Txoria noiz ailegatuko zain

Marraztearen sormen lanetik abiatuta, 'Txori bat leihoan' erakusketa zabaldu du Maite Gurrutxaga ilustratzaileak. Donostiako Tabakalera zentroko Kutxa Kultur plazan dago ikusgai, apirilaren 22ra arte

<em>Tigre batekin bizi</em> poesia liburuko ilustrazio bat.
Tigre batekin bizi poesia liburuko ilustrazio bat. MAITE GURRUTXAGA

Andoni Imaz -

2019ko otsailak 22

Marrazkietan ageri denak bezainbesteko garrantzia dauka bistakoa ez denak Maite Gurrutxaga ilustratzailearentzat (Amezketa, Gipuzkoa, 1983). Ikusleari ate bat —edo leiho bat— zabalik uztea gustatzen zaio, hark bere baitan osatu dezan begiekin ikusitakoa. Katapulta plataformarekin, erakusketa bat jarri du Donostiako Tabakalera zentroan, Kutxa Kultur plazan. Bost liburutatik ateratako 21 ilustraziok eta zazpi bozeto liburuk osatzen dute lan sorta. Sortzaile baten lan prozesuari eman nahi izan dio garrantzia, lanerako proposamen bat jaso eta marrazten hasi bitartean marrazkilariaren barruan gertatzen den horri. Txori bat leihoan izena jarri dio erakusketari: «Txoria ideia da, eta leihoa zure irudimena edo zure eta munduaren arteko zatitxo hori». Atzo inauguratu zuten, eta apirilaren 22ra arte egongo da ikusgai.

Kutxa Kultur plazako kristaletik sartzen diren eguzki izpiek bete-betean jotzen dute Gurrutxagaren lanen gainean. Bitan banatuta dago erakusketa: alde batean, zirriborro koadernoak daude; bestean, liburuetako lanak. Ez dira lan asko, eta multzokatuta daude, liburu bakoitzetik lau edo bost aukeratuta: «Pentsatu nuen nolako erakusketa gustatuko litzaidakeen ikustea, zer ikusi nahi nukeen besteen lanetik». Muinera jo zuen, margolan originaletara: «Gustatzen zait gerturatu eta musua sartzea marrazkietan, ikusteko nola dauden eginda».


Maite Gurrutxaga ilustratzailea, bere ilustrazio batekin alboan, Tabakalerako erakusketan, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU

Ilustratzaileak ez zuen askorik bete nahi erakustokia, barruan nahikoa xehetasun dutelako lanek; «asko gerturatzeko lanak» dira. Irudi bakoitzaren aurrean gelditu, eta tarte bat hartzera gonbidatzen du ikuslea.

2008an hasi zen Gurrutxaga liburuei irudiak jartzen, eta ordutik askoren testuak ilustratzeko aukera izan du. Erakusketan ikus daitezke, adibidez, Ernst Hoffmanen eta Virginia Woolfen lanen gaztelaniazko itzulpenetarako egindako marrazkiak: Cascanueces y el Rey Ratón (Nordica, 2018), eta Las aventuas agrícolas de un cockney eta Las aventuras de un padre de familia (Nordica, 2017), hurrenez hurren. Haurrentzako literaturan ere aritu da; horren adibide dira, besteak beste, Maria Barandarekin egindako La enorme nada (FCE Mexico, 2015) eta Alaine Agirrerekin osatutako Martin (Elkar, 2016). Harkaitz Canoren poesiari ere ilustrazioak jarri zizkion Tigre batekin bizi (Elkar, 2017) liburuan.

Idazleek testua bidaltzen diotenetik marrazkia egiten hasten den arte, gauza asko gertatzen dira. «Ariketa hori norberarena da, ilustratzailearena: testu bat ilustratzen ari zara, baina zure prismatik eta zure ikuspegitik». Lanean hasi aurretik ideiari bueltaka ibili ohi da, testua landu, barneratu, eta irtenbidea aurkitzeko.

Erakusketa parez pare ikustean, deigarria da kolore berdearen erabilera, Tigre batekin bizi-n, batez ere; berde ilunak hartzen du ilustrazioen zati handi bat. «Berdea da kontrolatzea gehien kostatzen zaidan kolorea», aitortzen du egileak, baina hura erabiltzera eraman zuen lanak. Canorekin egindako laneko berdea «desatseginagoa» da, Gurrutxagaren ustez, baina kolorea erabili zuen Cascanueces y el Rey Ratón-en ere. Istorioak etxe barruan gertatzen dira, eta lotura bat egin nahi zuen: «Hor badago kanpokoa barrura ekartzearen ideia».

Tigre batekin bizi liburuak baditu berezitasun batzuk. Canok berak proposatu zion proiektuan parte hartzeko. Hark tigre batez hitz egiten du poemetan, eta hitzetan ageri da animalia, baina Gurrutxagak uste du hartzailearen arabera gauza bat edo beste bilakatu daitekeela: «Sentsazio bat edo atmosfera bat, karga bat edo pisu bat, norberak ikus dezala». Hark ez zuen tigrerik marraztu nahi, atmosferaren parte izatea baizik, irakurleak bilatu eta jolas egin zezan.

Liburuetako lan originalak erakustean, ez da ordenagailuz egindakorik ageri: «Oso gutxitan erabiltzen dut ordenagailua, bakarrik proiektuak hala eskatzen duela ikusten badut». Liburuetarako marraztu ohi duenez, eskuzko tekniketara jotzen du normalean. Xehetasun askoko lanak egiten ditu, behin eta berriz marraztu eta ezabatzekoak. Dena den, laneko dinamika horretatik ateratzen zuen zerbait sortu nahi zuen, eta horretarako baliatu zituen bozeto koadernoak. «Bozetoetan behartu egin dut neure burua: debekatu egin diot xehetasunak marrazteko grafitozko arkatza erabiltzea. Batzuetan, abiapuntua mantxa da; besteetan, paper zati bat, eta beste batzuetan, ezer ere ez, boligrafoarekin hasten naiz zuzenean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna