Ezustea saihestera

Igo berrien aurka izandako bolada txarrari irtenbide bat eman nahi dio Realak gaur, Huescan. Willian Jose deialdian da

Realeko jokalariak, Willian Jose zoriontzen, Eibarri gola sartu berritan. Min hartu zuen jokaldi horretan. J. ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iragan asteko partidak baino ikusmin txikiagoarekin, baina gaur ere partida du Realak. Gaurko norgehiagokak ez du zelai eraberriturik estreinatuko, ez da omenaldirik izango, eta aurkaria urrun dago Bartzelonaren distira izatetik. Halere, Huescan (Espainia) jokatu beharreko partidak baditu kontuan hartzeko zenbait alderdi. Lehen urtea dute espainiarrek Espainiako Lehen Mailan, eta halako aurkarien aurka kamuts dabil azkenaldian Reala. Igo berrien aurka jokatutako azken 23 partidetan hemezortzi puntu soilik lortu ditu, eta bolada txar hori irauli nahi dute gaur.

Batzuek eta besteek sasoi honetarako dituzten asmoak kontuan hartuta, Reala dairabazteko faboritoa, baina argi ibiltzea komeni zaie donostiarrei. Gorabeheratsu hasi du Huescak ibilbide berria, baina badaki min egiten. Horren adibide dira sasoi hasieran euskal taldeen aurka lortu dituen emaitzak; lehendabiziko jardunaldian, irabazi egin zion Eibarri (1-2), Ipuruan, eta Athleticekin bina egin zuen San Mamesen.

Horren jakitun da Asier Garitano Realeko entrenatzailea: «Kanpoan jokatuko dugu, eta haiek bigarrenez ariko dira etxean. Ezberdina izango da, baina Bartzelonaren aurkakoa bezain nekeza». Leganesen jokatu zutenaren «antzekoa» espero du partida Garitanok, eta ohartarazi du Huescak joko estiloa aldatu egin duela aurreko denboralditik hona: «Aurreko denboraldian, beste entrenatzaile bat zeukaten. Intentsitate handiko taldea da; abiadura handia dute».

Etxetik kanpora aurkariari erasoan min egitea garrantzitsua dela dio Garitanok, eta uste du horretarako gai izan direla orain arteko partidetan: «Orain artean, aukerak sortu ditugu, eta asmo berberarekin joango gara Huescara». Horretan lagundu dezake Willian Josek. Hiru astez min hartuta egon ostean, jokatzeko moduan dago aurrelaria, eta deialdian sartzea erabaki du entrenatzaile bergararrak. Halere, ez du ziurtatu gaur zelaian izango denik: «Konfiantzaz dago. Muga-mugan dago, baina sentipen onak ditu. Ona da taldeari lagundu diezaiokeen jokalari bat deialdian egotea; gaur ez bada, asteartean edo larunbatean jokatuko du».

Geronimo Rulli izango da, azken orduko okerrik ezean, zelaian izango den jokalarietako bat. Garitanok erabateko konfiantza agertu du atezain argentinarrarengan, eta zehaztu du hark jarraituko duela txuri-urdinen atea zaintzen: «Bi atezain handi ditugu. Ez nuke arazorik izango Gero [Rulli] kendu eta Miguel [Moya] jartzeko, lasai egongo nintzateke. Biak ikusten ditut lanean, eta hanka sartzea jokoaren parte da. Guztiok egiten ditugu hutsak».

Iragan asteko deialditik aldaketa nabarmenik ez du egin Garitanok. Andoni Gorosabel utzi du zerrendatik kanpo, eta, haren ordez, Robin Le Normand harrobiko erdiko atzelariari deitu dio Huescara joateko. Ez dago ziur Raul Navas jokatzeko moduan egongo ote den, aita izateko zorian baita, eta badaezpadako erabakia hartu du prestatzaileak.

Azken jardunaldian, Huescak galdu egin zuen etxean, Rayo Vallecanoren aurka (1-0), eta aurrez zortzi gol sartu zizkion Bartzelonak: gol gehien jaso duen taldea da. Bi taldeen arteko aurrekariak ere ez dira txarrak Realarentzat; bi aldiz aritu da Alcorazen, artean Bigarren Mailan zegoela, eta ez du partidarik galdu. Garaipena erdietsi zuen estreinakoan (2-0), eta berdindu egin zuen bigarrenean (1-1). Lehendabiziko partidakoa berriz lortu eta hiru puntuekin itzuli nahi dute txuri-urdinek. Horretarako, 300 bat zaleren babesa izango dute.

HUESCA-REALA

Huesca. Werner; Miramon, Pulido, Semedo, Luisinho; Musto,

Aguilera; Gallar, Melero, Ferreiro; eta Cucho Hernandez.

Reala. Rulli; Zaldua, Aritz Elustondo, Hector Moreno, Theo; Pardo, Illarramendi, Zubeldia, Merino; Oiartzabal eta Willian Jose.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Alcoraz (7.638 ikusle).

Ordua. 21:00 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.