Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Distira lainopean

Woodsek irabazi du Espainiako Vueltako 17. etapa, Oizen gora iheskideak atzean utzita. Valverdek zortzi segundo kendu dizkio Simon Yatesi, eta Mas hirugarren jarri da

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 13
Bizkaiko Balkoiak balkoitik gutxi izan zuen atzo. Behe laino trinkoak inguruko paraje ederrak ezkutatu zituen. Edonola ere, lainopean argi printza ugari izan zen, Espainiako Vueltako 17. etapako amaiera ikusgarriari esker. Giro goibela txirrindularien jardunak eta zaleen berotasunak argitu zuten. Oso mamitsua izan zen etapa ehiztarien arteko borroka, baita oilarren dema ere. Izen propioak Michael Woods (Education First), Alejandro Valverde (Movistar) eta Enric Mas (Quick) izan ziren. Woodsek besoak altxatu zituen Oizko helmugan, eguneko ihesaldian sartu eta azken metroak herio batean eginda. Valverdek eta Masek, berriz, atzean utzi zuten Simon Yates (Mitchelton) liderra, eta zortzi segundo atera zizkioten.

Hori hala, Yatesek 25 segundora du orain Valverde, eta 1.22ra Mas. Quick Stepeko txirrindularia gora doa egunez egun, eta atzo hirugarren postura egin zuen jauzi. Izan ere, minutu baten aldea atera zion Steven Kruijswijki (Lotto- Jumbo). Herbeheretarrak erlojuaren kontrako saio paregabea osatu zuen herenegun, baina orduko esfortzuek ordaina ekarri zioten. Atzo ezin izan zion onenen erritmoari eutsi, Nairo Quintanari (Movistar) jazo bezalaxe. Kolonbiarra Oizko azken zatia igotzen hasi bezain fite gelditu zen atzean, eta Kruijswijkekin batera helmugaratu zen. Biek egin zuten bi postu atzera sailkapen nagusian: bosgarren dago orain Lotto-Jumbokoa, eta seigarren Movistarrekoa.

Haiek ez bezala, gozatu handia hartu zuen Woodsek Oizeko aldapa bortitzetan. Loria dastatzeko, ordea, beste 26 txirrindularirekin lehiatu behar izan zen. Etapa hasi eta berehala igo zuen tropelak hirugarren mailako Zugaztieta, eta bertan sortu zen ihesaldia. Zaldi on asko elkartu ziren, besteak beste, Vincenzo Nibali (Bahrain), Rafal Majka (Bora), Dylan Teuns (BMC), Alessandro De Marchi (BMC), Thomas de Gendt (Lotto Soudal), Ilnur Zakarin (Katuxa), David de la Cruz (Sky) eta, nola ez, Omar Fraile (Astana). Etapa begiz joa zuen santurtziarrak. Jonathan Castroviejo (Sky) izan zen ehiztari finez jositako tropela horretan sartu zen beste euskal ordezkaria.

Ihesaldian mehatxurik ez zuen sumatu Mitcheltonek, eta, hala, bidea egiteko baimena eman zion. Aldea handituz joan zen, 8.30era iritsi arte. 60 kilometro falta zirela, erritmoa estutzea deliberatu zuen liderraren taldeak, eta ezusteko laguntzaile bat izan zuen: Euskadi Murias. Euskal Herriko taldeak Hector Saez zuen aurrean, baina ez zion berme handirik eskaintzen. Jon Odriozola zuzendariak aitortu zuen hasierako asmoa ihesaldian Mikel Bizkarra sartzea zela. Nolanahi ere, tropel buruan jarri izana ez omen zen izan etapa garaipenari begira eginiko mugimendu bat. «Etxean gaudelako ari gara tiraka», esan zuen Odriozolak unean bertan.

Onenen multzoak abiada bizian igo zuen Bizkaiko Balkoia, eta abailan hasi zen aurrekoekiko aldea jaisten. Hori bai, iheslariak seguru ziren: 4.50eko errentarekin hasi ziren Urregarai igotzen, helmugatik 24 kilometrora. Eraso festa izan zen han eta Gontzegarainen, baina ez zen galbahe seriorik izan Oizko azken lau kilometroetara iritsi arte. Fraile aurrean ageri zen hasieran, baina ezin izan zien Woodsi, Majkari, Teunsi eta De la Cruzi jarraitu. Esprint estua izan zen haien artean. De la Cruz 1,4 kilometrora abiatu zen, Majka 700 metrora, eta Teuns 500era, baina Woodsen estutuak apurtu zuen soka.

Bilbaoren estutu gogorra

Troplean, triskantza eragin zuen Pello Bilbaok (Astana) Oizko lehen maldetan. Haren erritmoak jokoz kanpo utzi zituen, besteak beste, Rigoberto Uran (Education First), Thibaut Pinot (FDJ) eta Emanuel Buchmann (Bora). Bizi zihoan oilarren multzoa, eta Valverdek erasoa jo zuen hormigoiak asfaltoaren tokia hartu bezain laster. Haren mugimenduak Quintana taldekidearen ezina bistaratu zuen. Azkenean, Valverde eta Mas izan ziren indartsuenak sailkapen nagusiko ziklisten artean. Yates zortzi segundora sartu zen, eta Miguel Angel Lopez (Astana), hamarrera. Ion Izagirrek (Bahrain) 1.33 atera zion Pinoti, eta zazpigarren postua kendu.

Gaur, su etena izango da igotzaileen artean, 186 kilometroko etapa laua jokatuko baitute. Aspaldikoz, euren abiadura neurtzeko aukera izan dezakete esprinterrek.

"Ikus gaitzaten etorri gara"

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria