Bermeak eskuratzeko borrokan

Ricardo Barkala, Iñaki Aretxabaleta eta Jon Uriarte lanean ari dira larunbaterako behar dituzten 2.016 bermeak lortzeko. Athleticeko presidente izateko hautagai izango dira babes nahikoa lortzen badute

Ibaiganeko jauregiak maizter berria izango du ekainaren 25etik aurrera. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Aldaketak datoz Athleticen. Handiak edo txikiak, baina aldaketak. Etapa bat bukatu, eta bide berri bati ekingo dio laster Bilboko klubak. Hiru bide ditu aukeran: Ricardo Barkala, Iñaki Aretxabaleta eta Jon Uriarte. Hirurek zuzendu nahi dute talde zuri-gorria. Baina oraindik dena airean dago; gaur-gaurkoz, aurrehautagaiak dira denak. Izan ere, hautagai bihurtzeko, bazkideen 2.016 berme bildu behar dituzte. Larunbatera arte dute sinadura guztiak aurkezteko.

RICARDO BARKALA Presidente izateko aurrehautagaia
«Diruak zelaian egon behar du, ez kutxan»

Presidente izateko kargura aurkeztuko zela jakinarazten lehena Ricardo Barkala izan zen (Portugalete, Bizkaia, 1955). Baita bere asmoen berri ematen ere. EAJko Bilboko Udaleko zinegotzi ohia eta Bilboko Portuko presidentea da. Aspalditik ibili da haren izena Athleticen lehendakari karguarekin lotuta. Denbora dezente darama bere proiektua prestatzen. Igaro berri den astelehenean, hautatua ateratzen bada arlo ekonomikoan berarekin lan egingo duen taldearen berri eman zuen: Lorea Aristizabal, Juan Altzibar, Asier Zarraonandia eta Diego Bareño. Bilboko Portuko presidentearen esanetan, lantalde «profesionala eta eskarmentuduna».

Hautsak gehien harrotu dituen gaia prestatzailearena izan da. Denboraldia amaitu aurretik, Marcelino Garciak jarraituko ote zuen argi ez zegoenean, Barkalak aitortu zuen entrenatzaile batzuekin hitz egiten hasia zela: «Dagoeneko zazpi bat teknikarirekin mintzatu gara. Ez dago ezer lotuta; zer egoeratan dauden eta prest leudekeen jakiteko hitz egin dugu». Mauricio Pochettino lotu dute, egungo Paris Saint Germain taldeko prestatzailea.

Presidente izatera iristen bada talde lehiakor bat osatuko duela nabarmendu du: «Sekulako taldea osatu behar dugu. Nazioartean sona duten eta guk fitxatu ahal ditugun jokalari batzuekin hitz egin dut jada. Baina ez dut uste izenak emateko garaia denik». Hori bai, argi dauka non egon behar duen diruak: «Zelaian egon behar du, ez kutxan sartuta».

IÑAKI ARETXABALETA Presidente izateko aurrehautagaia
«Ez du zentzurikkirol zuzendari bat izateak Athleticen»

Proiektu «berritzailea» hitzeman du Iñaki Aretxabaletak (Bilbo, 1959). Vocento taldeko kontseilari delegatuamaiatzaren 19an azaldu zen estreinakoz, ondoan zuela Iñaki Goirizelaia, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izandakoa. Filosofia oinarri izanik, kluba eraldatu nahi du: «Gure filosofiari esker gara garena. Metodologia berritzaileak behar ditugu kirol arloan haziz joateko. Teknologiaren eta datu baseen laguntzarekin, jokalari hobeak hazi eta hartuko ditugu».

Lehen taldea sendotzeko jokalari batzuekin aurreakordioak sinatu dituela iragarri du. Hori bai, orain arte ezagutu den kirol zuzendari baten eginkizuna betetzen duen norbaiten beharrik ez du ikusten: «Athleticen moduko talde batean ez du zentzu handirik kirol zuzendari bat izateak. Gure merkatua oso txikia da: fitxaketak hau edo bestea dira. Ez gara ez Real Madril, ezta Sevilla ere».

Athleticen parte garrantzitsu bat Lezama da. Bertan zailtzen dira gero lehen taldean aritzen diren jokalari gehienak. Azken urteotan, talde askok gogor egin dute apustu harrobiaren alde, eta, hori ikusita, Aretxabaletak zuri-gorriena indartu nahi du: «Lezamak, formakuntzaren arloan, munduarentzat erreferentzia izan beharra dauka. Europan harrobia ondo zaintzen duten hainbat talderi egin diegu bisita, lan nola egiten duten jakiteko. Ligako talde batzuek aurrea hartu digute, eta hori onartezina da».

JON URIARTE Presidente izateko aurrehautagaia
«Kontratuekhelburuen araberakoak izan behar dute»

Aurkezten azkena izan da Jon Uriarte (Bilbo, 1979). Hiru aurrehautagaietan euskal hiztun bakarra eta gazteena da, alde nabarmenez, gainera. 43 urte ditu, eta beste biek, 60tik gora. Belaunaldi ezberdin batekoa delako-edo, bere kanpainaren zati handi bat sare sozialen bidez ari da egiten.

Azken urteotan, lehen taldeko jokalari batzuen soldatak fokupean egon dira. Zale batzuek iritzi zioten jokalariek gehiegi irabazten zutela; beste batzuk, aldiz, gustura zeuden. Uriartek, baina, kontratuak sinatzeko modua aldatu nahi du: «Kontratuek helburuen araberakoak izan behardute, eta ez finkoak. Enpresa pribatuen munduan asko erabiltzen da formatu hori. Uste dut egokia litzatekeela futbolean ere sistema bera ezartzea».

Athletic eraldatzea du xede, teknika berritzaileak erabilita, haren ustetan «makal» baitago Ibaiganeko kluba: «Uste dugu Athleticen egoera ez dela onena, baina, arlo finantzarioari begira, aktibo ikaragarriak ditu. Hori baliatu behar dugu».

Aretxabaletak ez bezala, kirol esparruan garrantzia ematen dio kirol zuzendariari: «Arrakastaren gakoetako bat lidergo bakarra izatea da, eta, eginkizun horretan, inportantea iruditzen zaigu kirol zuzendaria». Postu horretan aritzeko pertsona bat lotua duela jakinarazi zuen, baita entrenatzaile kargurako ere, baina oraindik ez du jakinarazi nor diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.