Austriako kantziler kargua galdu du Kurzek, zentsura mozio baten bidez

'Eivissa auziaren' ondorioz, oposizio guztiak bat egin du agintari kontserbadorearen aurka. Kurzek gobernukide izan duen FPO alderdi xenofoboko diputatuek babestu egin dute zentsura mozioa

Sebastian Kurz Austriako kantziler kargugabetua, atzoko bozketaren ondoren. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Julen Aperribai.
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Historian lehenengo aldiz, gobernu baten aurkako zentsura mozioak aurrera egin du Austrian. Hala kargugabetu zuen Austriako Parlamentuak Sebastian Kurz kantzilerra, atzo arratsaldean. 110 parlamentarik babestu zuten zentsura mozioa; tartean, FPO alderdi utraeskuindarreko diputatuek, duela egun gutxira arte Kurzen gobernukide izan direnek.

Trantsizio gobernu bat osatzea dagokio orain parlamentuari. Irailean egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak, eta ikusteko dago ordura arte nor izango den agintean. Alexander Van der Bellen presidenteak proposatu beharko du gobernuburua orain, eta parlamentuak hura babestu beharko du.

Kurz 2017an iritsi zen agintera, eta urte eta erdiz izan da Austriako kantzilerra. Gobernu koalizioa osatu zuten haren OVP alderdi kontserbadoreak eta FPO ultraeskuindarrak. Eskuin muturraren gorakada Europan hain nabaria egin aurretik,Austrian jada gobernua ultraeskuina babesten ari zen. FPO hirugarren indarra izan zen 2017ko bozetan. Immigrazioaren aurkako adierazpen gogorrek ezaugarritu dute alderdiaren diskurtsoa, besteak beste. Ultraeskuindarren eta kontserbadoreen arteko koalizio gobernua hautsi egin zen, ordea, duela bi aste, Eivissa ustelkeria kasuaren harira.

Alemaniako bi hedabide ezagunek argitara emandako bideo batek hasi du krisia gobernuan. Heinz-Christian Strache FPOko buruzagi ohia eta duela gutxira arte herrialdeko kantzilerorde zena ageri da bideoan. Hain zuzen, 2017an Eivissako (Herrialde Katalanak) etxe batean ezkutuan grabatutako bideoa da, Austriako legebiltzarrerako hauteskundeak baino hiru hilabete lehenagokoa. Bideoan ikus daiteke Strache emakume bati kontratu publikoak eskaintzen, hauteskunde kanpaina diruz laguntzearen truke.

Bideoa publiko egin eta gutxira dimititu zuen Strachek, baina segida izan du ustelkeria auziak, eta, herritarren eta oposizioaren presioak bultzatuta, Kurzek gobernu koalizioa hautsi zuen. Horren ostean, kantzilerrak kargutik kendu zuen Herbert Kickl Barne ministroa, eta ultraeskuindarrek gobernutik ateratzeko erabakia hartu zuten. Egoera nahasiak hala behartuta, hauteskundeak irailera aurreratu zituen Kurzek.

Strache, Europara

Austriako Parlamentua utzi behar izanak ez dio eten ibilbidea Stracheri, Eivissaauziko protagonista nagusiari. Kontrara, aulkia lortu zuen igandean Europako Parlamentuan, 33.000 botorekin.

Kurzek ere ez ditu nabaritu auziaren ondorioak, berriz ere OVPk irabazi baititu Europako hauteskundeak, botoen %35ekin —2014an baino zortzi puntu gehiago—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.