Hondarribia da Chicago

Ostegunetik igandera egingo dute Hondarribia Blues jaialdia. Canned Heatek jasoko du festibaleko saria. Chicagoko musikari erreferenteak bildu dira Chicago All Stars taldean
Canned Heat taldearen Larry Taylor eta Fito de la Parra sortzaileek jasoko dute jaialdiko saria.
Canned Heat taldearen Larry Taylor eta Fito de la Parra sortzaileek jasoko dute jaialdiko saria. BERRIA

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko uztailak 10
Nazioarteko puntako musikariak, 50 urtetik gora oholtzan daramaten all star-ak, blues talde entzutetsuak, AEBetako filmetako ohiko hileta jendetsuen antzezpena... Izan zitekeen Michigan lakuaren ertza, izan zitekeen Chicago (AEB); baina Hondarribiko Blues jaialdiak (Gipuzkoa) dakarren eskaintza da, Bidasoaren itsasadarrean. Ostegunetik igandera bitarte, hamahiru talde eta hogeitik gora bakarlari arituko dira oholtzan. Hamahiru urteren ostean, Hondarribia Blues jaialdiak badu erreferentzialtasuna, premiazko plaza bilakatu baita nazioarteko eta bertako blues taldeentzat.

«Jaialdia antolatzen hasi ginenean, apenas zegoen blues eskaintzarik gurean. Orain, dozenaka dira halako jaialdiak», azaldu du Carlos Malles festibaleko zuzendariak. Hortaz, Hondarribikoak sortu du blues musikarekiko zaletasun bat Euskal Herrian, baina, era berean, ardura dute musikari onak biltzen dituen egitarau bat prestatzeko. Aurtengo edizioa ere ez da gutxiagorako: besteak beste, Canned Heat taldeko Larry Taylorrek eta Fito de la Parrak jasoko dute jaialdiko saria, eta kontzertua eskainiko dute oholtza nagusian, ostegunean, jaialdiaren hasieran.

Blues talde «mitikoa» da Canned Heat. Taldekide guztiek dituzte 70 urtetik gora, eta mende erdia daramate taula gainean. Historian disko gehien saldu dituen blues taldea da, eta Woodstockeko (1969) eta Montereyko (1967) jaialdi entzutetsuetan izandakoak dira, gainera. Europan bira egiten ari dira, eta inguru honetan emango duten kontzertu bakarra eskainiko dute Hondarribian. Gau berean arituko dira oholtzan Noa Voll Damn & The Hell Drinkers eta Jt Lauritsen & The Bucksot Hunters taldeak ere.

Ez dira Hondarribian joko duten all star bakarrak. AEBetako Texasetik eta Kaliforniatik etorritako Golden State-Lone Blues Revue taldea arituko da ostiralean oholtzan. Gainera Chicagoko blues musikaren jotzailerik garrantzitsuenak Chicago All Stars taldean bildu dira Hondarribira etortzeko. Taldean dira, besteak beste, Jimmy Burns, Bob Stroger eta Kenny Smith Beedee Eyes. Larunbatean egingo dute kontzertua, Ghost Number And His Tipsy Gypsies eta Ray Gelato & TheGiants taldeekin batera.

Mallesek aipatu ditu jaialdiko beste hainbat talde ere: Tia Carroll eta Raimundo Amador, besteak beste. Lehenak soul kutsuko kantuak egiten ditu, eta larunbatean hartuko du taula gaina. Bigarrenak flamenkoa du abiapuntu, eta ospea lortu du Espainiako blues eremuan; igandean arituko da, jaialdiaren hondarrean.

Zuzendariak keinu egin die bertako taldeei ere: «Ezin gara hemengo blues taldeez ahaztu. Geure asmoa da nazioarteko taldeak erakartzea, baina baita Euskal Herriko taldeak sustatzea ere. Bluesa berez da gutxiengoaren parte, are gehiago Euskal Herrian. Hori irauli nahi dugu». Horregatik, gauero izango da bertako blues musikariez gozatzeko aukera ere; esate baterako, Still River talde bilbotarra izango da ostiralean.

Txikitik eragiteko sortu zen Hondarribia Blues festibala orain hamahiru urte, baina erreferentziazko jaialdi bilakatu da azken urteotan: «Sariak eman dizkigute Europan, eta ospe ona dugu. Edonola, betikoak izaten jarraitzen dugu, eta lagunarteko giro bat dugu». Horren adibide, kontzertu guztiak doakoak dira oraindik ere. Beraz, ez diote muzin egin hasierako ereduari; txikian eragin nahi dute jaialdi handi bat egiteko. Hala ere, urtez urte berrikuntzak egin dituzte, eta aurten, gainera, berreskuratu egin dute orain dela zazpi urte antolatu zuten crossroad-a.

Berrikuntzak egitarauan

Larunbatean egingo dute hamalau musikari bilduko dituen crossroad-a. Oholtzan elkartuko dira hainbat taldetako kideak, baina nahastuta emango dute kontzertua. Espainian bluesak izandako bilakaera izango dute aitzakia, eta asmoa ere bada esperientzia hori dokumental batean biltzea. Besteak beste, Marc Ruiz bateria jotzailea, Manolo German baxu jotzailea, Lluis Coloma piano jotzailea eta Francisco Simon gitarra jotzailea izango dira taularen gainean.

Lau egunez egingo dira bestelako emanaldiak ere. Esate baterako, kontzertu pedagogikoak antolatu dituzte haurrentzat. Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten bi aldiz eskainiko dituzte saio horiek. Ostiral goizean izango dira Itsas Etxe auditoriumean. Oihan Vega aurkezlea izango da dinamizatzailea.

«Aurtengo ekitaldirik bitxiena, ordea, igande arratsaldeko hiletaren antzerkia izango da», nabarmendu du Mallesek. Azaldu duenez, 30 bat aktorek New Orleanseko hileta tipiko bat antzeztuko dute Bidasoaren ibaiertzean: «Benetan polita izango da, ongi girotua, eta jaialdiarekin bat egiten duena bete-betean. Filmetakoa bezalakoa», azaldu du jaialdiko zuzendariak. Antzerkia ez ezik, geroko festa bat ere antolatu dute jaialdiari amaiera emateko. Mingo Colomak emango du azken kontzertua, eta jam session batekin emango diote amaiera jaialdiari, bluesaren estiloari fidel.

«Nahi dugu Hondarribia bluesaren hiria bilakatzea lau egunez. Giro ederra sortzea musika estilo horren inguruan». Chicagotik Hondarribira, Bidasoaren ertzean ospatuko dute bluesaren jaia.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.blueshondarribia.com

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna