Frantziako Tourra

Suziri bat ospakizuna girotzeko

Van Aertek irabazi du erlojupekoa; ez da aldaketarik izan sailkapeneko lehen hamar postuetan. Pogacar horiz jantziko da gaur, Parisen

Suziri bat ospakizuna girotzeko.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Ez iraultzarik, ezta ezustekorik ere. Tramitea baino ez zen izan Tourreko azken-aurreko etapa. Ez zuen batere antzik izan iazko erlojupeko apoteosikoarekin. Halakorik ere ez zen espero, ia dena baitzegoen erabakita sailkapen nagusian. 30,8 kilometroko bakarkako saioa jokatu zen Libourne eta Saint Emilion artean, eta lehen hamar sailkatuen artean ez zen aldaketa bakar bat ere izan. Jakina zen maillot horia ez zela eskuz aldatuko. Ondo lotua zuen Tadej Pogacarrek (UAE), bost minututik gorako abantailarekin. Hartara, Parisko podiumean besoak altxatu aurretik, hanka altxatu zuen atzo. Arriskuak saihestea izan zen liderraren lehentasuna. Sailkapen nagusiko garaipena ospatuz sartu zen helmugan. Wout van Aerten (Jumbo) ospakizuna etorri zen segidan. Flandriarra izan zen azkarrena, aurreko erlojupekoan nahi baino apalago aritu ondoren. Arantza atera zuen atzo, orduko 51,5 kilometroko abiadurari esker. Pogacarren festa girotu zuen suziria izan zen.

Eskerrak Van Aerten indar erakustaldiari, oso zirrara gutxiko saioa izan baitzen bestelakoan. Jonas Vingegaarden (Jumbo) jarduna ere aipagarria da, hirugarren izan baitzen berriz ere, kronometroa haren taldekideak baino 21 segundo beranduago geldituta, eta Pogacarrek baino 36 segundo arinago. Danimarkarrak goi mailako txirrindularia dela erakutsi du Tour honetan. Aurrenekoz ari da parte hartzen lasterketa horretan, eta bigarren bukatuko du, 5.20ra. Richard Carapazek (Ineos) aurrea har ziezaiokeen, sei segundo eskasera baitzuen sailkapenean. Balentriaren baten beharra zuen ekuadortarrak, Vingegaard baino gutxiago baita erlojuaren kontra. Ez zen ustekaberik izan, eta Ineosekoa podiumeko hirugarren koskara igoko da Parisen.

Euskaldunak, dena emanda

Bere horretan gelditu zen guztia liderren arteko borrokan. Pello Bilbao (Bahrain) zen aurrera egin zezaketen txirrindularietako bat, Guillaume Martini (Cofidis) zortzigarren postua kenduz. 1.02ra zeukan frantziarra, eta helburutik 31 segundora gelditu zen. Taldearen irratiarekin arazoak izan zituen, eta gailua maillotetik atera behar izan zuen. Gero, berriz, ez zuen sartzen asmatu. Amorru biziz ibili zen. Hor alde egin zion Martin azpiratzeko aukera orok. 42. amaitu zuen saioa, onenengandik urruti. Gertuago izan ziren Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Omar Fraile (Astana), euskal herritarrik onenak: 13. eta 14. izan ziren, hurrenez hurren, baina biak ere Van Aertengandik 1.47ra.

Etaparen lehian, Kasper Asgreek (Deceuninck) dardarka utzi zuen erlojua, 36.14ko denbora lortuta. 23 segundo ondu zuen ordura arte indarrean izan zen marka, Stefan Bisseggerrena (Education). Handik gutxira irten zen Stefan Kueng (Groupama), Europako erlojupeko txapelduna, baina Asgreenek baino 16 segundo mantsoago osatu zuen ibilbidea. Danimarkarraren esperantza ezerezean utzi zuen Van Aertek. Azkarrena izan zen tarteko bi mugarrietan, eta azken zatia Asgreenek baino astiroago osatu bazuen ere, 21 segundo atera zizkion helmugan. Flandriarra ez zen onenaren aulkitik altxatu etapa bukatu zen arte. Pogacarren mehatxua lausotu egin zen lehen erreferentziak jakin ahala. Liderrak zortzigarren bukatu zuen, burua gaurko egun handian jarrita.

Esprint bat historiarako?

Hala, bi Tour irabazi dituen txirrindularirik gazteena bilakatuko da Pogacar. Eta Mark Cavendishek ere (Deceuninck) historia egin dezake Parisko Eliseoko Zelaietan, Tourrean 35. aldiz irabazi eta, hala, Grand Boucle-n etapa garaipen gehien duen ziklista bilakatuz. Ekitaldi honetan bosgarrenez altxatuko lituzke besoak. Handia litzateke. Van Aert bera izan lezake aurkaririk gaiztoena, Jasper Philipsenekin batera (Alpecin).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.