Afrin. Erasoalditik bi urtera

Kurduen biztanleria erdira baino gutxiagora jaitsi da Afrinen 2018tik

Turkiaren operazio militarrak desplazatu uholde bat eragin du Rojavako barrutian: kurduak %97 ziren lehen, eta %35 dira orain, GKE baten arabera. «Garbiketa etnikoa» egitea egozten diote Erdogani

Familia bat bere jabetzekin, Afrin hiriko kale batean, 2018ko martxoan. AREF TAMMAWI / EFE.
ander perez zala
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bi urte baino gehiago pasatu dira Turkiako armada Siriako Kurdistango mendebaldean dagoen Afrin barrutian sartu zenetik, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak betetzat jo lezake operazio militar horrekin jarri zuen helburua: Afringo Giza Eskubideak Erakundearen arabera, kurduen biztanleriaren gehiengo zabal batek eremua utzi du. Zehazki, 2018ko urtarrilean, kurduak barruti horretako biztanleen %97 ziren, baina egun %34,8ra jaitsi da kopurua.

Ankarak 2018ko urtarrilaren 19an jarri zuen martxan Afrinen aurkako operazio militarra, Siriako Kurdistango hainbat herriren aurka 70 jaurtigai botata. Nurettin Canikli garai hartan Turkiako Defentsa ministro zenak adierazi zuenez, operazioak helburu argi bat zuen: «Operazioa egin egingo da. Erakunde terrorista garbituko dugu». Adierazpen horrekin, Caniklik Kurdistango Herriaren Babes Unitateei (YPG) egin zien erreferentzia —Siriako Indar Demokratikoak koalizioko indar nagusia da—, eta Kurdistango Langileen Alderdiarekin (PKK) duen ustezko harremana hartu zuen aitzakiatzat, Ankarak bi taldeak «terroristatzat» baitauzka. Finean, Erdoganen helburua zen YPG Turkiaren eta Siriaren arteko mugatik hegoaldera urruntzea.

Garai hartan, milizia hori zen Afringo indar nagusia, baina barrutia kurduen kontrolpeko gainontzeko lurraldeetatik bananduta zegoen. Turkiaren menpeko lurrekin egiten du muga iparraldean eta mendebaldean, eta Ankararen laguntza duten talde islamisten miliziekin hegoaldean eta ekialdean; hain justu, Siriako Armada Askeko (FSA) militanteen laguntza izan zuen Turkiako armadak operazio horretan, eta, martxoaren 24rako, eskuratu egin zuen barrutiaren kontrola.

Bi urteren ostean, kurduak gutxiengoa dira Afrinen, eta, kontrara, barrutiaren kanpotik, Idlib, Ghuta, Homs eta Deir ez-Zortik iritsitako zibilak dira gehienak, batez ere arabiarrak. Orotara, 756.700 biztanle daude egun Afrinen, datu horiek eman dituen gobernuz kanpoko erakundearen arabera (GKE), eta horietako 298.700 besterik ez dira kurduak.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE), berriz, esan du 150.000 kurduk egin dutela alde Rojavako barruti horretatik, batez ere errefuxiatuen kanpalekuetara; dena den, badaude kopuruari buruzko zalantzak, GKE batzuk 300.000 desplazatuz aritu baitira. Gainera, barrutitik ihes egin zuten familietako asko Afrinera itzuli dira.

Gerra krimenak

Turkiaren inbasioa hasi zenetik, NBEk eta nazioarteko hainbat taldek giza eskubideen urraketak egotzi dizkiete Ankararen armadari eta haren aliatuei. Izan ere, operazio militarrak goitik behera aldatu du Afringo herritarren egunerokoa.

NBE bera haratago joan zen joan den azaroan, Turkiak Rojava ekialdean abiatu zuen erasoaldiari buruz aritzean: nazioarteko erakundeak Erdogani ohartarazi zion balizko gerra krimenengatik erantzun beharko zuela. Besteak beste, zibilak eta politikariak bahitzea, horietako batzuk exekutatzea,konboiak bonbardatzea eta ospitaleei eraso egitea egotzi diote Turkiako armadari; eta, GKE askoren hitzetan, kurduen aurkako «garbiketa etniko bat» sustatzen ari da Turkiako presidentea.

Bien bitartean, Siriako gerra geldirik dago, aurreko hilabeteetako gertakariekin konparatuz gero; besteak beste, Erdoganek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak martxo hasieran ipar-mendebaldeko Idlib probintziarako adosturiko su-etenari esker. Hain justu, Idliben kontrola berreskuratzea falta zaio Baxar al-Assad Siriako presidenteari behin betiko garaipena aldarrikatzeko Siriako gerran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.