Noiz sortua: 2019-11-01 00:30:00

Zeru-lurrak lerrokatzen

Menaren zuzendaritzapean, EOSek Gustav Holsten 'Planetak' eta Gabriel Erkorekaren 'Zuhaitza' emango ditu heldu den astean, bigarren hori Kalakanekin
Ezkerretik eskuinera, Jamixel Bereau, Juanjo Mena, Oriol Roch eta Gabriel Erkoreka, atzo, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan, Donostian.
Ezkerretik eskuinera, Jamixel Bereau, Juanjo Mena, Oriol Roch eta Gabriel Erkoreka, atzo, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko azaroak 1

«Batek ez du inoiz ahazten non hasi zen». Horregatik, Euskadiko Orkestra Sinfonikora itzultzea beste ezeren gainetik «elkar aurkitzea» dela sentitzen du Juanjo Menak. EOSek programa berria aurkeztu du, datorren astean estreinatuko duena; «programa berezi eta asko itxarotako bat», Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiaren hitzetan. Asko itxarotakoa, batik bat zain egon direlako, Menak agendan leku bat noiz izango. Haren zuzendaritzapean, programak bi protagonista nagusi izango ditu: Gustav Holstenen Planetak obra klasikoa, eta Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obra garaikidea. Euskal Herriko artistak bilduko dituelako ere izango da berezia; izan ere, Vocalia Taldeak hartuko du parte Planetak-en, eta Kalakan hirukoteak, berriz, Zuhaitz-en. Banan-banan, guztien parte-hartzea nabarmendu du Menak: «Beti esaten diet orkestrako kideei: 'Ni ibil naiteke hortik zuzentzen, baina zu ere hor zaude, nirekin jo zenuena, eta zure denborako minutu batzuk eskaini zenizkidana, nik ikas nezan'. Ez da ahaztu behar musikariaren eta zuzendariaren artekoa energia truke etengabe bat dela».

Holsten bi piezaren artean, programaren erdigunean izango da Erkorekaren Zuhaitz obra. 2016ko martxoan estreinatu zuten, Madrilen, Espainiako Orkestra Nazionalarekin eta Menaren zuzendaritzapean, eta ordutik ez da berriz jendaurrean erakutsi. Euskal Herriko estreinaldia eskainiko du EOSek, beraz, datorren astean. Izenburuak, sinbolikoki, «bizia hartzen duen zuhaitz bati» egiten dio keinu, Erkorekaren esanetan. «Egurra da piezaren oinarriko materiala, batez ere Kalakan-en txalapartaren bitartez, baina baita orkestrako hainbat instrumentutan ere: marinba, xilofonoa, egurrezko taulak...». Obraren egitura bera ere «adarkatuz» doala adierazi du, «testura ezberdinak lortuz, solistentzat erresonantzia kutxa handi bat bilakatzen den arte». Ez du ezkutatu, halaber, obrak gordetzen duen mezu ekologista: «Are gehiago, har daiteke naturaren aldeko oihu bat bezala».

Horrekin batera, musika «kultuaren» eta folklorearen arteko uztarketa bat ere jasotzen du piezak. Hori izan da, hain justu, lan honen erronka konpositorearentzat: «Ahozko tradiziotik datozen Kalakan-eko musikariak eta orkestrakoak uztartzea, zeintzuek azken detailera arte duten dena partituran jasota». Obra idazten hasi aurretik, Erkoreka bera hurbildu zen Kalakan-ekoengana, txalapartarekin eta orkestrarekin pieza bat egin nahi zuela esanez. Haiek beste hainbat instrumentu erakutsi zizkioten (adarra, danborrak, tobera, alboka...), eta buruan zuen asmoa erabat aldarazi zioten. «Ideia, azkenean, Kalakan-i bete-betean egokitzen zaion obra bat egitea izan da». Menak erantsi du guztien gozamenerako lan bat dela emaitza: «Orkestraren mundua hain da zurruna, tarteka ito egiten du. Hemen, denok esperimentatu ahalko dugu zerbait libre eta freskoa».

Jamixel Bereau Kalakan taldeko kideak, bestalde, aitortu du eurentzat dena «abentura handi bat» izan dela. Kontatu du musika garaikidea euren mundutik oso urruti sentitzen zutela Erkoreka haiengana joan zenean, ez zutela ezer ulertzen elkarlanean hasi zirenean. Bidean, buelta eman du denak: «Hizkuntza berri bat ikasi dugu, ez genuena ezagutzen. Hastapenean, bagenituen partitura batzuk, eta ez genuen ezer ulertzen. Pixkanaka-pixkanaka, hasi gara ulertzen, entzuten, baita irudiak ikusten ere». Orain uste du, baina, esperientziak haien unibertsoa ireki eta eraldatu egin duela. «Kalakan-en biharko musikan ere hor izanen da».

EOSeko zuzendariak ere aurreratu du hirukotearekin lanean segitzeko asmoa dutela: «Erabat murgilduko gara Kalakan-en unibertsoan, eta programa esklusibo oso bat egingo dugu».

Holsten planetak, koroz

Orkestrak Holsten konpositore klasikoaren obra batekin zabalduko du programa, eta beste batekin itxi. Inoiz gutxitan interpretatzen den pieza batekin hasiko dira, Rig Vedako ereserki koralak-ekin, eta Planetak ezagunarekin amaituko dute. Mena: «Halako pieza ospetsuek duten arriskua hori da, jendeak zerbait berria jaso, baina dakiena errekonozitu nahi izaten du».

Menak hala nahita kantatuko du Vocalia Taldeak Planetak-en. Eta aukeragatik eskertuta agertu da Arantxa Vega, taldeko guztien izenean. Basilio Astulezek zuzentzen du emakumez osatutako taldea, eta haien kontzertuetan erakusten ari diren «kalitate izugarria» goraipatu du Menak. 16 urte zituela Gasteizko eskola batean koro bat zuzendu zuela ekarri du gogora, eta orduan 8-14 urte arteko neskak ziren asko topatu ditu orain Vocalia Taldean. «Oso hunkigarria zait hori».

Kontzertuak ohiko hiriburuetan emango dituzte: astelehenean abiatuko dira Gasteizko Principal antzokian; hilaren 5ean, Iruñeko Baluarten izango dira; 6an eta 7an, Donostiako Kursaalean; eta, 8an, ostiralez, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Txagorritxu ospitaleko laborategiko irudi bat. ©Gorka Rubio / Foku

Datuen peskizan (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna