mikel reina
HIRUKOTIK

Minutuak, orduak, egunak

2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Egunak. Askotan esan ohi da kiroletako izarrak beste mundu batean bizi direla, haien burbuilan sartuta daudela, eta ez direla gizarteko egunerokoaz konturatzen. Koronabirusak kontzeptu hori goitik behera eraldatu du. Inor ez dago salbu. Azken asteetan goraka egin dute nabarmen pandemiako datu denek, eta zelan ez horrek bere eragina izan du eliteko kirolean. Euskal taldeei dagokienez, emakumezkoen ligan egon dira kasu positibo gehienak. Lehendabizi, Kutxabank Araskik iragarri zituen zenbait positibo, eta larunbat arratsaldean Lointek Gernika Bizkaiak beste bost. Biek ala biek ezin izan zuten jardunaldia jokatu, eta bizkaitarrek, gainera, jokatu beharko zuten Eurokopako itzuliko partida atzeratu behar izan zuten. Espainiako Kopan sartzeko borrokan daude, eta lehiak urtarrilaren 4a baino lehen jokatu beharko dituzte, hau da, ligako lehen itzulia bukatu baino lehen. Urrezko LEB ligan Juaristi Iraurgi eta Acunsa GBC izan dira beren norgehiagokak bertan behera utzi behar izan dituztenak, baina kasu honetan aurkarien positiboengatik izan da. Guztira hiru izan dira bertan behera geratu direnak.

Orduak. Larriagoa izan zen Lleida eta Huescaren artekoan gertatutakoa. Espainiako saskibaloi Federazioak neurketa atzeratzea erabaki zuen Aragoiko taldeko kasu positiboengatik. Hurrengo egunean probak errepikatu zituzten, eta negatiboak izan ziren oraingoan. Hala ere, emaitzak konfirmatzeko, ostiral goizean testak berriro egin zituzten. Sorpresa arratsaldean heldu zen federaziotik, partida gauean jokatu behar zela adierazi zietenean. Jokalariek oraindik ez zituzten PCRen emaitzak jaso, eta arineketan Lleidara bidaiatu behar izan zuten. Lehia, normala denez, berandu hasi zen. Markagailua gutxienekoa den arren, etxeko taldeak, sailkapeneko liderrak, 100-81 irabazi zuen. Behin bukatuta, Huescako taldeak goizeko proben emaitzak jaso zituen: COVID-19an positibo bat eta A gripean beste bat.

Nigel Hayes Bartzelonako jokalariak bere urtebetetze eguna Atenaseko hotel bateko gela batean isolatuta pasatu behar izan zuen. Manresako positibo ugariengatik, ez ziren asteburuan aritu katalanak. Hurrengo bi jardunaldiak bertan behera geratu dira Pedro Martinezen taldearentzako. Baskonian ere positibo bat aurkitu zuten, baina, probak errepikatu ondoren, azkenean Betisen aurkako lehia hiru ordu atzeratu zen. Hobe orduak, egunak baino. Gauza bera pasatu zen Obradoiro eta Burgosen artekoan: 18:00etan hasi beharrean, 20:45etan ekin zioten norgehiagokari.

Minutuak. NBAn orduero ez, minutuero adierazten dira osasun eta segurtasun protokoloan sartzen diren jokalariak. 60tik gora azken astean bakarrik. Eta unerik txarrenean. Jakina da munduko ligarik onenak Gabonetako egun hauei dien estimua. Denboraldiko partidarik garrantzitsuenetakoak dira zalantzarik gabe. Mimo askorekin hautatzen dituzte neurketak, are gehiago ligaren 75. urteurrena ospatzen ari diren honetan. Adam Silverrek ez du arriskurik nahi, eta abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra egunero egin beharko dituzte probak jokalariek eta taldeetako lehen lerroko kide denek. Salbuespen bakarrak jai egunak izango dira. Bost partida bertan behera geratu behar izan dira taldeek ez zituztelako jokalari nahikoak.

Gabon egunean, adibidez, Lakers eta Netsen artekoa dago jarrita. Brooklyneko taldeak hamar jokalari ditu isolatuta, eta bi jardunaldi atzeratuta. Los Angelesekoek, beste bost, Frank Vogel entrenatzailea barne. Muturreko erabakiak ditu buruan jada Adam Silverrek. Ez du baztertzen positiboa izan arren jokatzen uztea, betiere sintomarik ez izatekotan; bestela protokoloan sartu beharko da jokalaria. Steve Nashek hainbeste baja ditu, non Kyrie Irvingen itzulera lantzen hasi zen. Antolatzaileak ez dauka txertorik jartzeko intentziorik oraindik; beraz, New Yorkeko osasun araudiari jarraituz, ezingo lituzke etxeko partidak jokatu; bai, ordea, kanpokoak. Entrenatzen hasi aurreko PCR proban positibo eman zuen Irvingek. Kasualitatea edo kausalitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.