Bezpera gosez

Idurre Eskisabelek bere lehen poesia liburua plazaratu du, 'Goseak janak'. Inozentziaren galera eta nortasunaren eraikuntza ditu ardatz, eta gorputza jarri du erdigunean

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Urteetan jardun du idazketa lanetan Idurre Eskisabel Larrañagak (Beasain, Gipuzkoa, 1970). Bereziki kazetaritzan aritu izan da, «beti arrazoiketatik, argudiotik». Baina aspalditik bestelakoak ere idatzi izan dituela azaldu du, agian «jardun hain arrazoitu, hain koherente izan nahi duen hori konpentsatzeko». Halakoetan, poesiara jo izan du beti, artikulugintzak edo akademiak eskatzen duten egitura «zurrun» horretatik gehien aldentzen den bidea delakoan. Isilpeko jardun hori argitara ematea erabaki du orain, eta azaldu du bere arrazoia: «Batez ere neure buruari eskaini nahi izan diodalako plazan libreago izateko modu bat eta, plazari, ni libreago bat hartzekoa ere». Hala, Goseak janak izenburupean, bere lehen poesia liburua plazaratu du, Susa argitaletxearekin. Bere barne kezkak, pozak, minak, ezinak eta grinak izan ditu poemak idazteko osagai, eta gorputza jarri du erdigunean.

Inozentziaren galera eta nortasunaren eraikuntza dira liburuaren ardatzak, Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak azaldu duenez. «Hain zuzen, ni poetikoaren ibilbidea irakurriko dugu, inozentziaren galeratik, hau da, haurtzaroa atzean uzten denetik helduarora arte». Ibilbide horretan, besteak beste, «nor izateak dakartzan funtsezko galderak, ekinak, jarrerak, begiratzeko erak, errotze berriak eta deserrotze eta gabetze minberak» azalduko dira, eta, editorearen hitzetan, gorputzak leku nabarmena hartuko du. Liburua zeharkatzen duena «ni indartsu bat» dela zehaztu du, baina ni hori kolektiboa ere izan daitekeela. «Liburua ni poetiko horren ahalduntze esperientzia baten gisan ere irakur daiteke».

Liburuan oso presente dauden bi kontzeptu azaldu ditu Eskisabelek. Bezpera da bata, lehen poeman bertan agertzen dena «bezperaren bilaketa nahi bat, bezpera min bat» bezala. Zeren mina, ordea? «Funtsean, haurtzaro mina da. Nigan oso presente dago haurtzaro min hori, inozentziaren galera den heinean», azaldu du. Eta zehatzago: «Besteak eta mundua begi garbiz eta aurrejuzgurik gabe ikusteko gaitasun horren galeraren mina: harritzeko gaitasuna, ikastekoa, sortzekoa, ekitekoa». Ikuspuntu intimo batetik ez ezik, inozentziaren galeraren min horri kolektiboki, are politikoki begiratzen dio egileak, gaur egungo jendearen ezaugarrietako bat dela iritzita. «Inozentzia galtze horrekin lotuko nuke mundua antolatzeko eredu berriak sortzeko dugun falta, utopia berriak fabrikatzekoa». Baina bezpera-ren beste adiera bat ere agertzen da poemetan, egungo jendearen beste ezaugarrietako bat dena, egilearen iritziz: «Bezpera gose garen jendea izateak ere ezaugarritzen gaitu. Hau da, etengabe esperientzia berriak erosten, baina oso galgarri zaizkigunak, berehala eskuetatik alde egiten digutenak eta, gainera, segituan aspertzen gaituztenak. Beti gaude bezpera berrien zain, baina ezertan mamitzeko ezgai».

Aurrekoari lotuta, gosea da liburuko beste kontzeptu nagusietako bat, bezpera-k bezala, adiera bikoitza duena. «Batetik, badago gosea bizi bulkada oinarrizkoenaren pare; zerbaitek bizi bagaitu gizaki guztiok, ziur aski gose sentsazioa da: hor dago edozein bizi gogoren oinarrizko alea». Baina bizi emaile den hein berean, neurriak ere badituela uste du Eskisabelek. «Gaur egungo jendea bezpera gose eta goseti handiak garelakoan nago. Egungo gosea hain da esajeratua, zenbat eta gehiago eman jaten orduan eta gehiago hazten baita, azkenean gu geu jateraino, azkenean antropofago ez ezik autofago eta mundufago ere egiteraino gutako bakoitza». Alde horretatik, Goseak janak izenburuak gaur egungo jendea adierazten duela esan du egileak.

Eta kontzeptu horien artean, liburuan barrena «hor dabil, bizi nahian, ni poetiko bat», azaldu du Eskisabelek. Ni horrek, bizitzaz ari den neurrian, etengabe besteak topatzen dituela gehitu du, eta, hala, poemetan agertzen direla adiskidetasuna, maitasuna, bat egitea, ulertezintasuna,amorrua, bakardadea... «Presente daude ni-a eta besteak, eta presente besteen eragina ni-a osatzeko. Bi plano horiek tentsio batean agertzen dira etengabe». Eta bereziki presente, idazlearen ustez, gorputza dago liburuan, «eraikitzen eta deseraikitzen doan ni hori emakumezkoa delako, eta hor gorpuztasunak garrantzi berezia hartzen duelako».

Azken batean, poema bildumatik zerbait ondoriozta badaiteke, Eskisabelen ustez, zera da: «Bizitzan aurrera egitea da haurtzaro min primigenio hori arintzeko bide bakarra. Bizitzan aurrera egitea eta naturari erreparatzea, humanoz gaindikoari, bizitzaren dimentsio osoaz jabetzeko; hor ez bada, beste inon ez baitugu aurkituko geure gose autofagozitatzailea asetzeko modurik».

Fisikoa, organikoa

Lopez Ziluagaren ustez, liburuari batasuna ematen dio hainbat irudi errepikatzeak: bezpera, gosea, lurra, txakur amorratua, inurri suizidak, oka egitea, begirik gabeko txorikumeak, zomorroak... Lurrari lotutakoak dira horietako asko, eta gorputz isuriei dagozkienak ere badira: odola, izerdia, listua, zornea, hazia... «Badago zerbait oso fisikoa liburuan, organikoa ere esango nuke, lurrarekin, gorputzarekin lotutakoa». Eta azken poemako azken lerroak ekarri ditu gogora editoreak, liburuari buruz «asko» esaten dutela iritzita: «Batzuetan,/ bizitza/ gorpuztu egiten zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.