Errealitatea hezurtzen

Iban Zalduak 'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak' ipuin liburua plazaratu du Elkar etxearekin. Egunerokoari aiztoa sartu nahi izan dio erdiz erdi
Iban Zaldua idazlea, atzo, Donostian, <em>Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak</em> liburua aurkeztu aurretik.
Iban Zaldua idazlea, atzo, Donostian, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak liburua aurkeztu aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko irailak 12
Aurreko liburua plazaratu eta gero —Inon ez, inoiz ez (2014)—, bai kritikak eta bai lagunek esan edo iradoki omen zioten ipuin luzeak nabarmentzen zirela, hori zuela nolabait segitu beharreko bidea. «Egiten dizkidaten aholkuei kasu ez egiteko joera dudanez, ipuin luzeak, laburrak eta tartekoak idatzi ditut oraingoan. Eta ez eroso nagoelako testu laburrekin, baizik eta niretzat erronka delako ahalik eta hitz gutxienekin errealitatearen hezurdurara jotzea; errealitatea hezurretan uzteko ahalegin bat da nire ipuingintza».

Azken lau urteetan idatzitako 32 ipuin bildu ditu Iban Zalduak Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak liburu plazaratu berrian (Elkar). Ibilbideko 11. ipuin liburua du, eta, besteak beste, bi liberazioren ondorio ere badira ipuinok. Narrazioen luzeraren ingurukoa da bata: «Zergatik ipuin luzeak? Zergatik nobela? Idatziko dut ateratzen zaidana eta ateratzen zaidan moduan». Zalduak literatura generoarekin loturikoa izan du bigarren lotsa-galtzea: «Nik joera bat izan dut, iragan bat daukat; zientzia fikzioaren fan baten iragana da. Hori geratu zait betirako markatua. Horrek lotsa ematen zidan lehen; gaur egun ez dit lotsarik ematen ia. Ez daukat lotsarik zientzia fikziozko ipuinak sartzeko ipuin ustez serioago edo errealistagoen ondoan».

Edonola ere, banaketari erreparatuta «inoizko libururik orekatuena» egin du Zalduak. «Nik uste dut lehen aldiz atera zaizkidala ipuin errealistak eta fantastikoak %50ean gutxi gorabehera». Ez da berria Zalduak ipuinari eta fikzioari dion txera, eta, are, haien aldeko aldarria. Liburua aurkeztearekin batera, ohikoak dituen manifestuetako bat zabaldu zuen atzo, zeinetan ipuina aiztoarekin alderatzen duen: «Poesia, beste hark esaten zuen bezala, mailua bazen, ipuinak aiztoak direla aldarrikatu nahi dut. Poesiak errealitatea kolpatu dezake, ez naiz ni kontrakoa esaten ausartuko, baina fikziozko narrazioek, ondo egiten badute beren lana, erditik moz dezakete errealitate hori bera, edo behintzat, albo batetik, azalaren —eta, batzuetan, are gantz ehunaren— azpian dagoena agerian utziz. Dotoreagoa da, maiz, mailu batek eragin ditzakeen koskorrak baino».

Fikzioaren onurak

Fikzioarekin errealitatearen arrakalak hobeto isla daitezkeela eta literaturarekin errealitatean aiztoa sar daitekeela, alegia. Eta izenburuak berak literaturaren ahalmen horri egiten dio erreferentzia. «Ipuin batzuetan, akaso ez guztietan, badaude errepikatzen diren zenbait egoera. Daude errebelatzen diren edo ez diren eta ondorioz pisu handia hartzen duten sekretuak». Eta izenburuak badauka beste zentzu orokorrago bat ere: «Nire ustez, fikzioaren bitartez adierazten ditugu hobekien eguneroko bizitzaren hizkuntzan kontatzen ausartzen ez garen gauzak, edo kontaketa autobiografikoan edo sare sozialetan, edo are, geure buruei kontatzen ez dizkiogun gauzak edo kontatu beharko ez genizkiokeenak... eta fikzioaren bidez, epifania txiki eta askotan mingarri horien bitartez, hobeto azaltzen direnak».

Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorearen hitzetan, «egunerokotasunari azpilak bilatzen» dizkioten kontakizunak dira liburukoak: «Fantasiari zirrikitu bat irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak... Fikzioaren festa bat, azken batean».

Ana Malagon idazle eta adiskidea ere izan zen atzo Donostian egindako aurkezpenean. Hark ere bat egiten du ipuinen ugaritasuna azpimarratzean. «Zaila da oso liburua zertaz den esatea, gauza asko baitira, Ibanen gauzak. Niretzat interesgarrienetakoa familiaren gaia da. Denok dakigu familia guztiak direla disfuntzionalak, baina ipuinotako familietan disfuntzio bereziak ageri dira... Alabek presentzia handia dute ipuinotan, eta sekretuak, misterioak oso modu aberatsean jorratzen ditu Ibanek».

Euskal gatazka edo Zalduak berak «gure Gauza» deitu izan duena ere ageri da. Honela azaltzen du Malagonek: «Ikuspegi desberdinak jorratzen ditu, eta euskal gatazkaren absurdoa erakusten du». Zalduak berak egiten du ñabardura: «Ez da Gauzari buruzko liburu bat, baina egia da bere agerpena duela, liburuko ipuinen herenek edo ukitzen dute gaia. Euskal gatazka bera baino gehiago da Gauzaren kontaketaren gaineko kontaketa edo gogoeta, errelatoa deitzen duten horren ingurukoa, alegia. Hor kokatuko nuke nire ahalegina».

Zalduak ohikoak ditu literaturaren edo metaliteraturaren inguruko gogoetak eta narrazioak. Oraingoan ere sarriak dira idazleen aipuak, literatur munduaren gogoetak. «Niri bizitzak bezainbat eragiten dit literaturak idazteko. Niretzat, literatura, zinema, artea... bizitza dira, eta horrek guztiak badu bere isla». Malagonek zehazten du kontua: «Jakina da Ibanek ni-aren literatura ez duela bereziki gustuko. Bere ipuinetan oso modu eraginkorrean banatzen ditu autorea eta obra».

Bizitzak bezainbat eragin dio Zalduari arteak. Aitor Arregi zinemagile (Moriarti etxea) eta Mondragon Unibertsitateko irakaslearentzat, Zalduaren ipuingintzak «asko dauka zinematografikotik», baina ez hark erabilitako irudien indarragatik, «baizik eta kontatzen denaren garapenagatik», besteak beste. «Badago Zalduaren narrazioetan zerbait oso erakargarria egiten zaidana, ia misteriotsua-edo. Denontzat identifikagarria den egoera batean sartzen du elementu bat estrainioa, eta badakizu mehatxu moduko bat dela, baina egiten du oso modu isilean, sotilean. Ezerosotasun bat sortzen du. Zinemagileok beti ibiltzen gara arrantzan material bila, eta Ibanen ipuinak beti dira egokiak esploratzeko».

Arregiri hain iruditu zaizkio egokiak Zalduaren ipuinak, ezen film labur bat prestatzen ari den bere aurreko liburuko Ama ipuina oinarritzat hartuta, Jose Mari Goenagarekin batera. Mateoren ama izango du izenburu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna