Ezkutukoaren esanahiak

David Jimenezen hiru argazki serie jarri dituzte Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Irailera arte egongo da erakusketa, baina, koronabirusaren eraginez, museoa bi astez itxita egongo da

David Jimenezen Aura serieko argazki bat. Erakusketan serie horretako eta Erroma eta Versus-eko argazkiak jarri dituzte ikusgai. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ageriko loturarik ez duten baina elkarrekin lotzen diren errealitate zati txikiekin erakusten du mundua David Jimenez argazkilari espainiarrak (Alcala de Guadaira, 1970). Irudikapenaren mugak aztertuz abstrakziora hurbiltzen da bere lanetan, ikuslearen intuizioa pizteko. Argazki liburua du lan tresna nagusia, baina oraingoan argazkiak, proiekzioak eta instalazioak jarri ditu ikusgai Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Universos (Unibertsoak) erakusketa osatu du 25 urteko ibilbideko lanekin, hiru serieren inguruan egituraturik: Erroma, Aura eta Versus. Bihartik aurrera, museoa itxita egongo da, bi astez, koronabirusak sortutako egoera dela eta. Gero, erakusketa irailaren 20ra arte egongo da zabalik.

Jimenezek irudien arteko elkarrizketak sortzen ditu argazkietan. Errealitatea modu zatikatu eta anbiguoan erakusten du, eta ikuslearen konplizitatea bilatzen du, behaketaren bitartez irudiak «aktiba» ditzan, bere esperientzia pertsonaletatik abiatuta. Erakusketarako aukeratu dituen obrak egin dituen bidaien emaitza dira, baina baita lan sakon baten emaitza ere: etengabeko esplorazioaren eta irudien arteko erlazioen bilaketaren ondorio.

Eraldaketaren ideiak toki handia du Jimenezen lanean: irudiak euren artean mintzatzen dira, eta elkarrizketa horretan elementuek eraldatzen ari diren itxura hartzen dute. Haren obra literaltasunetik urruntzen da, eta abstrakziora hurbiltzen. Izan ere, artistak ez du helburu dokumental edo narratiborik, eta irudiak espazio eta denbora errealetik bereizten ditu. «Irudi biluziak gustuko ditut: elementu bereizgarri ia denak desagertzen direnean, esentziari tokia egiteko», adierazi du. Kolorea baztertu du argazki gehienetan, argien eta itzalen adierazkortasuna baliatzeko.

Erroma eta Aura proiektuak museoaren 0. solairuan daude. Erroma bilduma hiri horretako Espainiako Errege Akademian egindako egonaldi batean sortu zuen, 2016. eta 2017. urteen artean. Bildumako lanetan pisu handia du denborak objektuetan eragiten dituen aldaketak: «Denborak marrazkiak sortzen ditu materialetan, eta Erroma denboraren lana aztertzeko laborategi izugarria da». Haren lanean, oro har, zatikatzeak garrantzi handia du, nahiago baitu gauzak iradoki edo partzialki erakutsi, errealitate agerikoak islatu baino. Enkoadraketarekin, ikuspegiarekin eta argiarekin jolasten du horretarako.

Erroma proiektuaren kasuan, naturako elementuak —ura, kea, airea...— antzinako eskulturen xehetasunekin tartekatu ditu, denboraren aztarna iradokitzen duten testurak sortzeko. Aldi berean, irudikatutako objektuen zati batzuk ezkutatu ditu, ikuslearen esperientzia «bere bizipen eta oroitzapenetarantz» eramateko helburuarekin, haren intuizioa pizteko. Abstrakzio puntu bat izan arren, Erroma da serie bakarra zeinean erreferentzia geografikoak identifika daitezkeen.

Aura seriea 2006. eta 2018, urteen artean Indian hartutako irudiek osatzen dute. Jimenezek esperimentazio lan sakona egin zuen herrialde horretan, eta hasieran argazki-liburu formatuan erakutsi zuen emaitza, 2018an. Han egon zenean, ez zuen bilatu ikuspegi dokumental batetik Indiako eszena kultural eta sozialak jasotzea, baizik eta «bokazio esentzialista» zuten irudiak lortzea, «garai zehatz baten arrastoa utziko duten erreferentziarik gabekoak». Izan ere, artistarentzat, Indian «gauza arraro eta paradoxiko asko daude».

Proposamena Erroma-koa baino erradikalagoa da. Proiekzioen eta koadroen bitartez, artistak irudiak kontrajartzera jokatu du, anbiguotasuna sortuz. Argazkietan elementu ugari nahasten dira: sua, kea, txoriak, gizakien aurpegien xehetasunak, itzalak, erreflexuak... Hala, ikusleak ez daki ikusten duena benetakoa den.

Versus proiektuak Dorrea aretoa hartzen du, eta, kontrasteei dagokienez, planteamendurik muturrekoena egiten du. Gela bi zatitan banatu dute: alde bat zuriz margotu dute, eta bestea, beltzez. Artistaren helburua bi munduren arteko «dualtasuna» sortzea izan da. Argazkiak minimalistagoak dira: ate azpitik sartzen den argi izpi bat, txori bat, harean sortzen diren uhinak... Aretoaren alde batean dauden irudietako batzuk bestean daudenekin erlazionatzen dira; modu horretan, simetriak sortu ditu bi unibertsoen artean, eta ikuslea bere ibilbidea bilatzera gonbidatu du; «errealaren eta ukiezinaren arteko ziurgabetasunean» murgiltzera.

Ikuslearen rol aktiboa

Argazkilariak «pistak» utzi ditu obra bakoitzean, ikuslearen rol aktiboa indartzeko. Esperientzia bakoitza «bakarra» izatea nahi du: «Ikusleak gauzak deskubritu ditzala, nire lana ez baita azaltzea, bizirik egongo den obra bat eskaintzea baizik». Halaber, «bat-batekotasunaren» garaietan, «esperientzia pausatu» batera gonbidatu du ikuslea; lanei patxadaz begiratzera.

Jimenezek argazkiei forma emateko gehien landu duen formatuetako bat argazki liburua da: Infinito (Infinitua, 2000), Versus (2014) eta Aura (2018) lanak argitaratu ditu. Erakusketan Versus ikus daiteke, baita lan hori sortzeko prozesuko materialak eta zirriborroak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.