Frantziako Tourra

Merezitako saria lortu du

Magnus Cort Nielsenek irabazi du Frantziako Tourreko hamargarren etapa. 25 txirrindulari izan dira ihesaldian, eta haien artean erabaki da garaipena, esprintean. Tadej Pogacarrek lider segitzen du

Merezitako saria lortu du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Lehenengo asteak protagonista xelebre bat izan zuen izar guztiez gain. Magnus Cort Nielsenek (Education) ikuskizuna eman zuen Danimarkan, herrikideen aurrean. Besoak ere altxatu zituen mendate jendetsu batean, etapa irabazi izango balu bezala. Pinportadun maillot zuri-gorria soinean zuela, ihesaldi gehienetan izan da protagonista, eta inor gutxi harrituko zen atzo eguneko ihesaldian sartu zenean. Oraingo honetan, ordea, saria lortu zuen, Frantziako Tourreko hamargarren etapa irabazita. Garai bateko txirrindularien ausardiarekin, eta estilo partikularrarekin, esprintean irabazi zuen. Tropelak lasai hartu zuen eguna, baina Tadej Pogacarrek (UAE) jarraitzen du lider.

Egun bateko atsedenaldia izan eta gero, albiste txarrak izan ziren tropelean goizean goiz. Lau txirrindulari erretiratu egin ziren, eta horien artean George Bennett (UAE), COVID-19ak jota. Rafal Majka taldekideak ere positibo eman zuen, baina, karga biral apala zeukanez, Tourrean jarraituko du poloniarrak. Biak ala biak Pogacarren morroirik fidagarrienak izan dira orain arte, eta dagoeneko bi txirrindulari galdu ditu UAEk arrazoi beragatik.

Frantziako lurretan sartu zen berriro Tourra. 148 kilometro egin zituzten txirrindulariek Megaverairitsi bitarte (19,2 km, %4,1). Etapa laburra eta bizia izan zen, eta bero handiari egin behar izan zioten aurre. Ihesaldia sortzeko, lehia bizia izan zuten, eta 25 lagunek egin zuten aurrera. Ez zen faboritorik sartu, eta UAEk ontzat eman zuen. Haien artean izan zen Ion Izagirre (Cofidis).

Alberto Bettiolek (Education) bakarrik egin zituen hainbat kilometro aurrean, baina azken mendatea hasi bezain laster harrapatu zuen atzean zeukan taldeak. Lehia estua izan zuten aurrekoek, eta eraso asko jo zituzten txirrindulariek. Horren ondorioz, taldea asko murriztu zen, eta Izagirre atzean gelditu zen, erritmoari ezin jarraituz.

Bost kilometro falta zirenean Luis Leon Sanchezek (Bahrain) erasoa jo zuen, eta, 30 segundoren aldea lortu bazuen ere, hiru kilometro beranduago harrapatu zuten Matteo Jorgensonek (Movistar) eta Nick Schultzek (BikeExchange). Bi kilometro bakarrik gelditzen ziren, eta, esprinterako indarrak gordetzen ari zirela, harrapatu egin zituzten beste sei txirrindularik. Esprintean erabaki zen etapa, eta Cort Nielsen Schultzi gailendu zitzaion azken gerri kolpean.

Faboritoak zortzi minutu pasatxora heldu ziren helmugara, denak elkarrekin, eta Pogacarrek maillot horiarekin segitzen du. Lennard Kamna da orain bigarren (Bora), ihesaldian sartu eta gero.

Gaurtik aurrera, Alpeak

Gaur lehenengo etapa handia izango dute txirrindulariek, ibilbide motzekoa baina oso gogorra. Lau mendate igo beharko dituzte, horien artean Col du Galibier eta Col du Granon, biak maila berezikoak. Lehenengoa aurtengo Tourreko tontorrik garaiena da: 2.642 metro (17,7 km, %6,9). Horixe igo eta jaitsiera luze baten ondoren, Granon mendatearekin egingo dute topo (11,3 km %9,2). 1986. urtean izan zen azkenekoz Frantziako Tourra bertan, eta han amaituko da etapa. Bertan ikusiko dazein den UAEren egoera, eta aurkariek nola jokatuko duten Pogacar liderraren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.