Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Ispilu aurrean, norberaren bila

Carlos Vermutek 'Quién te cantará' aurkeztu du Urrezko Maskorrerako lehiara. Melodramara jo du zinemagile espainiarrak oraingoan, eta lau emakume protagonista dituen kontakizuna ondu du
Carlos Vermut —erdian—, Eva Llorach, Natalia de Molina, Najwa Nimri eta Carme Elias aktoreekin, atzo, Donostian.
Carlos Vermut —erdian—, Eva Llorach, Natalia de Molina, Najwa Nimri eta Carme Elias aktoreekin, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko irailak 27
Orain dela lau urteko Donostiako Zinemaldian, sari bikoitza eskuratu zuen Carlos Vermut zinemagile espainiarrak: Magical Girl bigarren lan luzearekin, film onenaren Urrezko Maskorra eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zituen. Hala, ikusmina zegoen haren pelikula berriarekin, Quién te cantará lanarekin. Presioa sentitzekotan gidoia idaztean sentitu zuela adierazi zuen zuzendariak atzo, lana Sail Ofizialeko lehian aurkeztu berritan. Edonola ere, bai publikoaren bai kritikaren aldetik izan zuen harrera ona ikusita, aurreikuspenak bete dituela esan daiteke. Melodrama bat sortu du oraingoan, lau emakumezko protagonista dituena.

Lila Cassen (Najwa Nimri) musikari ezagun bat da, baina hamar urte daramatza jendaurrean kantatu gabe. Oholtzetara itzultzekotan denean, memoria galduko du istripu baten erruz. Berrosatzen eta bere ibilbideari berriro ekiten laguntzen ahaleginduko da haren agentea (Carme Elias), eta, horretarako, Violeta (Eva Llorach) kontratatuko du. Cassenen zale amorratua da, eta karaoke batean egiten du lan, hura imitatzen; alaba gatazkatsu baten (Natalia de Molina) ama ere bada. Bere kantuak kantatzen eta bere mugitzeko era berreskuratzen irakatsiko dio horrek, edo, azken batean, berriro ere Lila Cassen izaten. Ispilu joko bat proposatuko du Vermutek, bi pertsonaiek emakume bera irudikatzeraino.

Identitateaz, norbera denaz eta izan nahiko lukeenaz, imitazioaz, amatasunaz eta beste hainbat auziri buruz hitz egiten du Vermuten filmak. Zuzendariak adierazi zuenez, bere hurrengo filma zein izango zen pentsatzen hasi zenean, terrorezko lan bat ontzea izan zuen buruan. «Mamuen inguruko zerbait egin nahi nuen, besteren identitateak lapurtzeari buruz, edo emakume bat beste baten arimaz jabetzeari buruz. Aldi berean, musika asko entzuten genuen elkarrizketa horietan. Gauza batek ez zuen bestearekin loturarik, baina gero gauzek bere garapena dute, idazketak ere bai, eta, azkenean, mamuen film bat izan behar zuena hau bilakatu zen».

Vermuten unibertsoan

Musikak garratzi handia du filmean —izenburua Mocedades taldearen kantuak ematen dio—. Alberto Iglesiasek landu du, baina Nimriren hainbat abesti ere lanerako baliatu ditu Vermutek —musikaria ere bada—. Nimrik berak azaldu zuenez, zuzendariak bere lau kantu hartu zituen, bere ahotsa kendu, eta, ondoren, Llorachek interpretatzeko. «Gu bion artean entsegu epe luze bat izan genuen, non jada nireak ez ziren kantu horiek kantatu eta dantzatu behar genituen biok, elkar mimetizatzeko. Hori izan zen zailena niretzat; guztiaz desjabetu, eta gure artean sinkronizatzea». Oso esperientzia «indartsua» izan zela gehitu zuen, bere aktore bizitzako «bidaiarik heavyena». Bat etorri zen Llorach —Diamond Flash (2011) Vermuten lehen filmean ere Violeta izeneko beste pertsonaia bat antzeztu zuen—. «'Zergatik dantzarazten gaitu hainbeste?', galdetzen genion geure buruari, zeren bi aste eman genituen koreografiekin. Baina egia da horrek gure artean lotura berezi bat sorrarazi zuela, hitzez edo entseatuz sortu ezin dena. Bakoitzak bere pertsonaia bere erara landu zuen, baina oso era bitxia izan zen guk elkar ezagutu eta konektatzeko».

Biek nabarmendu zuten aktoreak zuzentzeko modu oso berezia duela Vermutek, baita Eliasek eta De Molinak ere; bere unibertsoan sartzen dituela eta oso zehatza dela. Llorach: «Oso argi du zer nahi duen, eta ez da gutxiagorekin inoiz konformatzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna