Realak poparean jarri nahi du

Txuri-urdinek sasoiko hirugarren garaipena eskuratu nahi dute, Atletico Madrilen kontra. Sadiq Umar eta Alexander Sorloth deialdian sartu ditu Imanolek: «Prest daude, gutxi entrenatu duten arren»

Sadiq Umar, irribarretsu, atzo goizean Anoeta estadioan egindako entrenamenduan. Alexander Sorloth ere ageri da, hari begira. MANIX DIAZ DE RADA.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
John Toshack Realeko entrenatzaile ohiak behinola esandakoa da Donostian futbolaz ez dela hitzik egiten Kontxako Bandera amaitu artean, baina Imanol Alguacil egungo teknikariak, afizioa bazter utzi, eta ofizioari erabat helduko dio aurtengo irailean.

Izan ere, futboleko sasoi hasierak denboraldi osoa baldintzatu dezake. Espainiako Ligak hilabeteko etena egingo du azaroan, Qatarko Munduko Kopa dela eta, eta ordura arteko lanak ezarriko du sasoiaren norabidea.

Hasi, ondo hasi da Reala. Garaipenaren olatuan da berriz ere Elxen irabazita, eta Atletico Madril menderatu nahi du gaur, baga bati bestea lotzeko. Lau jardunaldietatik hirutan irabazita, poparean jarri, eta abailan ailegatu nahi du Europa ligako estreinaldira: Old Trafforden jokatuko du ostegunean, Manchester Uniteden aurka. Bi aurkari indartsu izango ditu aurrean, egun gutxian.

Pandemiak behartutako etenaren osteko lehen partidetan, klubak olana bat jarri zuen Anoetako harmailetan. Imanol patroi agertzen zen, eta haren jokalariak, berriz, arraunean. Bat eginda aritzearen metafora, huraxe. Jokalari batzuk badira kirol horren zale. Esaterako, Asier Illarramendi kapitainak Eusko Label ligako estropadak ikusi ditu aurten —Getarian (Gipuzkoa), lagun baten itsasontzitik—.

Oraingoan, ordea, Toshacken esanei entzungor egin, eta futbolean dute arreta osoa. Ez alferrik, erronka handia baitute: Atletico Madril beti da talde makurra, eta aurkaria mugaraino eramaten du.

Zer esanik ez beharra duenean. Diego Pablo Simeoneren taldeak gorengo koskan egotea du xede, baina Realak adina puntu ditu sailkapenean. Bederatzi puntuetatik sei bilduta, olatu zulotik ihes egin nahi du. Hargatik, neurketa zaila izango dela uste du Imanolek, txuri-urdinen entrenatzaileak: «Lehia gogorra izango da, beti bezala. Halako arerioarekin, erraza ez da izango, baina betikoa esango dut: zaleen aurrean ariko gara, Anoetan, eta irabazi egin nahi dugu. Hori izango da gure helburua: ondo jokatzea, irabazteko».

Prestatzaile oriotarraren esanetan, Atletico Madrilen aurkakoa «ohiko partida bat» izango da. Dena den, entrenatzaileak zalantzan jarri du lau edo bost atzelarirekin ariko diren: «Partidan zehar ere aldatzen dira gauzak, jokoak agintzen baitu sarri».

Daudenak eta ez daudenak

Merkatuko gorabeherek bizitu dute Realaren uda. Azken egunera arte izan da jokalarien joan-etorria, eta Alexander Isaken salmenta izan da jiraren baliza. Suediarra Newcastlera joan izanak birarazi du egoera. Txuri-urdinak Anoetan aritu ziren azken aldian, orain bi aste, Isakek sartu zuen etxekoen gola. Hura gabe ariko da gaur Reala, estreinakoz.

Realak Sadiq Umar eta Alexander Sorloth fitxatu ditu haren ordez —norvegiarra, utzita ariko da berriro—. Arrapaladan batu dira multzora: Imanolek deialdian sartu ditu biak. Aurrelari nigeriarra, Donostiara ailegatu eta bi egunera: «Izugarrizko sakontasuna emango digu, lehiakortasuna eta areako gosea. Gol sena ere badu, eta abiadura ere bai. Azkenaldian falta zaizkigun gauza asko ditu», esan du Imanolek.

Udan harrabotsa sortu du Antoine Griezmann fitxatzeko aukerak, baina ez da halakorik izan. Realeko harrobiko jokalaria espainiarrekin ariko da gaur arratsaldean. Ikusteko dago jokatuko duen: «Bat edo beste aritu, talde izugarria du Atletico Madrilek».

REALA-ATLETICO MADRIL

Reala. Remiro; Sola, Aritz Elustondo, Le Normand, Aihen; Merino, Zubimendi, Silva; Brais, Kuboeta Cho.

Atletico Madril. Oblak; Gimenez, Witsel, Reinildo; Marco Llorente, Kondogbia, Koke, De Paul, Carrasco; Joao Felix eta Morata.

Epailea. Soto Grado.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua. 18:30 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.