Afganistanen 500 zibil baino gehiago hil dituzte aurtengo lehen hiru hilabeteetan

NBEren misioaren arabera, indarkeriak gora egin zuen martxoan, AEBekin bake akordioa sinatu ostean. Talibanak lirateke hilketen %55en erantzule

Kabulen egindako atentatu bateko biktima bat, artxiboko argazki batean. HEDAYATULLAH AMID / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Hildako zibilen kopuruak behera egin du Afganistanen aurtengo lehen hiruhilekoan, iazko tarte berarekin alderatuz gero. Hala ere, datuak kezkagarriak dira oraindik. NBE Nazio Batuen Erakundeak Afganistanen duen misioaren arabera, urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean 533 zibil hil zituzten, tartean 152 adingabe. Zaurituak, berriz, 760 izan ziren.

Epeei dagokienez, martxoa izan zen hilabeterik beltzena. Indarkeriak nabarmen egin zuen gora otsailaren amaieran AEBen eta talibanen arteko akordioari bide eman zion astebeteko su-etenaren ostean. Nazioarteko indarren aurkako erasorik ez egiteko konpromisoa hartu zuten talibanek hitzarmenean, eta Afganistango Gobernuarekin elkarrizketak hastekoa. Trukean, AEBek tropak ateratzeko hitza eman zuten, betiere modu mailakatuan, eta «segurtasuna bermatuz».

Bake elkarrizketak egiteko baldintzak ere zehaztu zituzten akordioan. Haren arabera, Afganistango Gobernuak 5.000 preso taliban askatu behar zituen, haiek su-etena iragarri eta elkarrizketa mahaian esertzeko. Kabulek, baina, prozedura alderantziz egin nahi du, eta ez ditu presoak askatuko talibanek menia bat bermatu ezean. Horiek hala, miliziek eta Estatu Islamikoari lotutako taldeek erasoak egiten jarraitzen dute, baina, oraingoan, Afganistango indarrak eta zibilak jarri dituzte jopuntuan. Hala, NBEren misioaren arabera, talibanek hil zituzten aipatu zibilen %55. NBEren misioko buru Deborah Lyonsek ohartarazi du nahitaezkoa dela indarkeria geldiaraztea, herrialdeak etorkizun hobea sortzeko aukerarik izan dezan.

Gobernuaren erantzukizuna

Talibanek gezurtatu egin dituzte NBEk emandako datuak, eta «egia ezkutatu» nahi izatea egotzi diote nazioarteko erakundeari. «AEBetako indarrek eta Afganistango Gobernuak egindako bonbardaketetan hil dira zibil gehienak, eta herritarrek badakite hori. Sarekadak egiten dituzte zibilen aurka, eta misilak jaurtitzen herrietara», salatu du Zabibullah Mujahid talibanen buruak.

Txostenak berak ere nabarmentzen du segurtasun indarren erantzukizuna. Dokumentuaren arabera, Afganistango Gobernuarena eta haren aliatuena da hilketen %32ren egiletza. Ehuneko horren barruan leudeke hildako adingabe gehienak.

Adituek eta bitartekariek argi utzi dute: akordioen helburua, bakea bera baino gehiago, boterea modu orekatuan banatu ahal izatea litzateke, horretarako talibanen parte hartzea bermatuz. Aldez aurretik, baina, beharrezkoa litzateke indarkeria alde batera uztea, aurrez Ipar Irlandan eta Bosnian egin moduan, besteak beste. Afganistanen kasuan bada beste oztoporik ere; izan ere, talibanen azken helburua Emirerri Islamikoa ezartzea izanik, zaila da nolabaiteko adostasuna lortzea errepublikari eusteko xedea duten gainontzeko indarrekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.