Balu, balitz eta balego

Azken bi partidak irabazten baditu, Realak Europa ligan jokatuko du datorren sasoian. Alavesek bihar lor dezake mailari eustea. Eibarrek zailago dauka

Eibar eta Alaves Ipuruan jokatu zuten derbian, duela bi larunbat, hainbat jokalari adi daudela, baloia norengana joango. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bi jardunaldi falta dira Lehen Mailako liga bukatzeko, eta hainbat gauza ez daude oraindik erabakita. Horrela daude, besteak beste, Euskal Herriko hiru talde: Reala, Alaves eta Eibar. Txuri-urdinek lortu eta lotu dute datorren sasoian Europako lehiaketaren batean jokatzea, baina azkeneko bi partida hauetan argituko da Europa ligan den, edo UEFAk asmatu berri duen Konferentzia Liga delakoan; bere esku dauka aurrenekoan jokatzea. Arabarren kasuan, oso gertu dute sasoiko helburua, mailari eustea, baina azkeneko pausoa ematea falta zaio. Armaginak ere behe-beheko lehian dabiltza, baina, arabarrek ez bezala, zail dute datorren denboraldian Lehen Mailan segitzea. Eibar da beste talde batzuen emaitzen mende dagoen bakarra, Reala eta Alaves ez bezala.

Azkeneko bi jardunaldi hauetan, izango da orain arte ikusi ez den zerbait ere: zaleak itzuliko dira harmailetara partida gutxi batzuetan, COVID-19aren pandemia faserik leunenean duten tokietan, hain zuzen. Ez dira, ordea, zelaiak mukuru beteko, milaka gutxi batzuek soilik izango baitute aukera beren taldea eta partida horretako aurkaria jokatzen ikusteko. Bihar, esaterako, 5.000 zale izango dira Mestalla estadioan, Valentzia eta Eibarren artekoa ikusten.

Zaleak zale, eta berrikuntzak berrikuntza, Realaren, Alavesen eta Eibarren aukerak jorratzeko garai egokia da hau, ligako azken-aurreko jardunaldiaren bezperan.

REALA
Bere esku dauka


Realak bosgarren izan nahi du, datorren denboraldian ere Europa ligan jokatzeko, sasoi honetan bezala —seigarren izanda ere joan daiteke—. Betis eta Vila-real ditu kontrario lasterketa horretan, eta, bi jardunaldiren faltan, txuri-urdinena da bosgarren leku hori. Horrek esan nahi du Valladolidi bihar eta Osasunari hurrengo asteburuan irabazten badie postu horretan bukatuko duela.

Hiruren arteko demaz gain, badago beste aldagai bat ere: Vila-realek Europa liga irabazi edo ez. Maiatzaren 26an dauka finala Manchester Uniteden aurka, eta, txapeldun balitz, Txapeldunen Ligan ariko litzateke hurrengo denboraldian. Ligan bosgarren balitz, seigarren sailkatua Europa ligara joango litzateke, eta zazpigarrena, Konferentzia Ligara; seigarren bukatuko balu, bosgarrenak Europa ligan jokatuko luke, eta zazpigarrenak, Konferentzia Ligan; eta zazpigarrena balitz ligan, bosgarrena eta seigarrena joango lirateke Europa ligara; eta zortzigarren lekuan edo atzerago bukatuko balu ligan, bosgarrena eta seigarrena Europa ligara joango lirateke, eta zazpigarrena, Konferentzia Ligara. Finala galduko balu, bosgarrena eta seigarrena joango lirateke Europa ligara, eta zazpigarrena, Konferentzia Liga berrira. Garbi dagoena da Reala bosgarren bada berdin izango diola Vila-realek zer egiten duen Europa ligako finalean.

ALAVES
Bihar bertan lor dezake


Asteartean Elxi han irabazteak salbazioaren ateak parez pare ireki dizkio Alavesi. Eskura du helburua lortzea, eta bihar bertan erdietsi dezake beste denboraldi batez Lehen Mailan jarraitzea: Granadari Mendizorrotzan irabazi eta kito. Hori gertatuko ez balitz, eta aurkarien emaitzek salbatuko ez balute, azkeneko jardunaldian beste aukera bat izango luke, Sevillaren zelaian. Eta gerta daiteke, halaber, azkeneko bi partidak galdu arren, Lehen Mailatik ez jaistea, baldin eta azkeneko hiru taldeek ez badute harrapatzen —Eibarrek, Elxek eta Valladolidek—. Onena, hala ere, bihar bertan lotzea eta lortzea helburua, eta, aurkaria erraza ez bada ere, etxeko lan guztiak eginda azalduko da Gasteizen Granada.

Lau puntuko koska du orain Alavesek Valladolidekiko, jaitsiko litzatekeen azken taldearekiko, eta bostekoa Elxekin eta Eibarrekin. Sei puntu jokoan izan eta lauren aldea izatea sinatuko zuten duela zenbait aste Alavesekoek.

EIBAR
Besteen mende dago


Azkena da Eibar, eta, bi jardunaldi bakarrik falta diren honetan, horrek esan nahi du aurreko bi taldeak aurreratzeaz gain jaitsieratik kanpo dauden Huesca, Getafe edota Alaves ere gainditu behar dituela. Lan zailak, inondik ere. Valentzian bihar irabazi behar du, eta Bartzelonari ere bai Ipuruan azkeneko jardunaldian, eta 36 puntura helduko litzateke horrela. Elxek kopuru bera lortuko balu, atzetik litzateke Eibar, gol aldea delakoa galdua duelako; Valladolidekin berdinduz gero, aurretik legoke; Huescarekin berdinduta dauka —golen aldeak erabakiko du berdinduta amaitzen badute, eta gol baten aldea du oraintxe bertan Huescak—, eta irabaziz gero, berriz, Getaferekin eta Alavesekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.