Etxean bezala

Philippe Gilbertek irabazi du Bilbon amaitu den Klasiko itxurako etapa, Vueltako hamabigarrena. Aranburu bigarren izan da berriro. Roglicek aise eutsi dio lidergoari

Etxean bezala.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Mikel Iturriak (Euskadi-Murias) Urdazubin (Nafarroa) egindako balentriaren ondotik, beste garaipen handi baten atarian gelditu zen atzo Euskal Herriko txirrindularitza, Nafarroako zirkuituan hasi eta Bilbon (Bizkaia) bukatu zen etapan. Amaierara arte borrokatu ziren Caja Ruraleko Alex Aranburu eta Muriaseko Fernando Barcelo espainiarra, baina txapeldun handi bat izan zuten aurretik: Philippe Gilbert (Deceuninck). Etxeko txirrindularien eta taldeen aurka, etxean bezala aritu zen.

Klasikozale amorratua izanik, ibilbide paregabea topatu zuen azken kilometroetan, errepide estu eta mendate labur eta pikoekin. Arraiz zen horietan azkena (2,2 kilometro eta %12,2ko pendiza), eta han bere legea ezarri zuen Gilbertek. Bizi abiatu, eta bakarrik egin zuen helmugarainoko bidea.

Seigarren garaipena du munduko txapeldun ohiak Espainiako Vueltan. Aranburu, berriz, bere lehen etapa irabaztear egon zen berriro. Bigarren izan zen zortzigarren etapan, eta postu berarekin konformatu behar izan zuen atzo. Ahalegin betean jardun zen, herenegun ere ihesaldian sartu ondotik, eta amaieran oso estu hartu zuen Gilbert. Ziztu bizian jaitsi zuen Arraiz, Barcelorekin batera, eta, azkenean, hiru segundo eskasera sartu zen helmugan.

Etapa bizia izan zen hasiera-hasieratik. Ibilbideak ez zuen aparteko zailtasunik lehen 100 kilometroetan, baina tropela abaila batean joan zen. Talde gehienek egin nahi zuten tokia ihesaldian, eta asko kostatu zen eten erabakigarria egitea. Saiatu ziren Thomas De Gendt (Lotto Soudal), Patrick Bevin (CCC), Remi Cavagna (Deceuninck)… Baina alferrik. Antzuak izan ziren ahalegin guztiak. Harik eta Otxandio (Bizkaia) osteko jaitsieran Willie Smithek (Katuxa) aurrera egitea lortu zuen arte. Hemezortzi txirrindulari irten ziren haren atzetik, eta hala osatu zen eguneko ihesaldia, etapa hasi eta 110 kilometrora.

Bertan tokia egin zuen Aranburuk, Jonathan Lastra taldekidearekin batera. Bilbotarrak bazuen etxean distira egiteko ilusioa. Haiekin batera, Gilbertek berak, Tsgabu Grmayk (Mitchelton), Nikias Arndtek (Sunweb), Valerio Contik (UAE) eta Felix Grosschartner (Bora) egin zuten ihes. Aurreko multzoa eratu orduko, hanka altxa zuten atzean, eta, hala, lasterketa burukoak 5.40ren aldearekin hasi ziren Urriztimendi (2,5 kilometro eta %9,2) igotzen. Han, Marco Marcatok (UAE) hartu zuen gidaritza, eta haren erritmoak jokoz kanpo utzi zuen John Degenkolb (Trek).

Mendatean minutu bat baino gehiago kendu zion tropelak ihesaldiari, Robert Gesinken (Jumbo Visma) lanari esker. Edonola, beste talderik ez zen batu jazarpenera. Aurrean zen etapa, eta berehala hasi ziren erasoak. Lastrak saiakera ausarta egin zuen helmugatik 32 kilometrora, akaso Iturriak bezperan egindakoa gogoan, baina ez zuen urruti iristerik izan. Saiakera mehatxagarriagoa egin zuten Grosschartnerrek eta Grmayk Gangurenen (4,3km eta %7,7). 40 segundoren aldearekin harrapatu zuten gaina, helmugatik 27 kilometrora. Apustu serioa zen.

Tim Declerqek (Deceuninck), ordea, suhiltzaile lana egin zuen, eta bide eman zion Gilberten eraso erabakigarriari. Bederatzi kilometro falta zirenean abiatu zen belgikarra, Arraizko malda pikoetan. Hasieran ondo itsatsi zitzaion Barcelo, baina, bigarrenez erritmoa aldatu, eta orduan bai, bakarrik gelditu zen buruan. Arriskurik hartu gabe jaitsi zen Bilbora, batere urduritu gabe. Lasaitasun berarekin jardun zen Primoz Roglic (Jumbo Visma) liderra. Arazorik gabe eutsi zion Miguel Angel Lopezek (Astana) egindako ahalegin herabeari.

Bilbotik Machucosera

Esloveniarrak lan gehiago izango du gaur, Bilbotik abiatu eta Machucos gogorrean bukatuko den 166 kilometroko etapan. Bigarren mailako bi mendate eta hirugarren mailako lau igoko dituzte, maila bereziko Machucosera iritsi aurretik. 6,8 kilometro besterik ez du, baina oso gogorra da: %9,2ko batez besteko pendiza dauka, eta %25era iristen diren zenbait malda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.