Saharako okupazioa betikotzen duen ituna babestu du europarlamentuak

Maroko eta Europako Batasunaren arteko arrantza akordioaren alde egin dute 415 europarlamentarik. EBko Justizia Auzitegiak duela urtebete ebatzi zuen ituna ezin zela aplikatu Mendebaldeko Saharan

Sahararrek itunaren kontra egindako elkarretaratzea, Aaiunen, Mendebaldeko Saharan. BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Interes ekonomikoak sahararren giza eskubideen gainetik jarriz, eta nazioarteko zuzenbidearen aurka eginez, okupazioa bermatzen eta betikotzen duen akordio bat babestu du Europako Parlamentuak: EB Europako Batasunaren eta Marokoren arteko arrantza akordioa. Duela urtebete, EBko Justizia Auzitegiak berak ebatzi zuen ituna ezin zela aplikatu Mendebaldeko Saharan. Haren txosten juridikoari muzin eginez, baina, akordioaren alde egin dute 415 eurodiputatuk —popularrek, liberalek eta sozialdemokratek babestu dute—. Beste 189 diputatuk aurka egin dute, eta 49k abstentzioa eman dute.

Bozketa egin aurretik, ituna zilegia ote den eta zerbitzu juridikoen ebazpenarekin bateragarria ote den argitzea eskatzen zuen ebazpena bozkatu zuten. Florent Marcellesi EQUOko eurodiputatuaren ekinaldiak, baina, kontrako 415 boto jaso zituen.

EBk eta Marokok joan den urtarrilaren 14an berritu zuten arrantza akordioa, eta eurodiputatuek atzoko bozketarekin babestu zuten ituna. Horri esker, Europako Erkidegoko 128 ontzik 85.000 tona arrantzatu ahalko dituzte urteko Ipar Afrikan —Euskal Herriko bi arrantzontzi daude tartean—. Marokok, trukean, 153,6 milioi euro jasoko ditu itunak iraungo duen lau urteetan, urtetik urtera gehiago, eta, beti, aurreko protokoloan baino kopuru handiagoa —urteko 40 milioi jasotzen zituen orain arte—. Uztailaren 14tik, aurreko akordioa iraungi zen egunetik portuan zeuden ontziak udaberrian itsasoratuko dira.

Marokok bereziki okupatua duen lurraldeko uretan arrantzatzen du: Mendebaldeko Saharan. Melchior Wathelet EBko Justizia Auzitegiko abokatu orokorrak berak ohartarazi zuen harrapatzen denaren %91,5 sahararren uretan egiten dela. ODHE Mediterraneoko Giza Eskubideen eta Negozioen Behatokiak aste honen hasieran plazaratutako txostenean ohartarazi du ituna estraktibismora bideratuta dagoela eta okupazioa sakontzen duela. Era berean, erakundeak salatu du Mendebaldeko Saharako jatorrizko herritarrek ez dutela euren baliabide naturalak kudeatzeko modurik: «Sahararrek apenas jaten duten arrainik, esportaziorako produktua baita, eta oso garestia. Oreka demografikoan ere eragina du esplotazio eredu honek; izan ere, marokoarrak aritzen dira sektorean, legez kanpoko okupazio zibila sustatuz». 120 elkartek eskatu zuten itunaren kontra egiteko.

Fronte Polisarioaren kritika

HRW Human Righ Watch erakundea bozketaren emaitza baldintzatzen saiatu da, eurodiputatuei bidalitako gutunean gogorarazi baitie akordioak nazioarteko zuzenbidea urratzen zuela.

Fronte Polisarioarena izan da, dena den, kritikarik zorrotzena. Mohamed Sidati Fronte Polisarioko Europarako ordezkariak emaitza deitoratu du, eta salatu du «legez kanpoko itunaren onarpena lege borroka baten hasiera» izango dela. Fronte Polisarioak auzitara joko du akordioak «oinarri juridikorik eta moralik» ez duela ulertuta. EBri Marokoren okupazioaren konplize izatea leporatu dio Sidatik: «Konplizitate hori egongo ez balitz, gure herriaren gatazka honezkero konponduta egongo litzateke».

Parlamentuko Arrantza Batzordeak ezarritako emendakinaz ere mintzatu da. Akordioa «tokiko biztanleen» baimenarekin egin behar zela eskatu zuen, eta, itunak herritarren artean «galdeketa» egin dela dioen arren, «kontsultak faltsuak» izan zirela adierazi du ordezkari sahararrak: «Polisarioa da sahararren ordezkari legitimoa, eta ez zuen parte hartu, printzipioz itunaren kontra dagoelako».

Marokok, aldiz, txalotu egin du, lurraldearen gaineko «subiranotasuna» aitortzen diolako: «Testuak esplizituki zehazten du arrantza eremua hegoaldeko 20 paraleloraino heltzen dela, Lurmutur Zuriraino, Dakhlaraino». Itunak, dena den, argi azaltzen du ez duela aurrez iritzia ematen «estatusaren inguruko prozesu politikoaren emaitzaz». Marokok 1975ean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.