Leon-kastilloren pare

Realak Betis hartuko du gaur Anoetan, Espainiako Kopako final-laurdenetan. Partida bakarreko kanporaketa da. Imanolek prest ditu ohiko jokalariak

Igor Zubeldia, Nabil Fekirrekin lehian, Betisek eta Realak Sevillan jokatutako ligako partidan. JULIO MUÑOZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Berdindua aurreikusten da Realak eta Betisek gaur Anoetan jokatuko duten partida (20:00, Dazn). Ahal handia duten bi taldek indarrak neurtuko dituzte Espainiako Kopako final-laurdenetan. Joko ona aldarri duten bi talde dira, berdegunean distira egiten dakitenak.

Kopak, ordea, bakarrarentzat du tokia: irabazlea sailkatuko da finalerdietarako. Gainera, neurketa bakarrera jokatuko da kanporaketa; txikikeria batek erabaki dezake etorkizuna. Aurretiaz zaila da zer gertatuko den iragartzea: leon-kastillora jokatzea bezala da.

Kalkulua sinplea da: Betisek baino gol bat gehiago sartzeak balio dio Realari. Hori eginda, Kopako finalerdietan ariko dira txuri-urdinak. Baita berdindu eta penaltietan nagusituz ere. Baina hobe horietan ez pentsatzea: biderik laburrena da irabaztea. Teoria erraza da; praktika da zailagoa.

Izan ere, Espainiako taldea ondo ari da sasoi honetan, eta Sevilla indartsua kanporatuta ailegatu da Realaren aurkako lehiara. Gainera, aldeko ditu aurrekariak ere: txuri-urdinen kontra Kopan jokatu dituen azken sei kanporaketetatik bost gainditu ditu.

Ez alferrik, Betis izan da Reala kopatik kaleratzea lortu duen azken taldea. Birritan egin du hori; joan zen sasoian, eta 2018-2019ko denboraldian. Realaren helburua, ordea, bi sasoi horien artean egindakoa errepikatzea da. Garaikurra eskuratzea, alegia.

Bide horretan, bi ahoko ezpata da Koparen molde berria. Lehen bost kanporaketak partida bakarrera jokatzeak nabarmen urritzen du hutserako tartea; hutsik txikiena ere garesti ordain daiteke. Betisen gisako aurkariekin, zer esanik ez. Joko bizia egiten duen taldea da Manuel Pellegrinik entrenatutakoa, eta erraz egiten du kontrarioaren atera. Tentu handiz aritu beharko dute txuri-urdinek gaur.

Ezin da hutsik egin Kopan. Realak Leganesen aurkakoan ikasi zuen lezio hori; gehiegi erlaxatzea garesti ordaindu daiteke. Hargatik, Imanol Alguacil txuri-urdinen entrenatzaileak kontu handiz prestatu ditu orain arteko kanporaketa guztiak, eta gauza bera egin du oraingoan ere. Teknikari oriotarrak argi du zer lortunahi duen: «Aurrera egin nahi dugu. Zaleei izugarrizko ilusioa egingo die, eta guri ere bai. Finala gertu dago; egia da azken kanporaketak haiek irabazi dituztela, baina ezberdina izango da».

Halaber, prestatzaileak adierazi du ligako partidarekin zerikusirik ez duela izango gaur Anoetan jokatuko duten neurketak. Sevillan (Espainia), Betisek astindu egin zituen txuri-urdinak: 4-0. Abenduan izan zen hori, Reala bolada txarrean murgilduta zegoenean. Imanolen taldea suspertu egin da ordutik, eta distira berreskuratu du azken norgehiagokatan. Horren adibide da Atletico Madrilen aurka jokatutako kanporaketa. Txuri-urdinek nagusitasunez gainditu zuten aurkaria (2-0), Kopan beste urrats bat egiteko.

Zaleen babesa

Betisek ere xede berarekin ekingo dio Anoetako lehiari. Imanolek esan du zaila dela neurketaren nondik norakoak aurreikustea: «Ez dakit nolako partida izango den. Bi taldeek dugu jokatzeko gaitasuna, eta halakoetan zaila da jakitea zer gertatuko den. Pentsa daiteke nola izan daitezkeen gauzak, baina ez dakigu. Abantaila da etxean jokatzea, zaleak dauden moduan egonda». Prestatzaileak zaleei dei egin die, taldea une oro hauspotzeko.

«Taldea une onean dago, eta minez zeuden jokalariak osatu dira». Horra gailentzeko beharrezko osagaietako bat. Imanolek 24 jokalariko deialdia osatu du, eta, esan duenez, «denak jokatzeko moduan daude». Hala, txuri-urdinek ohiko hamaikakoa zelairatu ahalko dute gaur.

Betisek bestelako egoera du. Zenbait jokalari euren selekzioekin aritu dira aste honetan, Sevillatik urrun, eta deialditik kanpo geratu dira. German Pezzella, Guido Rodriguez, Andres Guardado, Diego Lainez eta Claudio Bravo dira horiek. Paul Akoukou, Victor Camarasa eta Cristian Tello ere zerrendatik at geratu dira.

Aldiz, Juanmi Jimenezek, Sergio Canalesek eta Willian Josek Donostiara bidaiatu dute, eta haien aurreko taldearen aurka neurtuko dira. Sasoi onean daude hirurak; Realean aritu ostean, Betisen hartu zuten ostatu, eta euren taldearen sasoi onaren erantzuleetako hiru dira.

Betisek sasoi honetako maila onaz baliatu nahi du Kopako garaikurra eskuratzeko, baina asmo horixe du Realak ere. Gaur irabazten duenak ilusioari eutsiko dio. Etxean jokatzearen abantailari estatistika gehitu nahi dio Realak: 2004tik ez du Anoetan galdu Betisen aurka. Gaur ere hala bada, baleko izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.