Galdera markadun etorkizuna

Literatura, bertsoak eta musika uztartzen dituen etorkizunari buruzko saio batek amaituko du Loraldia bihar, Bilbon. Alaine Agirre, Nerea Ibartzabal, Oihana Bartra eta Olatz Salvador izango dira oholtzan

Alaine Agirre idazleak idatzi du igandeko Gerorik balego saioaren oinarri izango den testua. STUDIO KONTRALUZ.
Inigo Astiz
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Ez dut sinisten gero bat egongo denik, edo salbatuko garenik». Txoriek bueltarik gabeko migrazioa hasiko duten balizko momenturaino eraman du irudimena Alaine Agirre idazleak. Berak idatzi du igandean Bilboko Guggenheim museoan Loraldia jaialdia amaituko duen emanaldi hibridorako testua, eta, azaldu duenez, galdera markek borobilduta datoz gogoetarik gehienak. Ziurtasun handirik gabe. Eta, beraz, Agirrek mahai gaineratuko dituen galdera horiek izango ditu oinarri Gerorik balego deitutako emanaldiak; hortik abiatuta jarriko ditu gaiak Amaia Agirrek, eta haiei kantuko diete Nerea Ibartzabal eta Oihana Bartra bertsolariek. Olatz Salvador musikariak ere hartuko du parte, eta, tartean, espresuki iganderako sortutako kanta bat ere eskainiko du. Agirreren testutik abiatuta dena. Bost ahots guztira, beraz, geroari kantuan. Geroari, gerorik balego.

Loraldikoen enkargua jasotzean, hasieran zalantza egin zuen Agirrek. «Etorkizunik egongo ote den, eta egongo bada, etorkizun hori nolakoa izango den, nik ez daukadalako erantzunik», azaldu du. Zalantza horri jarraika egin zuen aurrera, ordea. «Nik ez dut aurreikusten idazterakoan nora joango naizen; esperimentaziora jotzen dut, eta, halako batean, galderen bitartez hasi zen testua ateratzen, eta sentitu nuen horrek bazuela forma bat, eta bazuela taupada bat». Eta, hala geratu da, azkenean, emanaldirako idatzitako testua, galdera markaz zipriztinduta.

Zeramikagintzarekin parekatu du prozesua idazleak. «Lokatz bola bat hartzen duzu, eta beharbada zeramikariek ez dakite horrekin zer egingo duten, baina hor aritzen dira lokatzari bueltak ematen, eta eskuak barruan sentituta, beharbada, forma bat aterako zaie, eta forma horri are forma zehatzagoa emango diote aurrerago. Bada, testuekin nik ere sentitzen dut halako zer edo zer, eta hortik ateratzen dira».

Jaialdiko klasiko bat bihurtu da formatu hibridoko saio hori. Harkaitz Cano idazleak idatzitako testu bat oinarri hartuta aritu ziren Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariak festibalaren lehen urtean, eta geroztik Anjel Lertxundik, Kirmen Uribek, Arantxa Urretabizkaiak, Itxaro Bordak eta Unai Elorriagak ere idatzi dute pieza bana. Etorkizunari buruz beti, eta beti bertsolari eta musikariek lagunduta. Bertan izan dira kantuan, esaterako, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Alaia Martin, Jone Uria eta Joseba Santxo bertsolariak, eta Gorka Benitez, Anjel Unzu, Igelaren Banda, Joserra Senperena eta Fernando Velazquez musikariek ere hartu dute parte orain arteko emanaldietan. Beti etorkizunaz, eta beti jaialdia ixteko.

Itsaso bereko bi olatu

Testuak bertsolariei kantuan aritu ahal izateko aukerak eskaintzea da erronketako bat, Agirrek azaldu duenez. Idazten ari zenean bertsolariak «inguruan» sentitu dituela dio horregatik. Eta, kasu honetan, gainera, Salvadorrek propio saiorako sortutako abestia ere nabarmendu du. Idazleak dioenez, musikariak ere oinarritzat bakarrik baliatu baitu bere testua, eta «zurrunbilo bat» sortu du gero bertan datozen hitz eta ideiekin. «Konturatu naiz edukiz zein formaz testua eta kantua ahizpak direla; itsaso beretik sortu diren bi olatu».

Aldez aurretik landu beharreko gai zerrendarik gabe hasi zen Agirre testua lantzen, eta, dioenez, aritu ahala joan dira agertzen. «Ekologismoa, feminismoa, arrazakeria, kapazitismoa... Niri horiek atera egiten zaizkit, nigan daudelako, ukitzen nautelako, eta nire min eta kezkak direlako. Eta, kasu honetan, are argiago ikusten da hori, emanaldian geroaz arituko garelako, eta, azken finean, geroaz ari garenean, beti ari garelako gaur egun kezkatzen gaituzten gaiez».

Dena ez da beltz, ordea. «Esperantza ere sentitzen da», esan du idazleak. «Galdera horietan badago horretarako aldarri bat ere, beharbada erantzunik ez dutelako ematen, baina bide bat proposatzen dutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.