Donostiako 68. Zinemaldia. Hasierako gala

Loreak, baita arrakaletan ere

Musika eta dantza izan dira protagonista Jon Maiak zuzendu eta Harkaitz Canok idatzitako Donostiako 68. Zinemaldiaren hasierako galan. Aretoetara itzultzeko premia nabarmendu dute

Musikak eta dantzak leku nabarmena izan zuten atzoko ekitaldian. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Azken urteetan Donostiako Zinemaldiak egile eta sortzaile ezberdinei egin izan die jaialdiko hasiera gala prestatzeko enkargua, urteetan gala horiek izan duten errutinazko tonua irauli nahian. 2018an, Borja Kobeagak, Diego San Josek eta Borja Etxebarriak umorera jo zuten bete-betean, eta, iaz, bere aldetik, Borja Crespok genero zinema eta areto ilunaren xarma omentzeko baliatu zuen Zinemaldiaren lehenengo gala.

Aurten, berriz, Jon Maia dantzari eta koreografoak zuzendu du ekitaldia, Harkaitz Cano arduratu da gidoiaz, eta nabaria izan zen hori atzoko hasierako galan. Hasiera-hasieratik. Miren Gaztañaga aktorea Kursaaleko auditoriumaren alde batetik agertu, publikoaren artetik pasatu eta oholtza gainean Pete Seegerren Where Have All The FlowersGone euskaraz eta ingelesez kantatu zuenetik. «Nora joan dira loreak?», galdetu zuen Gaztañagak, zinemaldiaren kartel ofizialetan ageri direnei erreferentzia eginez.

Ez ohiko jaialdia izango da aurtengoa, eta ez ohiko gala izan zen atzokoa. Eszenografia oso zaindukoa, eta hitzari bai, baina aurkezle, musikari eta dantzarien mugimenduei ere indar handia eman ziena. Kukai dantza taldeko kideek aurkezpenen arteko uneak dotoreziaz bete zituzten, eta Luis Maria Moreno Urretabizkaia Pirata-k zuzendutako musika taldeak halako ekitaldietan oso gutxitan azaltzen den bizitasuna jarri zuten.

Baina hitzak ere izan ziren, eta horiek distantziaren kontzeptua ekarri zuten lehen lerrora behin baino gehiagotan. «Azken aldian distantzia hitzak beste zentzu bat hartu du», ekarri zuen gogora Gaztañagak adibidez: «Zein da harremanetan jartzeko distantzia egokia, edo film bat ikusteko distantzia onena?». Eta Donostiako Zinemaldiak aurten «erritmoa moteldu eta apaldu» duela onartuta ere, 68. edizioari «baikortasunez eta ilusioz» ekingo diola ziurtatu zuen.

Aretoekiko konpromisoa

Kukaiko lagunak bizikleta gainean dantzan ari zirela, Inma Cuesta aktoreak Queen taldearen Bicycle Race kantu ezaguna abestu zuen, Zinemaldiak biltzen dituen sailak aurkezten hasi baino lehen —Andoni Luis Aduriz sukaldariak aurkeztu zuen, esaterako Culinary—, eta segidan, musikarien artean, oholtzara agertu zen Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendaria, gogorarazteko urte zaila izan dela zinemarentzat: «Pandemiak zinemaren industria kolpatu du. Pelikula asko gelditu egin behar izan dira edo ez dira egin». Horri lotuta, gogorarazi zuen orain dela aste batzuk mundu osoko zortzi zinemalditako arduradunak bildu zirela Venezian, eta han industriarekiko konpromisoa agertu zutela guztiek. «Zinema jaialdi bat esperientziak partekatzen den espazio bat da, eta ez dago horretarako zinema areto bat baino gauza hoberik».

Veneziakoa bezala, Donostiako Zinemaldia egin egingo da, baina Canneskoak bertan behera utzi behar izan zuen aurtengo jaialdia. Rebordinos: «Munduko jaialdirik inportanteena da, eta horretaz gain, jaialdi lagun bat, zeinekin gauza askok lotzen gaituen». Cannesen eman behar zituzten hamazazpi film Donostian estreinatuko dituzte azkenean, eta Thierry Fremaux jaialdi haren zuzendaria ere izan zen atzo Donostian, Zinemaldiarekin duen lotura nabarmentzeko. Fremauxek gogora ekarri zuen aurten 125 urte bete direla Lumiere anaiek zinematografoa sortu zutela, baita zinema aretoa ere: «Beti mehatxupean dira zinema aretoak, baina oso garrantzitsuak dira, gure historiagatik, kulturagatik eta etorkizunagatik». Etorkizuna plataforma digitaletan ere egongo dela adierazi zuen Fremauxek, baina pelikulak «zinema aretoetan eta elkarrekin» ikusteko egiten direla aldarrikatuz. «Zinema ez da inoiz hilko».

Woody Allenek Donostian bertan filmatutako Rifkin's Festival lanari egokitu zaio aurten Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala irekitzea, baina hura baino lehen, eta keinu ironiko bat eginez, filmean agertzen ez den Donostia baten irudiak eman zituzten auditoriumeko pantailan, Rafael Berrio zenak —martxoan hil zen— idatzi eta Amor a Traicion taldeak grabatu zuen No pienso bajar más al centro kantua lagun zutela.

Bukaeran, eta Cayetana Guillen Cuervok eta Eneko Sagardoik lagunduta, Seegerren Where have All The Flowers Gone? kantatu zuten berriro ere Gaztañagak eta Cuestak, eta aurtengoa zinemarentzat urte gogorra izan den arren, itxaropenerako tartea ere utzi zuen Gaztañagak: «Arrakaletan ere loreak sortzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.