako bat

Herenegun atxilotu zuten Ovidio Guzman, eta Culiacan hirian kaosa eragin du gertakariak. Lopez Obrador presidenteak aske utzi du narkotrafikatzailea, «pertsona askoren bizia arriskuan» zegoelako

Ibilgailu batzuk sutan poliziaren eta narkotrafikatzaileen arteko istiluetan Culiacanen (Sinaloa, Mexiko), atzo. STR / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Narkotrafikoaren aurkako gerra da Mexikoren arazo nagusietako bat azken hamarkadetan, eta, agintarien arabera egoerak hobera egin duen arren, indar erakustaldia egin du azken bi egunetan Sinaloako droga kartelak. Gudu zelai bilakatu du 800.000 biztanleko Culiacan hiria (Sinaloa, Mexiko), Ovidio Guzman askatzeko, eta lortu dute euren helburua.

Herenegun atxilotu zuten Mexikoko armadak eta Guardia Nazionalak Ovidio Guzman Lopez, egun kartzelan den Joaquin Guzman Chapo narkotrafikatzaile entzutetsuaren hamar seme-alabetako bat. Ovidio Guzman otsailean inputatu zuten AEBetako auzitegiek, anaia zaharrago batekin batera 2008 eta 2018 artean Mexikotik AEBetara drogak inportatzea egotzita.

Culiacanen sortu zen Sinaloako droga kartela, eta bertan atxilotu zuten Ovidio Guzman. Azkar erantzun zuten bere kideek: biolentzia eta kaosa izan ziren nagusi hirian ondorengo orduetan. Narkotrafikatzaileek hiriko irteerak blokeatu zituzten, eta herritarrek zeuden tokietan babestu behar izan zuten, tiroketa eta suteetatik. Sarean zabaldutako bideoetan ikus zitezkeen hainbat pertsona armatu Culiacaneko kaleetan; autoak eta dendak ere lapurtu zituzten. Hiriko kartzela batetik 20 eta 30 preso artean askatu zituzten. Atzo, agintariek ez zuten hildakorik baieztatu.

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak atzo azaldu zituen Ovidio Guzman aske uzteko arrazoiak: «Gaizkile baten atxiloketak ez du balio pertsonen biziak baino gehiago. Segurtasun batzordeak erabaki hori hartu du, eta babestu egin dut nik». Esan zuen Culiacango egoera «oso zailak» behartu zituela erabakia hartzera, herritar askoren bizia arriskuan zegoela eta.

Lopez Obradorrek gogorarazi zuen, aurreko gobernuekin alderatuta, bereak narkotrafikoaren aurkako estrategia ezberdin bat duela: «Guk ez dugu hildakorik nahi, ez dugu gerra nahi; zaila da ulertzea, baina lehengo estrategiaren ondorioz herrialdea hilerri bat bilakatzen ari zen». Azken bi legegintzaldietan narkotrafikoaren aurkako borrokak 250.000 hildako eta 40.000 desagertu eragin ditu Mexikon.

Aita mediatikoa

Aski ezaguna da atxilotuaren aita, Joaquin Guzman Chapo, Sinaloako droga kartelaren sortzailea eta liderra urte askoan. Besteak beste, FBIk eta Interpolek osatutako gehien bilatuetakoen zerrendan lehena izan zen Osama Bin Laden atxilotu ostean, eta Netflixek berari buruzko telesail bat ere badu. Azken aldiz 2016an atxilotu zuten, eta gaur egun segurtasun maila goreneko kartzela batean dago Denverren (AEB).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.