Karbono neutraltasuna 2050erako legez ezartzea erabaki du EBk

2030erako berotegi gasen isurketak %55 gutxitzea adostu dute Europako Batzordeak eta parlamentuak. Estatu kideentzat ez da loteslea izango, baina Batasunarentzat bai

Ikatz bidezko zentral termiko bat, Varsovia hegoaldean. PABLO GONZALEZ / EFE.
inaki petxarroman
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
2030erako berotegi gasen isurketen %55eko murrizketa, eta mendearen erdirako karbono neutraltasuna: horiek dira legez Europako Batasunak (EB) ezarriko dituen xedeak. «Europako Batasunakkonpromiso sendoa hartu du 2050erako klima neutraltasuna lortzeko, eta harro egon gaitezke helburu handinahia hartu izanaz denon artean», adierazi zuen atzo Joao Pedro Matos Ferrnandes Portugalgo Ingurumen eta Ekintza Klimatikorako ministroak ohar batean, goizaldean lortutako akordioaz ari zela. Haren esanetan, Europak «seinale bat» bidali dio munduari, Joe Biden AEBetako presidenteak gaurko eta biharko antolatu duen klimari buruzko bileraren atarian. Aldi berean, erraztu du bidea EBko 27 herrialdeek ekainerako euren klima ekintzen proposamena aurkezteko.

Horietan zehaztu beharko dute, besteak beste, nola funtzionatuko duen CO2 isurketen merkatuak, zer bultzada emango zaion garraioaren elektrifikazio prozesuari, zer garapen emango dioten hidrogeno berdeari edota zer zerga ezarriko zaizkien karbonoa duten produktuei eta ekoizpenei.

Klima neutraltasuna lortzeko helburua, beraz, lege bihurtuko du EBk, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi zuenez, eta Klimaren Lege horrek «garapen berdearen» bidetik ezarriko du kontinentea belaunaldi batean. «Lege horrek trantsizio ekologiko justua» bermatuko duela gaineratu du Frans Timmermans Itun Berdearen arduradun eta Europako Batzordeko presidenteordeak.

Europako Parlamentuak are eta helburu handinahiagoa nahi zuen, eta hamarkada honen bukaerarako isurketen murrizketa %60 izatea 1990ekoen aldean. Erakunde ekologista handienek ere bat egin zuten helburu horrekin. Orain, parlamentuak apaldu egin du bere helburua, akordioa errazteko.

Negoziatzaileek argitu dute lehenetsi dutela CO2 isurketak murriztea haiek xurgatzearen gainetik. Bide horretan, 225 milioi tona CO2 baliokideren isurketen muga ezarriko dute, baina adostu dute karbonoa xurgatzeko ahalmena ere handitzea 2030erako, besteak beste, baso zabalera handituz. Konparazio baterako, 2019an EBko herrialdeek 3.600 tona CO2 isuri zituzten. Halaber, Klima Aldaketarako Europako Aholku Batzorde Zientifikoa eratuko dute, hamabost adituk osatuko dutena.

2040rako erdibideko helburu bat aurkeztu beharko du Europako Batzordeak, Parisko Klima Hitzarmenaren lehen balantzea egin eta sei hilabetera. 2030-2050erako gas isurketen aurrekontu bat argitaratuko du, dagokion metodologia zehaztuta. Negoziatzaileek orobat adostu dute ekonomiaren sektoreekin elkarlanean aritzea bide orri boluntarioak zehaztu ditzaten 2050erako klima neutraltasunera iristeko.

Joe Biden AEBetako presidenteak antolatutako klima aldaketari buruzko goi bilera birtualean munduko potentzia nagusiek parte hartuko dute, besteak beste Txinak eta EBk, eta espero da han Etxe Zuriko buruzagiak aurkeztea bere bide orria isuriak murrizteko. Besteak beste, hitzeman du AEBek karbono neutraltasuna lortuko duela 2050erako. Txinak ere agindu du xede hori, baina 2060rako, beranduenez.

Aurrera begirako helburuak zehazten ari badira ere, klimari dagozkion albisteak ez dira onak.Atzo, Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) jakinarazi zuen aurten %4,8 handituko direla energiari dagozkion CO2 isurketak, Asian eta bereziki Txinan ikatzaren kontsumoak izan duen hazkunde handiaren ondorioz. Iaz %5,8 gutxitu ziren isuriak, COVID-19ak eragindako geldialdi ekonomikoaren ondorioz.

Ekologisten kritikak

EBren akordioak lehenengo kritikak jaso ditu. Michael Bloss eurodiputatu berdeak Twitterren adierazi du lortutakoa ez dela Europak behar duen itun berdea. «Ez dago behar denaren mailan. Izatez, planteatzen den murrizketa erreala %52,8 besterik ez da [...] Parisko Akordioaren hitzarmenari begiratuta, ez da nahikoa». Naturarentzako Mundu Funtsak (WWF) egotzi dio «politikaren» araberakoa dela lortutako akordioa, eta ez «zientziaren» araberakoa. Greenpeacek kritikatu du akordioa azkarregi lortu izana, Bidenen goi bileran harro erakusteko. Erakunde ekologisten iritziz, posible zen 2030erako %65eko murrizketa lortzea. Esate baterako, Erresuma Batuak egunotan jakinarazi du %78 gutxituko dituela gasen isurketak 2035erako. Horrekin batera, klima neutraltasuna baino gehiago —hau da, ez isurtzea xurga daitezkeen baino berotegi gas gehiago—, zero isurketako helburua eskatua zioten ekologistek Europako Batasunari.

Klima neutraltasunaren helburua ez da derrigorrezkoa izango herrialde guztientzat, baizik eta EBrentzat orokorrean. Horrela erraztu dute ikatzaren menpekotasun handiena duten ekialdeko herrialdeek —Polonia eta Hungaria, bereziki— akordioa onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.