Zailenak, baina etxekoen babesaz

Athleticek Real Madril izango du aurkari Espainiako Kopako final-laurdenetan, eta Realak, Betis. Biek etxean jokatuko dute kanporaketako partida bakarra, otsailaren 3an

Joseba Zaldua, Alex Morenorekin lehian, Realak Betisen zelaian jokatutako ligako partidan. JULIO MUÑOZ / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Denetarik izan du Espainiako Kopako final-laurdenetako zozketak euskal taldeentzat. Batetik, txarretik izan du, aurkaririk zailenak egokitu zaizkielako Athletici eta Realari: zuri-gorriei, Real Madril; eta txuri-urdinei, Betis. Baina, bestetik, onetik izan du zozketak ere, etxean jokatuko baitute biek kanporaketako partida bakarra. Final-zortzirenetan oso argi geratu den moduan, abantaila handia da etxekoen babesean aritzea. Otsailaren 3an jokatuko dira bi neurketak: Realarena, 20:00etan (Dazn), eta Athleticena, 21:30ean (Mediaset). Bezperan jokatuko dira beste bi kanporaketak: Rayo-Mallorca (20:00, Dazn) eta Valentzia-Cadiz (21:00, Mediaset).

Hamar egun barru jokatuko dute Realak eta Athleticek Kopako kanporaketa, eta tartean, Espainiako Ligako neurketa bakarra jokatuko dute biek, bihar: txuri-urdinek Getafe hartuko dute, eta zuri-gorriek Rayo Vallecanori egingo diote bisita. Beraz, ikusteko dago nola helduko dioten Kopako erronkari. Gaur-gaurkoz, konfiantzaz gainezka daude, balentria handia egin berri baitute, Ligako eta Kopako jarduneko txapeldunak kanporatu baitituzte: txuri-urdinek, Atletico Madril, Anoetan 2-0 irabazita; eta zuri-gorriek, Bartzelona, San Mamesen, luzapenean, 3-2 gailenduta.

Nagusi izan dira Reala eta Athletic final-zortzirenetan, baita aurretik jokatutako kanporaketetan ere. Horri esker daude finaletik bi koskara besterik ez. Talde txuri-urdinak lau aurkari utzi ditu bidean: Panaderia Pulido (0-4), Zamora (0-3), Leganes (2-3) eta Atletico Madril. Athleticek, berriz, bi partida soilik jokatu ditu, Espainiako Superkopan aritu baitzen. Bartzelonaren aurretik, Mancha Real kanporatu zuen: 0-2.

Aldea dago haien aurkarien artean ere, Betisek lau kanporaketa jokatu baititu, eta Real Madrilek, bi. Sevillako (Espainia) taldeak Independiente Alacant (0-4), Talavera de la Reina (2-4, luzapenean), Valladolid (0-3) eta Sevilla kanporatu ditu —2-1, ateak itxita, Betiseko zale batek plastikozko makila bat bota baitzion Joan Jordan Sevillako jokalariari—; Real Madrilek, berriz, Alcoyano (1-3) eta Elx utzi ditu bidean (1-2, luzapenean).

Athleticek eta Real Madrilek joan den igandean jokatu zuten azkeneko aldiz elkarren aurka, Riaden, Superkopako finalean, eta Espainiako taldeak 2-0 irabazi zuen. Ligan, berriz, bitan jokatu dute denboraldi honetan, eta bietan nagusitu da Real Madril: 1-0 Bernabeun, eta 1-2 San Mamesen. Kopan, makina bat alditan neurtu dituzte indarrak. 55 partida jokatu dituzte: 23 irabazi dituzte zuri-gorriek, zortzi berdindu, eta 24 galdu. 2006an izan ziren aurkari azkenekoz, final-zortzirenetan, eta Espainiako taldea sailkatu zen: 0-1 eta 4-0 irabazi zuen.

Hegoamerikarrik gabe?

Realak ere oroitzapen txarra du Betisen aurka Kopan aritutako azken aldiaz. Iaz izan zen, final-zortzirenetan, eta txuri-urdinek 3-1 galdu zuten luzapenean, lehen 90. minutuetan bana berdindu eta gero. Estatistika txarrak dituzte Betisen aurka: Kopan jokatutako sei kanporaketetatik bakarrean sailkatu dira, bigarrengoan, 1964-1965 sasoian. Azken lau aldietan, ordea, aurrera egin ezinik geratu dira. Bolada txar hori eten nahi dute orain. Baita elkarren aurka jokatutako ligako azkeneko partidaren kitarakoa hartu ere: 4-0 galdu zuten Sevillan (Espainia), joan den abenduan. Etxean ariko dira orain, eta hori aprobetxatu nahi dute.

Etxean jokatzeaz gain, Athleticek eta Realak beste abantaila bat izan dezakete. Izan ere, Kopa jokatuko duten daten inguruan 2022ko Qatarko Munduko Koparako sailkatzeko partidak jokatuko dituzte Hego Amerikan, eta Real Madrileko eta Betiseko hainbat jokalari faltatu daitezke: Militao, Casemiro, Vinicius eta Rodrigo brasildarrak eta Fede Valverde uruguaitarra, Real Madrilen, eta Pezzela eta Guido Rodriguez argentinarrak, Betisen. Espainiako taldeetako arduradunak jada hasi dira jokalari horien federazioekin negoziatzen. Brasildarrek dute aukera gehien jokatzeko, euren selekzioa jada sailkatuta baitago.

Athleticen ez da ariko Bartzelonaren aurka aritu zen jokalari bat: Peru Nolaskoain. Atzelariak utzita jokatuko du Amorebietan sasoia amaitu arte. Jokatzen hasi berria zen, urte eta erdiz lesionatuta egon eta gero. Aldiz, min hartuta dago Oihan Sancet. Ez du ezer larririk, baina egun batzuk beharko ditu berriro jokatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.