Tradizioen artean lotura bila

Sanchez-Ubiria bildumako 'Ideia zeinu batean' erakusketa zabaldu dute Kubo aretoan. Afrikako arte tradizionalaren eta Mendebaldeko arte garaikidearen arteko elkarrizketa proposatzen dute artelanek
Ezkerretik eskuinera, Margarita Sanchez bildumagilea, Ane Abalde aretoko zuzendaria eta Alejandro Castañeda erakusketaren komisarioa.
Ezkerretik eskuinera, Margarita Sanchez bildumagilea, Ane Abalde aretoko zuzendaria eta Alejandro Castañeda erakusketaren komisarioa. JON URBE / FOKU

Andoni Imaz -

2018ko urriak 20
Afrikako arte tradizionalaren eta Mendebaldeko arte garaikidearen artean sortutako «ustezko harreman historikoa elkartzeko» saiakera proposatzen du Ideia zeinu batean erakusketak, Alejandro Castañeda komisarioaren hitzetan. Gaur zabaldu dute Sanchez-Ubiria bildumako erakusketa, Kutxaren Donostiako Kubo aretoan, eta hiru hilabetez egongo da ikusgai, 2019ko urtarrilaren 20ra arte.

Claude Levi-Straussen Pentsaera basatia (1962) liburuko aipu batetik hartua da izenburua. Hain zuzen, antropologo frantziarrak Afrikako arteak Mendebaldekoarekin dituen antzekotasunez gogoeta egiten du liburuan. Gogoetari beste ikuspegi batzuk eranstea izan da, ordea, erakusketaren sortzaileen helburua.

Margarita Sanchez eta Sebastian Ubiria senar-emazteena da bilduma. Afrikako arte tradizionaleko lanak erosten hasi ziren 80ko hamarkadan, eta arte garaikidekoak eskuratzeari ekin zioten 90eko hamarkadaren erdialdean. Gaur egun, 500 artelan inguru dituzte. Horietatik 170 daude ikusgai Ideia zeinu batean erakusketan: Afrikako arte tradizionaleko 93 eta Mendebaldeko arte garaikideko 77.

Elkarrekin hasitako bidea bakarrik aurkeztu behar izan du Sanchezek, senarra duela lau urte hil baitzen. Gaztetan, lagun artistekin hasi zen Sanchez arte galerietara eta museoetara joaten, eta, garaiko abangoardiez hitz egiten zutenean, nabarmena zen Afrikako artearekin zegoen miresmena. Berak ere interes berezia zuen hango artearekin, eta gazte hasi zen artelanak erosten.

«Erakusketetan norberaren izaeraren proiekzioa» dagoela baieztatu dute Sanchezek berak zein Castañeda komisarioak, baina bi izaera daude haien kasuan, eta «nabari da hori, nahiz eta badauden loturak ere». Sanchezek pasio handiz egin du lan: «Senarra arrazionalagoa zen, sosegua ematen zidan, begirada kritikoagoa zuen, ez horren grinatsua».

Sanchez bera, berriz, bildumagile «konpultsiboa» izan da beti. Nahiz eta berebiziko interesa izan duen Afrikako arte tradizionalean, han sekula ez du ezer erosi. Egin izan ditu bidaiak, eta ikusi gauzak, baina arte galerietan eta enkantean erosi izan du beti. Belgikan eta Parisen erostea oso garestia zen, ordea, eta New Yorkera joaten zen sarri artelan bila. Erositakoa egiazkoa ala faltsifikazioa zen egiaztatzean iritsi zitzaion sorpresa: guztiak ziren faltsuak, Belgikako bi eta Parisko bat izan ezik.

Harremanekin kritiko

Castañeda komisarioak XX. mende hasieran jarri zuen Mendebaldeko artearen eta Afrikakoaren arteko lotura. Tradizioa hautsi nahi zuten abangoardiek harreman bat eratu zuten bien artean, «kointzidentzia formalekin soilik». Museo etnografikoetan zeuden piezek artelanen balioa hartu zuten hala. «Abangoardistek tradizio eurozentrikotik urrundu nahi zuten, baina urruntze horrekin beste tradizio bat sortu zuten», Castañedaren hitzetan.

XX. mendetik hona ezarri den harremana batez ere «unibertsaltasunaren, eternitatearen eta autonomiaren» inguruan egin dela dio Castañedak. Alde horretatik, erakusketak ikuspegi kritikoa erakutsi nahi izan du: «Egin diren harremanetan, alde batera utzi da Afrikako lanen berezko izaera, eta alde batera utzi dira ezaugarri sinkretikoak zituzten lanak, ez zetozelako bat Europako politika kolonialekin». Artelanen jatorria, historia eta berezko erabilera errespetatu beharra azpimarratu du komisarioak. Orain arte egin denaren berrikuspena egin dute: «Beharrezkoa da diskurtso paralelo bat izatea, teoria dekolonialetik testuingurua emateko narratibari, eta ahaztuta utzi den hori berreskuratzeko». Nabarmentzekoa da Mendebaldeko arteak egile jakin batzuen lana erakusten duela —hala nola Jorge Macchi, Kader Attia eta Joseph Beuysena—, eta Afrikakoa, berriz, kulturen mendeetako erakusgaia dela —hala nola Nok, Djenne eta Bakongo kulturena—.

Sei eremutan banatu dute erakusketa. Lehen bi aretoetan, bricoleur kontzeptuari eman diote garrantzia. Artista pentsamendu basatitik hurbilago ageri da, zientifikotik baino.

Hirugarren eremuan, sortzaile garaikideek arte primitiboan aurkitutako beste ideia bati heldu diote, jeinuari edo sorkuntzaren benetakotasunari. Artista xaman moduan ageri da, eta erritualek dute garrantzia. Laugarrenak fetitxismoa du ardatz, eta Bruce Neumanen bideo batek argi egiten die Afrikako hainbat fetitxeri.

Bosgarren aretoa «bitxikerien gela» da, eta hainbat tokitako objektu exotikoak bildu dituzte. Seigarren eta azken eremuan, artearen historiako gai unibertsal bat da protagonista: gorputza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna