Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Sindromeak

2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Itzuli da Ekografiak zutabea. Itzuli gara telebista kritikariak. Ondo bidean, beste ikasturte batez, BERRIAko irakurleekin solastatuko gara datorren urteko abuztu bitartean. Atzo eman zion hasiera ikasturte berriari Mikel Alvarezek (ongi etorri!), Islandiako telesail batekin. Atzerriko proposamenen falta benetakoa balitz bezala, gaurkoan ETB1eko apustu berrietako bati helduko diot nik: Egunak egin du. Klaudio Landak astegunetako gauetan (23:10ean) aurkezten duen euskarazko programa da, hain zuzen ere. Joan den ekainean egin zuten lehen proba atal batekin, Iker Galartzak gidatuta. Orain, haren lekuan jarri dute Landa.

Zaila da kritika sendoa egitea Landaren saio bakarra ikusita. Eta Galartzak ekainean aurkeztu zuen hura erreferentzia izanik, gainera, saihetsezina da alderaketa. «Ondo pasatzeko» eta «late night ordutegian saiakera bat egiteko» abiatu zuten Egunak egin du. Eguneko albisteei eta bestelako kontuei modu erlaxatuan errepasoa egiteko. «Haurrak ohean daude, eta gauzak esan lasai», adierazi zuen ekainean Galartzak. Orduan, aurkezleak bi sofa eta bost kolaboratzaile zituen aldamenean. Joseba Usabiaga, Ainhoa Etxebarria, Gari Arroyo, Nerea Arriola eta Unai Zabaleta. Haien arteko harreman lasaia nabaria zen. Izatez, halako espazioetan gonbidatuen eta aurkezlearen hartu-emana giltzarria da emaitza ona izateko. Bereziki, ordu txikitako gai izarrez aritzeko (sexua, drogak, gezurrak eta sekretuak). Ekaineko saioan, bestalde, gidoi lan fina ikusi nuen. Elkarrizketa asko ezusteko gisa agertu ziren kolaboratzaile batzuentzat —edo bestela, aktore oso onak dira!—.

Asteleheneko saioan, berriz, ez nuen kolaboratzaileen eta aurkezlearen arteko kimika bera antzeman. Ez dakit Joseba Usabiagaren, Unai Zabaletaren eta Iker Galartzaren hutsuneagatik den; ezta haien ordez Landa —rol horretan gutxiago ikusi dugu—, Mikel Elizegi eta Aitzol Atutxa jarri dituztelako den ere —aukeran, testuinguru horretan gehiago gustatzen zaizkit lehenengoak—. Pausoka ekoiztetxeak ondo errealizatutako late night-a da. Beharbada, presio gutxiago egongo zelako edo, ekainean giro naturalagoa erakutsi zuten Miramongo platoan. Landak esan zuenez, opor osteko sindromeak (depresio egoera) bi aste iraun dezake, eta, agian, horregatik nabaritu nituen urduriago gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.