Zalerik gabe izateko bidean

Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalean zaleak sartzea nahi du Espainiako Federazioak, baina ezezkoa eman bide dio gobernuak. Zaleentzat ere «zentzugabea» da, hainbat arrazoi tarteko

Cartuja estadioko harmailak hutsik, Espainiako Superkopa jokatu zenean, urtarrilean. Kopako finalean ere horrela egongo direla ematen du. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun

Goizean zuria dena beltza da arratsaldean, eta alderantziz. Horrela dabil mundua duela urtebetetik, pandemia garaiotan, eta edozein arlo harrapatzen du ziurgabetasunak. Espainiako Kopako finala, kasurako. Athleticek eta Realak apirilaren 3an Sevillako Cartuja estadioan jokatu behar dutena. Txapelduna izango luke finalak baldin eta zegokion datan jokatu izan balitz, iazko apirilean. Atzeratzea erabaki zuten Espainiako Federazioak eta bi klubek, urtebete pasatu eta gero zaleek partida ikusteko modua izango zutelakoan. Baina usteak erdia ustel. Txapeldunak kopa jasotzen duenean, alferrik begiratuko du harmailara zaleei eskaini nahian. Ez dira egongo. Ez du ematen, behintzat.

Ikusi, eguneraketa:Zaleekin jokatzeari uko egin dio Espainiako Federazioak

Atzo eguerdian, egongo zirela ematen zuen, ordea. Azkar zabaldu zen kontua, federazioak gaurko presazko bilerara deitu zituenean bi klubak, Andaluziako Gobernuarekin eta Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko ordezkariekin. Cartuja estadioan zaleak sartzeko erabakiaren edo aukeraren berri eman behar zien gaur federazioak bi klubei. Zehazki, edukieraren %20-25 artean: 12.000 eta 15.000 zale bitartean. Baina hemengoak ezin joan hara, itxiera perimetrala tarteko.

Arratsaldean bertan jarri zion neurria Espainiako Gobernuak federazioaren apetari: ezetz. Osasun egoera honetan ezinezkoa dela zaleak estadioetan milaka sartzea, eta gizarteari lasaitasun mezu okerra helaraziko ziola horrek. Garbi hitz egin zuen Carolina Darias Osasun ministroak iluntzean. Autonomia Erkidegoetako Osasun sailburuen arteko bileraren ondoren: «Ezin da, ez da komeni, eta ez da egokia».

Lehenean da, hortaz, finala, utzitako leku eta egoera berean. Zuritik beltzera, beltzetik zurira, eta azkenean, harmailetan, porlan kolorea. Baiezkotik ezezkorako bidean, hainbat eragilek eman zuten beren iritzia. Azkar zimurtu zuen kopeta Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak: «Ez da garai ona zaleak estadioetara joan daitezen bultzatzeko». Politikariak gizarteari neurriak estutzeko eskatuz eta, aldi berean, Espainiako Federazioa bere apetari haizea eman nahian. Espainia aldean, harridura eta haserrea, ea nola litekeen halako erabaki baten berri hedabideen bitartez izatea Kirol Kontseilu Gorenak, Osasun Ministerioak eta gobernuak berak.

Soropiletik harmailak ziurrenik hutsik ikusiko dituztenen artean, Mikel Oiartzabalek hitz egin zuen, oraindik zaleak izateko aukera benetako aukera baten traza hartuta zebilenean. Zentzuduna izan zen Realeko kapitaina: «Bihotzetik hitz eginda, zaleak egotea nahiko genuke. Baina ez dago kluben esku. Erabaki hori Espainiako Gobernuak edo Kirol Kontseilu Gorenak hartu beharko du, eta erabakitzen duten hori egungo egoera errespetatzeko onena izango da. Ez dugu nahi pandemiak okerrera egitea finala zaleekin jokatzeagatik».

Zaleak, nahasita

Korapilo honetan, erdi-erdian zaleak daude, eta final honen kasuan, gainera, batzuk punta batean eta besteak beste muturrean. Kilometro asko daude Sevillatik Euskal Herrira, eta Athleticek zein Realak, biek dituzte zaleak han eta hemen. Hemengoen ikuspuntua Aitor Pereira Athleticeko bazkideak eman zion BERRIAri atzo arratsaldean —Peñen Elkarteko presidente da, baina hitzok iritzi pertsonala dira—: «Ez dauka zentzurik hango zaleei sartzen utzi eta hemengoak etxean geratzeak, ezin baikara atera, Euskal Autonomia Erkidegoa itxita dagoelako». Hango zaleek joateko aukera izango balute haiengatik poztu egingo litzatekeela gaineratu zuen.

Hangoen ikuspuntua Javier de Castrok eman zuen, Realak Sevillan duen Nazarena peñako kideak: «Aukera oso ona litzateke finala zelaian ikustea, baina, pandemia betean, ez da egokiena». Minutu batzuk lehenago jaso zuen mezu bat, argigarria izango dena: «Bertan esaten da Espainiako Gobernuak ez ei duela utziko zaleak zelaian izaten, federazioak hala nahi badu ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.